Euskadiko Zibersegurtasun ekosistemak agerian utzi du bere ahalmena RSA Ekitaldian San Frantziskon (Estatu Batuak)

RSA Conference Jardunaldia Estatu Batuetan

2019.eko martxoak 19

  • «Basque Country: Land of Cyber Opportunities» lelopean, Euskadi zibersegurtasun sektorean ekintzailetzarako toki aproposa dela erakutsi da.

 

  • Zibersegurtasuneko Euskal Zentroarekin (BCSC) batera, zibersegurtasunari buruzko 12 elkarte eta 2 teknologi zentro hurbildu dira ekitaldira beren ahalmenak erakustera.

 

  • Enigmedia euskal enpresak hirugarren saria eskuratu zuen Maryland Baltimore County Unibertsitateak antolatutako International Pitch Competition lehiaketan

 

Euskadiko zibersegurtasun ekosistemak bere gaitasuna erakutsi du RSA Conference jardunaldian, San Frantziskon (Estatu Batuak) urtero egiten den zibersegurtasunari buruzko munduko ekitaldi garrantzitsuenean. Ekitaldian zehar, BCSCk eta zibersegurtasun arloko Euskadiko hainbat enpresak jardunaldi bat antolatu dute, ikusgarri egiteko Euskadiko zibersegurtasun-ekosistemaren igurikapen bikainak eta bere heldutasuna. Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapia ere presente egon da jardunaldian.

«Basque Country: Land of Cyber Opportunities» lelopean, agerian utzi da Euskadi toki aproposa dela zibersegurtasun sektoreko ekintzailetzarako, industria-ekosistema indartsua dugulako eta Eusko Jaurlaritzak beren babesa eman dielako balio teknologiko handiko ekimen berriei.

Joan den martxoaren 5eko (asteartean) jardunaldiak elkarrekin bildu zituen Asiatik (Japonia, Taiwan, Arabiar Emirerri Batuak, Qatar eta Israel), Ipar Amerikatik (Estatu Batuak eta Mexiko) eta Europako 8 Estatutatik etorritako ordezkariak. Aipatzekoa da pertsona hauen parte-hartzea: S4ren sortzaile Dale Peterson-ena -munduko ICS (Industrial Control System) zibersegurtasun ekitaldirik garrantzitsuena eta aurreratuena da S4-; RSAko hainbat konferentziatako hizlari eta 1991n RSA Conference sortu zuen konpainiako zuzendari Riaz Zolfonoon-ena; eta Gartner Group enpresan azpiegituretarako CIBER ikerketako zuzendari den Gorka Sadowski-rena.

BCSCren zuzendari Javier Diéguezek hasiera eman dio ekitaldiari. Hasierako panelean, aurretik aipatutako hiru hizlariek eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Arantxa Tapiak, parte hartu dute.

Panel horretan, jarraian, Panda Securityk, Hdiv Securityk, SealPath-ek, CounterCraft-ek, Redborder-ek, Enigmediak eta Alias Robotics-ek ere esku hartu dute. Izan ere, enpresa horiek guztiak profil teknologiko disruptiboa dute, eta Euskadiko zibersegurtasun ekosistemaren ahalmena aipatu dute, adibide gisa. Horiez gain, beren babesa eman zioten ekitaldiari zibersegurtasun arloko beste bost euskal hornitzailek (S21sec, Entelgy Innotec, Ingecom, Ironchip eta PwC), bi teknologi zentrok (BCAM eta Innovalia), eta baita ere Iberdrola elektrizitate enpresak.

Hain zuzen, biharamunean, asteazkenean, Enigmedia euskal enpresak hirugarren saria lortu zuen Bwtech@UMBC-ek (University of Maryland Baltimore County) antolatutako International Pitch Competition lehiaketan, Israel, Suedia eta Australia bezalako herrialdeetako lehiakideen aurka lehiatu zelarik. Orobat aipatzekoa da beste euskal enpresa bat ere sartu zela finalean: Alias Robotics. BCSC urte hasieratik ari zen biekin lanean.

 

Euskadi, ekintzailetzaren buru zibersegurtasunari dagokionez

Euskadiko zibersegurtasun merkatuari nazioarteko ikusgarritasuna emateko BCSCren estrategiak fruituak ematen jarraitzen du, urte honetako hasieran erakutsi zuen legez. Izan ere, zentroaren zuzendari Javier Diéguez bigarren lantaldearen zuzendarikide izendatu zuen Europako elkarte ECSOk. Izendapen horri esker, Euskadik nabarmentasuna lortu zuen nazioarteko mailan, inbertsiogileak erakartzeko interes foku gisa lekua hartze aldera. Hala, erakutsi da Euskadi eskualde aproposa dela sektore horri lotutako enpresak ezartzeko, non industria-ekosistema indartsuak aukera berriak sortzen laguntzen baitu.

Aurreko urtearen amaieran, «Euskadiko zibersegurtasunaren liburu zuria» argitaratu zen, alegia, zibersegurtasunari lotutako eta Euskadin egoitza duten 100 elkarte baino gehiago jasotzen dituen katalogoa. Hala, agerian utzi zen gaur egungo ahalmena, bai eta negozio-aukerak ere.

Halaber, aipatu behar dira Eusko Jaurlaritzak bultzatutako beste hainbat ekimen, hala nola, BIND 4.0 programaren hirugarren edizioa  -programa hori startup direlakoek eta nazioartean nagusiak diren enpresek bultzatutako proiektu teknologiko berrien garapenari dago lotuta-, Basque Digital Innovation Hub zibersegurtasunerako gunea -azken hori BCSCk egin du, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko kideekin batera- edo Zibersegurtasun Industrialerako Laguntza Programa, zeinak milioi bat eurotik gora banatu baitzituen 102 manufaktura enpresaren artean.