Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren presentzia aztertu du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egin den Parez Pare jardunaldiak

2019.eko apirilak 11

Jardunaldian fenomeno horren zenbait alderdi aztertu dira

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 11.

Azken urteotan Euskal Autonomia Erkidegoan ezaugarri espezifikoak dituen eta tratamendu bereizia eskatzen duen kolektibo bat agertu da: bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrak (MENA). Kolektibo hori ez da talde homogeneoa, motibazioei eta egoerari dagokionez. Hori dela eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Parez Pare jardunaldiek gai horren inguruko lan-saioa antolatu dute ‘MENA gehiago: bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrak. Biktimak edo gaizkileak?’ izenburupean.

 

Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak aurkeztu du gaur jardunaldia, eta bertan bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren gaia ikuspuntu juridikotik jorratu da, “horien egoera konplexua da, bi baldintza hauen ondorioz: immigratzaile irregularrak dira, horren ondoriozko eskubideen murrizketarekin, eta adingabeak dira, horrek bermatzen dien babesarekin, nahiz eta ez datorren bat beraiek nahi edo behar duten laguntzarekin”.

 

Arruabarrenak nabarmendu du jardunaldiaren helburuak izan direla “Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren egoera aztertzea, kontuan hartuta fenomenoaren errealitatea zein gizarte-pertzepzioa, eta arlo horretako garrantzi handiko alderdiez eztabaidatzea, hala nola adinez nagusiak direnean plantea daitekeen egoera-aldaketa”.

 

Lehen mahai-inguruan Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren egoerarako hurbilketa egin da. Aintzat hartu dira fenomeno horren inguruko kopuruak eta gizarte-pertzepzioa. Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuko diputatuak aurkeztu du txostena. Mahai-inguru horretan, Immigrazioaren Euskal Behatokiko (Ikuspegi) zuzendari Gorka Moreno UPV/EHUko irakasleak ere parte hartu du, eta azaldu du zer gertatzen den bidaiderik gabeko adingabe atzerritar horiek adinez nagusiak direnean.

 

Bigarren mahai-ingurua bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren inguruko problematikak aztertu dira, eta problematika horietarako balizko erantzun batzuk eman dira aditzera. Kriminologiaren Euskal Institutuko (UPV/EHU) ikertzaile Estefanía Ocariz psikologoak azaldu du bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrak zer egoeratan dauden babes-zerbitzuei dagokienez, eta zer neurri hartu behar diren adingabe problematikoentzat edo arrisku-egoeran dauden adingabeentzat. Azken txostena Diego Gutiérrez Gipuzkoako Auzitegiko adingabeen fiskalak aurkeztu du, eta bertan bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrek egindako delituak eta sistema judizialaren erantzuna azaldu du.

 

Laura Pego Kriminologiaren Euskal Institutuko juristak, kriminologoak eta ikertzaileak moderatu ditu bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren edo haien gaineko erantzukizunik ez duten helduekin dauden adingabe atzerritarren fenomenoarekin lotzen diren alderdiak diziplina arteko ikuspegitik jorratu dituzten bi mahai-inguruak.