Eusko Jaurlaritzak lan-eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrarekin hartua duen konpromisoa berretsi du

2019.eko otsailak 19

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondoren izan ohi den prentsaurrekoan.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Deklarazio Instituzional bat onetsi du gaur Gobernu Kontseiluak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrarekin hartua duen konpromisoa berresteko, baita lan-eremuan ere.

Erkorekak gogora ekarri duenez, datorren ostiralean, otsailaren 22an, Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Europako Eguna ospatzen da, eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak lanean diharduela soldata-desberdintasunaren arazoari erantzun integral bat emateko. Zentzu horretan, azaldu duenez, soldata-arraila da, ordainsariei dagokienez, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun estrukturalaren arazoaren erakusgarrietako bat. “Lan-merkatuan emakumeengan eragina duten diskriminazioa eta desberdintasunak islatzen ditu; arraila horrek birsortu eta iraunarazi egiten ditu emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak gure gizartean”, zehaztu du.

Sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak bere egiten du soldata-arraila ezabatzen laguntzeko erantzukizun instituzionala. “Jabetzen gara arazo konplexu bat dela eta dimentsio anitzetatik heldu behar zaiola. Horregatik lan egiten dugu eragile inplikatu guztiekin koordinazioan”, gaineratu du. Gainera, Gobernuko bozeramaileak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da 2030ean Euskadi kokatzea soldata-desberdintasun gutxiena duten Europako bost herrialdeen artean. “Gizonen eta emakumeen arteko soldata-berdintasunerantz aurrera egitea, justiziako helburu bat izateaz gain, onuragarria da gizarte osoarentzat”, zehaztu du.

LEP OSAKIDETZA

Erkoreka sailburuak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du fiskaltzatik ohartarazpenik jaso Osakidetzako LEPari buruz. Testuinguru horretan, Erkorekak azpimarratu duenez, ez du batere zentzurik Osasuneko sailburuaren dimisioa eskatzeak lankidetzazko jarrera erabatekoa eta etengabea erakutsi duelako justiziarekiko. “Irmoa eta publikoa da bukaeraraino iristeko bere erabakitasuna”, zehaztu du.

Gainera, sailburuak azaldu duenez, LEPerako 86 tribunal eratu ziren, 1.250 langile espezializatuk eta adituk osatuak, eta guztiek sinatu zituzten konfidentzialtasun-kontratuak eta klausulak. “Erakunde batek ezin du jakin, a priori, norbaitek konfiantza urratuko duenik”, adierazi du.

TRANSFERENTZIAK

Egiteko dauden transferentziei eta Espainiako Gobernuko Presidenteak deitutako hauteskunde aurreratuek horien gainean izan ditzaketen ondorioei dagokienez, sailburuak azaldu duenez, Gobernu zentralak eutsi egiten dio transferentziei dagokien lan-plana irmo mantentzeko borondateari hauteskundeen egunera arte. Erkorekak adierazi duenez, transferentzien lehenengo blokea, lan-planaren arabera, une honetatik apirilera arte gauzatzea aurreikusita dago, beraz, behar adina denbora material dago lehenengo blokeari gehitutako gaiei heltzeko. “Exekutiboak bere ahalmen osoak erabiliz jarraitzen du hauteskundeen egunera arte; hortaz, ezerk ez du eragozten lehenengo blokean konprometitutako transferentziak gauzatzea”, gaineratu du.

Bestalde, Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Zentralak konpromisoa hartu du lehenengo blokeari dagozkion bost gaiak, falta zirenak, aste honetan bertan igortzeko. Gainera, jakinarazi duenez, Gobernu Zentralak jaso ditu lehenengo bi transferentzien inguruan Eusko Jaurlaritzak egin zituen alegazioak, eta prest dago elkarrizketarako, akordio batera iristeko.

Gai ordena

Prentsa-txostena