Bingen Zupiria sailburuak parte hartu du Mondragon Korporazioak antolatutako 'Humanity at music'-en aurkezpenean

2019.eko irailak 06

- Humanity at Music, Sinfonia Kooperatiboa irailaren 14an iritsiko da Gasteizera, 1.000 pertsona eszenan jarriko dituen ikuskizun kultural-kooperatiboarekin

 - Euskadiko Orkestrak, Kukai Dantza Taldeak eta Euskal Herriko abesbatza talde ezberdinetako 450 ahotsek parte hartuko dute ekitaldian, Fernando Velázquez Getxoko musika-egilearen zuzendaritzapean.

 “Kontzertu bat baino askoz gehiago, ekitaldi bat, jardunaldi kooperatibo eta kulturala, sentsazio eztanda bat: Humanity at Music”. Horrela aurkeztu dute gaurkoan Gasteizko José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan ordezkari instituzionalek, proiektuan parte hartzen duten bi artista nagusiekin batera: Fernando Velázquez, musika-egilea eta zuzendaria, Un monstruo viene a verme filmeko soinu bandaren Goya sariduna; eta Jon Maya, Kukai Dantza Taldeko zuzendaria (Nazio Dantza Saria 2017).

Prentsa aurrekoan bertan izan dira proiektua aurkezten Iñigo Ucin, MONDRAGONeko presidentea; Ramiro González, Arabako diputatua; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua; eta Estibaliz Canto, Kontserbatorioko presidentea eta Gasteizko Kultura zinegotzia.

Lurrikara kulturala eta kooperatiboa

Eszena ikusgarriarekin, mundu mailako show nagusien artean kokatzeko aukerekin, MONDRAGONek Esperientzia Kooperatiboaren soinu banda aurkeztu du, “enpresa eta giza abenturetan oinarrituriko pelikula” gisa, bere zuzendaria den Fernando Velázquezek definitu zuen bezala. Ikuskizun zentrala 18:00etan hasiko da, eta nabarmendu dute bakarra eta ahaztezina izango dela, goi-mailako askotariko artista, eszenografia, 3D proiekzio, soinu eta argiekin.

Ikuskizunak Fernando Velázquezek konposaturiko eta Jon Sarasuak idatzitako Sinfonia Kooperatiboa izango du oinarri eta lurrikara kooperatibo-kulturala piztuko du 15.000 pertsona ingururen aurrean.

Beste artista aipagarrien artean, bertan egongo dira Euskadiko Orkestra, Kukai Dantza taldea, bertsolari nabarmenak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Euskal Herriko leku ezberdinetako elkarte eta eragileekin batera; horien artean, azpimarragarriak dira 20 abesbatza taldek osaturiko 450 ahotsak, Gasteizko Udal Dantza Kontserbatorioarekin batera dantzatuko duten 150 dantzariak, Euskal Herriko txistulariak, etab.

 Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Alaia Gunea irekiko dute

Irailaren 14a familia osoari zuzenduriko eguna izango da. Buesa Arena kanpoaldean musikaz eta giro onez lagunduriko tailerrak, ekintzak eta ikuskizunak izango dira 12:00etatik hasita. Horien artean, nabarmendu, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek jardunaldiari hasiera emango diotela Musua ikuskizunarekin. Ekintzak doakoak izango dira eta jan eta edateko Food Truck-ak egongo dira egunean zehar; bukatzeko, ikuskizun nagusiaren ostean, itxiera jaialdia ospatuko da.

Bizipen ahaztezina

Irailaren 14an, beraz, kulturarekin topaketa berezia izango dugu; Euskal Herri osoko artistekin, elkarrekin, mundu kooperatibotik sorturiko proiektu sortzailea ospatzeko.

Sarrerak salgai daude egitasmoaren atari digitalean (www.humanityatmusic.com), prezio eta modalitate ezberdinekin. Gainera, autobusak antolatu dira leku ezberdinetatik, www.tellevamos.eus webgunearen bidez.