Enplegu, industria eta teknologia berria sustatzeko prestatuta dauden gazteak beharrezko direla azpimarratu du Tapiak

2019.eko martxoak 15

Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak “Berrikuntzaren 24 orduak” izeneko jardunaldian parte hartu du. 400 gazte inguru elkartuko dituen jardunaldia Baionako Merkataritza Ganberaren ESTIA Ingeniari Eskolak antolatu du eta TransferINN, COMPETITIV’eko eta Addispace mugaz gaindiko europar proiektuen baitan kokatzen da.

Tapia sailburuak azpimarratu duenez, enplegu berriak, industria berria eta teknologia berria sustatu nahi badira prestatutako gazteak behar dira, eremu horretan interesatuta dauden gazteak. “Nolabait lotu behar ditugu ikasleak, gazteak, teknologia eta berrikuntzarekin”, esan du. Hala, Tapiak azaldu duenez, 400 bat gaztek, taldean lan eginez, egingo diete aurre industria errealak dituen arazoei, eta horrek ahalbidetuko die industriak eskatzen duen horretara eta etorkizunean aurre egin behar izango dieten prestakuntza-premietara hurbiltzea. “Lehiaketa modukoa izango da, oso interesgarria eta oso erakargarria”, esan du.

Gaur goizean hasi dira estreinako aldiz mugaz gaindik egingo diren “Berrikuntzaren 24 orduak”, Baionako Merkataritza Ganberaren ESTIA Ingeniari Eskolak TransferINN, COMPETITIV’eko eta Addispace mugaz gaindiko europar proiektuen baitan antolatuta. Topaketa honen helburua da sormena funtsezko osagarri duten elkarretaratzeak sustatzea ikasleen eta unibertsitate zein enpresa munduko eragileen artean, 4.0 industriaren testuinguruan, fabrikazioa aurreraturaren alorrean kontzeptu berrien garapena eta horien ezarpena bultzatzeko. Topaketa gaur goizean hasi eta larunbat arrasaldera arte luzatuko da, Irungo Ficoba erakustazokan.

Edizio honen funtsa den fabrikazio aurreratuak garrantzi nabarmena du Eusko Jaurlaritzaren egitekoan: berau oinarri duen Basque Industry estrategiaren helburuak, politikak, programak eta ekintzak bat datoz bete betean 24 orduen filosofiarekin. Bestalde edizio honetan lankide dira Azaro Fundazioa, Mondragon Unibertsitatea, Gipuzkoako Bazkundea, Orkestra Lehiakortasunaren Euskal Institutua eta Sodena Nafarroako Garapena, guztiek Akitania Berria-Euskadi Nafarroa eta Frantzia-Espainia-Andorra perimetroko erakunde ugarien arteko berrikuntza proiektuak, transferentziak edo lankidetza berriak garatzea helburu harturik.

24 orduz etengabean berrikuntza eta sorkuntza hizpide hartuta. Epe horretan ikasleek, bertan sortutako talde mistoetan banatuta eta coach lana egingo duten 15 irakasle, enpresatako zein erakundetako ordezkari, aholkulari eta ikerlarien laguntzarekin, elkarlanean ezagutzak partekatu eta berriak sortuko dituzte. Esku hartuko duten enpresek, laborategiek edo sortzaileek proposatutako gaiak oinarri hartuta, horien beharrei erantzungo dieten informatika programak, ideia edo lan artistikoak, komunikazio kanpainak, marketin estrategiak, antolaketa berriak eta abar onduko dituzte. Aurkezutako proposamen horiek ezkutuan gorde dira topaketa abiatu arte. 24 orduen buruan, larunbat goizean 3 minutu izango ditu talde bakoitzak bere lana epaimahaiaren aurrean aurkezteko eta, aurkezpenak bukatu ostean, arratsaldean irabazleak ezagutzera eman eta sari-banaketa ekitaldia izango da.

400 bat ikasle izango dira 24 orduetan parte hartuko dutenak, ingeniaritza, diseinua, enpresagintza eta abarretakoak. Hegoaldeari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako eta Bilboko Ingeniaritza Eskoletako, Mondragon Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Errenteriako Don Bosco zein Usurbilgo LHII lanbide eskoletako ikasleak izango dira eta elkarlanean jardungo dute Iparraldeko hainbat ikastetxetako ikasleekin: ESTIA, Chambre des Métiers et de l’Artisant Bayonne, Université de Pau, ESC Pau, Wild Code School, École NationalesSuperieure des mines d’Alès eta Etchepare, Louis de Foix eta Donibane Lohitzuneko Ravel lizeoak eta Hendaiako Collège Irandatz. Atzerritik etorritako ikasleak ere izango dira.

Proposamenak aurkeztuko dituzten enpresak dira Cluster Osasuna, Mobile Park, Sokoa, UPSA, Teleko- Euskaltel, Lynxter, OLAIAN, Tribord, Subea, Safran HE, Enedis, Arkeo, Tecnalia, Incitat, Vracoop, Poclain, DJO, Optimus 3D, Air Liquide, Vinci Autoroutes, SII, ARTZAINAK EBL, Scalian Toulouse, SIG Image, Nutislab, Addimadour, Hindcon, Aernnova, Marianka, AEG y Mare Creo.