Euskadik euskal errepideen mapa osatu du, gaur, AP-68-aren transferentziarekin, eskualdatzeke zegoen azken autobidea

2019.eko apirilak 16

  • Guztira 77,5 kilometro autobide dira, Bilbo eta Araba eta Burgosen arteko mugaren bitartean, eta Eusko Jaurlaritzak urtero 2 milioi euro deskontatuko ditu Kupotik 

Transferentzien Batzorde Mistoa Lakuan bildu da, gaur, bideokonferentziaz, AP-68 autobidearen transferentzia Euskadiri egitea sinatzeko. Eskualdatzea gauzatzen denean Eusko Jaurlaritza arduratuko da autobidearen titulartasunaz, funtzioez eta zerbitzuez, 0 kilometro-puntutik (Bilbo) 77,5 kilometro-puntura (Arabaren eta Burgosen arteko muga). Horrez gain,  Eusko Jaurlaritzak Estatuaren posizioa subrogatuko du, 2026ra arte, Abertis enpresaren administrazio-emakidaren kontratuan. Horrela, osatu egiten da errepideen euskal mapa, eta % 100ean euskal erakundeen titulartasunekoa izatera igaroko da.

Gaur sinatutako akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, urtero, gutxi gorabehera 2 milioi euro deskontatuko ditu Kupotik. Hau da, 31 milioi euro pasatxoren % 6,24, hori baita Espainiako Gobernuak urtero Estatuko autobideak finantzateko aurrekontuan jaso duen kopurua.

Behin transferentzia jasotzean, Eusko Jaurlaritzak Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiei eskualdatzeko kudeaketa-lanak hasiko ditu izan ere, Herrialde Historikoak dira errepideen eskumenaren titularrak, Gernikako Estatutuaren 10.34 artikuluaren eta Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriaren arabera (Zuzenbide Historikoa). 

BALORAZIOA

Eusko Jaurlaritzak pauso onuragarritzat jo du akordio hau eta bere konpromiso eta helburu nagusietako bat gero eta hurbilago dagoela azpimarratu du: Gernikako Estatutua osorik bete dadin lortzea, autogobernu aitortua. Akordio berri horrek elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez Gernikako Estatutua osorik betetzea bideragarria dela erakusten du eta gainera, Itunaren harreman itunduaren eta alde bikoaren eredu historikoa aitortu eta sendotzen da.

Eusko Jaurlaritzak gaur sinatutakoa akordio berrien sarrera izatea espero du. Hori dela eta, bi gobernuek datozen egunotan dagoeneko oso aurreratuta dauden beste hiru eskumenetan lanean jarraitzea adostu dute:

  • Eskola-aseguruaren osasun-prestazioak.
  • Farmaziako produktuen arloko Estatuko legeriaren betearazpen-funtzioak.
  • Euskadin egoitza duten enpresetan enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden pertsonen erretiroaren aurretiko laguntza berezien kudeaketa. 

TRANSFERENTZIEN BATZORDE MISTOA

Transferentzien Batzorde Mistoa bi gobernuen arteko eskualdatzeak egiteko xehetasun eta baldintza guztiak ezartzen dituen organo paritarioa da. Gernikako Estatutuko bigarren xedapen iragankorraren arabera sortu da, eta horren partaide izan dira:

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza:

  1. Presidentea: Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Josu Erkoreka
  2. Idazkaria: Estatutuaren Garapenerako zuzendaria, Begoña Pérez de Eulate
  3. Batzordekidea: Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Arantxa Tapia
  4. Batzordekidea: Ogasun eta Ekonomia sailburua, Pedro Azpiazu
  5. Batzordekidea: Araubide Juridikoaren sailburuordea, Sabino Torre
  6. Batzordekidea: Azpiegitura eta Garraioko sailburuordea, Antonio Aiz
  7. Batzordekidea: Ogasuneko sailburuordea, Itziar Agirre
  8. Batzordekidea: Erakundeen Baliabideetako zuzendaria, Aitziber Beldarrain