EEE-k Haranan amaitu du udalek energiaren trantsizioaren alde hartutako konpromisoa eskertzeko ibilbidea

2019.eko urtarrilak 09

  • Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri, mankomunitate eta kuadrilla guztiak izan dira “Energiaren Bidea” ekimenera deituak euren esfortsua azaleratzeko.
  • Ekimen ibiltaria ixteko saioa gaur goizean izan da, Haranan. Energiaren Euskal Erakundeak eta bertako udalak bi proiektu partekatzen dituzte bertan: eguzki-parke bat eta zentral hidroelektriko bat, eta horri esker sare nagusia urtean 800.000 kWh-z hornitzen dute.
  • Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak bisitaldi tekniko bat partekatu du Guardia-Arabako Errioxako, Kanpezu-Arabako Mendialdeko eta Gorbeialdeko kuadrillen udal-ordezkariekin, 150 etxebizitza hornitzeko gaitasuna duen eguzki-planta bertatik bertara ikusteko.

Energiaren Euskal Erakundeak Guardia-Arabako Errioxako, Kanpezu-Arabako Mendialdeko eta Gorbeialdeko kuadrillak osatzen dituzten udalerrietako ordezkariak bildu ditu gaur Haranan, Euskal Energiaren Trantsizioaren alde hartu duten konpromisoa eskertzeko. Joan den ekainaz geroztik, EEEk Euskadiko 251 udalerritako eta haien mankomunitate eta kuadrilletako ordezkariak bildu ditu, Euskal Energiaren Trantsizioaren alde hartu duten konpromisoa eskertzeko. Hala, “Energiaren Bidea” ekitaldi ibiltariak azken edizioa burutu du, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren presentziarekin. Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiarekin batera, toki-erakundeek garatutako ahalegina nabarmendu du. Gainera, Euskal Energiaren Trantsizioan erakutsi duten inplikazioa eskertu ondoren, “Energiaren Bidea - Euskal Energiaren Trantsizioa Udalean ere” bereizgarria eman diete, Euskadiko herrietako udal-instalazioetan pixkana-pixkana nabarmentzen ari dena. Hortaz, kirol-, kultura- eta gizarte-instalazioak eta argiteria publikoa eta beste zenbait zerbitzu marka baten jabe izango dira hemendik aurrera, energia aurrezteko erabilitako irizpideak eta energia berriztagarrien iturrien alde hartutako apustua islatuko duena. Euskadiko udal, mankomunitate, partzuergo eta kuadrilla ia guztiak era batera edo bestera inplikatuta daude efizientziako eta energia berriztagarrietako ekintzak abian jartzeko ekimenean.

Baliabide propioak energia-premien zerbitzuan

Mendetan ingurunean eskura zeuzkaten baliabideetatik (ura, zura etab.) bizi izan direla jakitun, euskal udalerri askok energia berriztagarrien aldeko apustu bat egin nahi izan dute, energia-kontsumo efiziente eta jasangarriagoa lortzeko. Toki erakunde askok ondorioztatu dute beren historian atzera egin beharra dagoela egungo eta etorkizuneko energia-premiei erantzuteko eta egungo baliabideak aprobetxatzearen garrantzia ulertzeko. Ildo horretan, Arabako Mendialdean biomasa bidezko bero-sareadun zenbait proiektu jarri dituzte abian (Arraia-Maeztun, adibidez), edota biomasa-galdarak (Kanpezun, esaterako), inguruetako mendietako zuraren hondarrak aprobetxatzeko.

Haranan, berriz, baliabide berriztagarriak aprobetxatu nahian, eta horretarako ezin hobea den udal-lursail bat erabilgarri zegoela aprobetxatuz, udalak eta Energiaren Euskal erakundeak eguzki-parkeko proiektua jarri zuten martxan. 2008an eraikitako instalazio horrek 300 kW-ko (362 kWp) potentzia dauka, eta urtean 480.000 kWh sortzen ditu batez beste, 385 pertsonak urtean kontsumitzen dutenaren baliokidea, edo 150 etxebizitzaren kontsumoa izango litzatekeena.

Planta mantentzeari dagokionez, instalazio mekanizatua da, eta autokudeatu egiten da neurri handi batean. Panel guztiak eguzkiari begira jartzen dira. Haizeari aurre egitea beharrezkoa bada, plantan kokatutako anemometro batzuek mekanismo bat aktibatzen dute panelen posizioa aldatzeko. Gainera, eguzki-eremuak bideozaintza-sistema bat dauka.

Eguzki-baratzean inbertsoreak daude, azpiegitura txiki baten barruan, eta plaken korronte zuzena korronte alterno bihurtzen dute. Transformadore batzuk ere badaude, korronte alternoa sare nagusira eramateko.

EEEk eta Haranako Udalak osatutako Harana-Kontrasta Sozietate Hidroelektrikoaren bitartez kudeatzen da.

Sozietate horrek zentral hidraulikoa ere kudeatzen du 2007az geroztik. Izan ere, udalak zentral hidrauliko bat jarri zuen Kontrastaren erdigunean, ur-emariaren baliabidea aprobetxatuz. Proiektu hori esker, urteetan itxita egon zen zentrala berreskuratzeko aukera izan da. Urtean bi proiektuek 800.000 kWh dakarkiote sare nagusiari.

Esker ona jaso duten udalak

Gaur goizean Haranan izan den hitzordura udalerrietako erakundeetako ordezkari eta teknikariak bertaratu dira. Udalerri horietatik guztietatik, energiaren esparruko zenbait proiektu nabarmendu nahi ditugu:

1.- Aramaio: argiteria publikoa, eraikinak (barne-argiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena.

2.- Arraia-Maeztu: argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa eta barne-argiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena.

3.- Arratzua-Ubarrundia: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

4.- Mañueta: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

5.- Bernedo: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

6.- Kanpezu: argiteria publikoa, bizikleta elektrikoen erosketa eta kargatzeko gune publiko bat eskuragarri jartzea Antoñanako Administrazio Batzordean, eta energia berriztagarrien sustapena: Kultur Etxean biomasa jartzea.

7.- Eltziego: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

8.- Billar: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

9.- Harana: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

10.- Kripan: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

11.- La Puebla de Labarca: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

12.- Bastida: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

13.- Lagran: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

14.- Guardia: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

15.- Lantziego: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

16.- Legutio: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

17.- Leza: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

18.- Moreda: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

19.- Navaridas: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

20.- Oion: argiteria publikoa, eraikinak (barne-argiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena.

21.- Urizaharra: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

22.- Samaniego: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

23.- Villabuena: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

24.- Ekora: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.

EEEren laguntzak, udalentzako babes-tresna

Ekitaldi bakoitzean ohikoa denez, Energiaren Euskal Erakundeak laguntzak ematen dizkio Toki Administrazio Publikoari, udalek berriztagarrien alorreko eta energia aurrezteko proiektuak bultza ditzaten. 2018an 800.000€ izan ziren guztira. Inbertsio hori funtsezko babes ekonomikoa da esparru horretako proiektu energetikoak finantzatzeko, baina zuzkidura ekonomiko horretaz gain, udalek, mankomunitateek eta EAEko kuadrillek proposatutako planteamenduen jarraipen teknikoarentzako konpainia eta monitorizazioa eskaintzen du EEEk.

2018ko diru-laguntza jaso dezaketen Ekintzen Programek kanpo-eraikinen eta egungo udal-eraikinen argiztapenetarako energia-efizientziako ekintzak sustatu zituen, baita klimatizazio eta etxeko ur beroa sortzeko instalazio-proiektuak, eta udal-eraikinetako kogenerazio eta ikuskapen energetikoen instalazio-proiektuak ere. Toki-administrazioak ere laguntza-programa horretara bildu ahal izan dira energia-iturri berriztagarriak ezartzeko, hala nola biomasa, geotermia, energia eolikoa, eguzki-instalazio fotovoltaikoak ala termikoak...

Euskal Energiaren Trantsizioaren irudi berria – Energiaren Bidea ikusgai udaletan

Energiaren Euskal Erakundeak Energiaren Bidea izeneko identifikazio-marka berri bat abiarazi du. 2030erako Euskadiko Energia Estrategiaren helburuak lortzen zein energiaren trantsizioa garatzen laguntzen duten ekimen guztiak hartzen ditu barnean, baita administraziotik zein kolaborazio publiko-pribatutik sortutakoak ere. Inguruko herrialde aurreratuak ere erronkan murgilduta daude, karbonizazio baxuko eredu energetiko baten mesedetan.

Energiaren trantsizioari aurre egitea zen Energiaren Euskal Erakundearen motibazioa erakunde bera eratzeko, termino hori orduan normalizatua ez zegoen arren. Erakundeak 35 urte baino gehiago daramatza energia berriztagarriak, efizientzia, eta baliabide propioen aldeko apustua sustatzen, baita gasaren aldekoa ere, prozesu horri aurre egiteko. Izan ere, egunean-egunean euskal energia-sistemak aurrera egiten du kalitatezko horniketa lehiakorra bermatzen duen eredu jasangarri baterako bidean, energia berriztagarrien ekarpen handiago batean eta petrolioaren deribatuen erabilera txikiago batean oinarritua, deribatu horiek gas naturalarekin ordeztuz. Helburu hau betetzeko, ezinbestekoa da toki-erakundeek duten papera, izan ere, erabakiak hartzen dituztenean, faktore erabakigarriak sar ditzakete efizientzia eta energia berriztagarriak sustatzeko.

Energiaren Bidea/Euskal Energiaren Trantsizioa markari Udalean ere toki-eranskina gehitu zaio, eta dagoeneko ikusgai dago energia-eredua hobetzeko ekimenak burutu diren toki eta instalazio publiko guztietan. Biomasa, geotermia eta kogenerazioko instalazioak, eguzki-panel edo panel fotovoltaikoak, argiteria efizientea eta ibilgailu elektrikoa erabiltzeko aukera eskaintzen dute azpiegitura horiek, besteak beste.