Euskadiko eremu soziosanitarioan errezeta elektronikoaren ezarpena farmazian urteko ekimenik onenetakotzat aitortu da

2019.eko apirilak 02

Egoitzaren batean dauden pertsonei medikamentuak emateko bideak direla eta, kasuen % 98an bide elektronikoaren bidez ematen zaizkie

 

Euskadiko eremu soziosanitarioan errezeta elektronikoa ezartzeko proiektua farmazian urteko ekimenik onenetakotzat aitortu du Correo Farmacéutico egunkariak. Iñaki Betolaza Osasun Saileko Farmaziako zuzendariak atzo saria jaso zuen, Madrilen eginiko ekitaldi batean. Ekitaldian nabarmendu zuen e-Rezetaren bidez asistentzia-zerbitzuaren kalitatea hobetzen zaiela egoiliarrei eta, horrela, “prozesu kliniko eta farmazeutiko osoaren segurtasuna areagotzen dela” eta, gainera, osasun-sistemaren jasangarritasunaren onerako dela.

Eremu soziosanitarioan e-Rezeta proiektuak Osakidetzako errezeta elektronikoaren eta historia klinikoaren ezarpena ekarri du -Osabide-, titulartasun publikoko eta pribatuko 300 egoitza-zentrotan; horietan ia 20.000 pertsonari ematen zaie arreta. Ezarpen-prozesua 2016ko urtarrilaren eta 2017ko ekainaren artean egin da. Ondorioz, egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan antolamendu- eta teknologia-estrategia garatu da. Gainera, zentro horietako profesional sanitarioei prestakuntza eman diete Osakidetzako ESIetako langile medikoek.

Prozesu horren ondorioz, egoiliarren artean banaketen % 98 dagoeneko elektronikoki egiten da. Zentro-mota horietako egoiliarrek urtean 1,5 milioi medikamentu-errezeta inguru kontsumitzen dituzte; alegia, urtean, batez beste, 75 medikamentu pertsonako, kostua 20 milioi eurokoa izanik.

Farmaziako zuzendariak atzo nabarmendu zuen eremu soziosanitarioan errezeta elektronikoaren ezarpenaren bidez “egoitza-eremuan arreta-eredu berria” hasi dela, eta “datozen urteotan finkatu” egingo dela. Gainera esan du horren bidez "puntako eta kalitateko” osasun-arreta eman nahi dela, gizarte- eta osasun-paradigma berria aintzat hartuta, bai eta biztanleen zahartzea eta mendekotasun handiagoa ere kontuan hartuta.  “Horren bidez, egoitzetako erabiltzaileentzako arreta mediko-farmazeutikoa modu integralean eta koordinatuan sustatu nahi dugu”, esan zuen.

Egoitzetan errezeta elektronikoa erabiltzeak dakartzan onuren artean, Betolazak honako hauek nabarmendu ditu: segurtasun klinikoa areagotzea, izan ere, gutxitu egiten dira medikazio-hutsak eta bide ematen zaio tratamenduaren atxikipenaren segimenduari; gizarte-sistemaren eta osasun-sistemaren arteko asistentzia-integrazio hobea; eta aurrerapena osasun-sistemaren jasangarritasunean.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 2a