Emakundek aurkeztutako arau proposamenak berdintasun eta indarkeria matxistaren kontrako "herri itun handi bat" ahalbidetzea du helburu

2019.eko martxoak 06

  • Emakunderen Zuzendaritza Kontseilua bildu da gaur Iñigo Urkullu buru zela eta bertan Berdintasunerako Legea aldatzeko aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu da
  • Legearen erronka nagusiena emakumeen kontrako indarkeria emakume eta gizonen berdintasun ezaren arazo sistemiko eta unibertsalaren barruan kokatzeko ikuspegia bermatzea da

Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuelarik, eta Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariarekin batera, Emakunderen Zuzendaritza Kontseilua bildu da gaur arratsaldean Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan bertan. Bilera honetako gai zerrendan zegoen gaietako bat zen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako, otsailaren 18ko, 4/2005 Legea aldatzeko aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztea. Legearen aldaketaren bidez, “berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako politika eta herri itun handi bat” ahalbidetu nahi dira, politika horiek indartzeko eta araudiaren eta gizartearen testuinguru berriaren ondoriozko behar berriei egokitzeko.

Araudiaren testuinguru berriari dagokionez, legearen aldaketarekin euskal ordenamendu juridikoak bat egiten du Istanbuleko hitzarmenarekin, 2011an Europako Kontseiluak adostutakoarekin eta Estatu Espainolean 2014an indarrean jarri zenarekin, haiz zuzen ere.

Istanbuleko Hitzarmenak dio arautu behar dela genero arrazoiengatik ematen den diskriminazioaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren artean dagoen lotura azpimarratuz. Lotura hau azpimarratzeko aukeratu da, hain zuzen ere, Berdintasun Legea aldatzeko formula  emakumeen kontrako indarkeriaren alorrean berezitako lege baten aldeko apustua egin beharrean. Berdintasunerako legeak jadanik gai hau arautzen baitzuen, gainontzeko desberdintasun adierazpenekin batera.

2017 eta 2018 urteetan lege honen lanketa dela eta parte hartzeko prozesu bat aurrera eraman da. Prozesu hau funtsezkoa izan da erronkak eta hobekuntza esparruak identifikatzeko. Halaber, lege formula egokiena aukeratzeko ere balio izan du. Honekin batera, indarkeriaren biktima izandako emakumeen arretarako estandarren ebaluazioa egin zen, eta handik ateratako zenbait erronka ere gehitu dira legearen testura.  

Parte hartze prozesu honen ondoren, jendarteak bere ekarpenak egiteko hilabete bateko epea duen kontsulta publikoari hasiera ematen zaio. Martxoaren 12tik aurrera, hiritarrek euren ekarpenak hurrengo bideen bitartez egin ahal izango dituzte: Irekia atarian, Emakundeko webgunean, posta elektronikoaren bidez (emkaunde.legealdaketa@euskadi.eus) eta baita ere helbide postala erabiliz (Manuel Iradier, 36. 01015 Vitoria-Gasteiz).

Lege honek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko indarreko araudiaren aplikazioa hobetzeko eta bermatzeko beharra azpimarratzen du eta, beste alor batzuen artean, berritasun gisa planteatzen du bere printzipio orokorren artean espresuki aipatzea emakumeen ahalduntzea eta politika publikoetan duten parte-hartzea, politika horietan intersekzionalitatea kontuan hartzea, bai eta gardentasuna eta kontu-ematea bermatzeko beharra ere. Legeak, era berean, berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomiko, pertsonal eta teknikoak indartzea aurreikusten du, berdintasunerako organismo eta zerbitzuei aintzatespen handiagoa emanez, halako moldez non benetako lidergoa gauzatu ahal izango duten berdintasun-politiken sustatzaile gisa eta emakumeen kontrako indarkeria matxistaren alorreko jarduketetan, eta ez bakarrik prebentzio-lanetan, non orain arte lan garrantzitsua gauzatu duten, baizik eta bizirik irten diren biktimei erreparazio-arreta emateko irizpideak zedarritzean ere. Hori guztia, generoaren eta giza eskubideen ikuspuntua berma dadin indarkeria horren aurka esku hartzeko eremu guztietan.

Honekin batera, gaurko bileran 2018ko EAEko Emakumeen eta Gizonen egoerari buruzko Zifrak txostena onartu da, baita VI. Berdintasun Planari dagokionez euskal erakundeek egindako ekintzen ebaluazio txostena eta Emakunderen 2018ko Memoria.