Euskadiko Justizia Leheneratzaileko Zerbitzua Europako Kontseiluaren gomendioarekin guztiz bat dator

2019.eko ekainak 05

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak Justizia Leheneratzailearen I. Sinposioa inauguratu du. Sinposioak, gaur eta bihar, Bilbon, Europa osoko justizia leheneratzailearen inguruko bostehun bat bideratzaile eta aditu batuko ditu, “Zigor-arloko Bitartekaritzatik Justizia Leheneratzailera. Politikak eta Praktikak Trantsizioan” izenburupean.

San José sailburuak honako hau nabarmendu du: nolako garrantzia duen Eusko Jaurlaritza Europan pasa den urriaren 3an EBko Ministroen Batzordeak onetsitako gomendioa aintzat hartzen duen lehen administrazio publikoa izatea. Gomendio horren bidez, estatu kide guztiak eta agintari judizial eta erakunde publiko guztiak animatzen ditu justizia leheneratzailea erabiltzera eta eredu leheneratzaile berritzaileak garatzera.

“Justizia Leheneratzaileko Zerbitzu berria –esan du– guztiz bat dator Europako Kontseiluaren gomendioarekin eta operadore juridikoekin elkarlanean jarduteko asmoarekin, aldeen eskubide besterenezinak bermatzeko beharrezkoak direla aintzat hartuta. Beraiek zehaztuko dute zer esparrutan sartu behar den prozesu eta akordio leheneratzailea, delituaren larritasun-mailaren ikuspegitik duen garrantzia eta zer prozedura-fasetan aplikatuko den”.

Justizia leheneratzailearen ezaugarrietako bat da biktima justizia-sistemaren ekintzaren erdigunean jartzen dela eta, horrela, lege-terminoetan eta termino moral eta emozionaletan onbideratzeko bide ematen dela. Gainera, San José sailburuaren hitzen arabera, Euskadiko Justizia Leheneratzaileko Zerbitzu berria abian jartzeak beste jarduketa batzuk abiaraztea ere eskatzen du, besteak beste: parte hartzen duten operadore guztien etengabeko prestakuntza, justiziarekiko beste lankidetza-zerbitzu batzuk kudeatzen dituzten pertsonena barne –esaterako, Biktimari Arreta emateko Zerbitzua eta Zehapenak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua–. “Badakit nolako erronka dakarren Justizia Leheneratzaileko Zerbitzua martxan jartzeak, baina ziur nago aitzindariak izaten ari garela abentura erakargarrian, eta emaitza onak ekarriko dituela ere ziur nago”.

Inaugurazio-ekitaldia Deustuko Unibertsitateko entzungelan izan da eta, bertan, Gema Tomás Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoak, Concha Sáez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokalak, Carmen Adán Euskadiko fiskal nagusiak, Luis Angel Garrido Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuak eta Edit Törzs Justizia Leheneratzailearen Europako Funtseko (EFRJ) zuzendariak ere parte hartu dute.

Sinposioa Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak antolatu du, Deustuko Unibertsitatearekin eta Justizia Leheneratzailearen Europako Funtsarekin (EFRJ) batera. Sinposioa nagusiki praktikoa eta parte hartzekoa izango da, Europa osoko justizia leheneratzaileko berrehun aditu baino gehiagoren esperientziak eta praktikak partekatzeko.

Gaurko jardunaldian, Proyecto 43-2 antzerki-konpainiaren “La mirada del otro” antzezlana izango da; hura ETAko presoen eta banda terroristaren biktimen artean Langraizko espetxean izan ziren topaketa leheneratzaileetan oinarritzen da. 20:30ean izango da, Azkuna Zentroan.