Euskadiko 31 udaletxetako 243 izangaik jaso dituzte Udaltzaingoan sartzeko ikastaroko diplomak

2019.eko uztailak 30

  • Izangai horietako 219 datoz Euskal Autonomia Erkidegoko 26 udalerritako udaltzain-plazak estaltzeko bigarren lan-eskaintza publiko bateratuko deialditik

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua buru zela egin da, Arkautiko Akademian, Euskadiko 31 udaletxetako 243 udaltzain izateko ikastaroko diplomak banatzeko egintza. Sailburuarekin batera izan dira Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia, Josu Zubiaga Segurtasuneko Sailburuordea, Segurtasun Saileko karguak eta udal-ordezkariak.Hemendik aurrera urtebeteko praktikaldia egingo dute udalerrietan.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian eman zaizkie gaur diplomak Euskadiko 31 udalerritako udaltzaingora sartzeko oinarrizko ikastaroa zazpi hilabetez egin duten 243 pertsonei, 53 emakumeri eta 190 gizoni.Gehienak, 219 pertsona (49 emakume eta 170 gizon), datoz udaltzaingoetako plazak estaltzeko bigarren hautespen-prozesu bateratutik. Segurtasun Sailarekin eta Arkautiko Akademiarekin hitzarmenak eta kudeaketa-aginduak sinatu dituzten 26 udalerrik parte hartu dutebigarren hautespen-prozesu bateratu horretan.

Zehazki, bigarren prozesu bateratu horretako 219 plazak udalerri hauei dagozkie: 1 Amurriori, 26 Vitoria-Gasteizi, 1 Beasaini, 5 Eibarri, 3 Elgoibarri, 1 Legazpiri, 1 Pasaiari, 7 Donostiari, 4 Bergarari, 1 Ordiziari, 3 Zumaiari, 2 Amorebieta-Etxanori, 8 Barakaldori, 1 Basauriri, 1 Berangori, 104 Bilbaori, 4 Ermuari, 3 Gernika-Lumori, 2 Mungiari, 3 Plentziari, 11 Portugaleteri, 6 Santurtziri, 9 Sestaori, 1 Balmasedari, 5 Erandiori eta 2 Zierbenari.Plaza horiei beste 24 plaza gehitu behar zaizkie; Ibarrako Udalaren 2, Oiartzungo Udalaren 1, Errenteriako Udalaren 18, Abanto-Zierbenako Udalaren 1 eta Durangoko Udalaren 2.

Udaltzain berrien hautespen-prozesuari joan den urteko irailean eman zitzaion hasiera, Bilbao Exhibition Center-ean egin ziren azterketekin. 2.000 izangai bildu ziren azterketa horietan.Proba teorikoen, proba fisikoen, elkarrizketen, eta egindako zerbitzuen eta merituen balorazioaren ondoren, hautatutako izangaiek zazpi hilabeteko prestakuntza-ikastaroa egin dute Arkautiko Akademian. Orain, prestakuntza horrek jarraipena izango du haien helmugetan egingo duten urtebeteko praktikaldiarekin.

Hirugarren prozesu bateratua

Bigarren enplegu-eskaintza publiko bateratu hau amaitu ostean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak azaroan 36 udalerritako beste 270 pertsona hartuko ditu Arkautin, prestakuntza-ikastaroa egiteko.Gaur egun, 2.588 izangaietatik, eta elkarrizketak egitea soilik falta denean, 605 pertsonek jarraitzen dute prozesuan, 130 emakumek eta 475 gizonek.

Azken hiru urteotan, Segurtasun Sailak, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen eskutik, hiru hautespen-prozesu bateratu eta hiru prestakuntza-ikastaro bultzatu ditu Arkautiko Akademian. Prozesu eta ikastaro horiei esker 45 udalerritako udaltzaingoetako 577 funtzionarioren enplegua finkatu ahal izan da.

Gainera, datorren urriaren 15era arte, hirugarren prozesu bateratuan jada barnean hartzen diren udalek eskaintzen dituzten plazen kopurua gehitu ahal izango dute, haien udaltzaingoko plantillari egonkortasuna emateko.

Bestalde, Segurtasun Sailak ekainaren 28an, Euskal Polizia Legea onartu ostean, egindako bilkuran aditzera eman zuen udaltzaingoetako plantillen egonkortasuna sustatzen jarraitzeko asmoa duela.