Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak Guardian eta Donostian eskainiko ditu kontzertuak egunotan
2019.eko apirilak 25
- EIJOk aurten joko duen errepertorioak euskal musika tresnak txertatzen ditu: alboka, txistua eta trikitia
Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra – EIJO osatzen duten musikari gazteei iritsi zaie talentua erakusteko unea. Joan zen martxoan egindako entseguen ondotik, eta Aste Santuko opor hauetan Bilbon egiten ari diren egonaldi eta kontzentrazioa burutu ostean, jazz orkestra gazteak datozen egunotan eskainiko ditu kontzertuak. Euskadiko musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleek bihar arratsaldez joko dute Guardiako (Arabako Errioxa) Plaza Nagusian, eta larunbat eguerdian berriz, Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan.
Aurten EIJOk dakarren errepertorioaren ezaugarri nagusia honako hau da: euskal musika tresnak txertatuko dituela jazz bandan: alboka, trikitia eta txistua. Carlos Sagi konposatzaileak (2018ko EIJOren konposatzaile egoiliarrak) horretarako egin dituen moldaketak estreinatuko dira aipaturiko kontzertuetan. Roberto Pachecok jarraituko du zuzendari lanetan.
Zer da EIJO?
Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra – EIJO, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatu eta 2014-2015 ikasturtean sorturiko hezkuntza-proiektua da. Euskadiko Musika Eskola eta Kontserbatorioetan musika-prestakuntza jasotzen ari diren 14 eta 19 urte bitarteko ikasleak biltzen ditu. Proiektuaren helburua da, gazte horien artean musika modernoa sustatzea eta lantzea, jazz bertsioan. EIJOren oinarrizko taldea Jazz Big-Band bati dagokiona da, 25 ikasle ingururekin, haize-egur, haize-metal eta perkusio instrumentuekin. Bandako kideak urtero berritzen dira, sarrera probak gainditzen dituzten gazteekin.
Kontzertu-egitaraua:
(Konposizioak eta egileak)
TUNIN´IN -- WOODY HERMANN
COTTON CLUB STOMP -- DUKE ELLINGTON, JOHNNY HODGES eta HARRY CARTNEY
SENTIMENTAL JOURNEY -- BUD GREEN, LES BROWN eta BEN HOMER
WHATEVER LOLA WANTS -- RICHARD ADLER eta JERRY ROSS
Benny Golson maisu handiari omenaldia:
WHISPER NOT -- BENNY GOLSON
HAVIN´SOME FUN -- BOB MINTZER
SON OF A PREACHERMAN -- RONNY WILKINS, JOHN HURLEY
Carlos Sagi konposatzailearen estreinaldiak:
HEGI -- moldaketak: CARLOS SAGI
ENE IZAR MAITIA -- moldaketak: CARLOS SAGI
ARRATIA -- moldaketak: CARLOS SAGI