BAT, BARIK eta MUGI txartelak garraiobide guztietan erabili ahal izatea adostu du Euskadik

Tapia_ATE_0.jpeg

2019.eko urtarrilak 14

  • Bizkaiak Bilboko Metroaren 1. eta 2. Linean MUGI txartela erabiltzeko aukera emango du, eta Gipuzkoak BAT eta BARIK txartelak Lurraldebuseko unitate guztietan erabiltzekoa
  • Erabateko interoperabilitatea bermatuko da, eta hurrengo mugarrian lanean hasiko da, zenbait esperientzia piloturen bitartez: txartel bakarra lortzea, fisikoa edo birtuala
  • Euskadiko Mugikortasun Iraunkorraren Legearen aurreproiektuak bere tramitazioa hasiko du, etorkizuneko mugikortasunaren eskariei eta erronkei erantzun ahal izateko

2014an Euskadiko Garraio Agintaritzako (EGA-ATE) kide guztiek onetsi zuten Interoperatibitatearen Master Planaren arabera, burutu beharreko erronka nagusiena garraio txartel ezberdinak (BAT, BARIK eta MUGI) Euskadiko garraio publiko moduen %100ean erabiltzeko aukera ematea zen.

Horretarako, beharrezkoa izan da Lurraldeetako Garraio Agintaritza bakoitzarekin akordioak adostea, gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren egoitzan burutu den EGA-ATEaren bileran Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkariek berretsi duten bezala.

Denbora tarte horretan integrazioa ia osorik osatu da, baina bi garraio modu handi kanpoan geratzen ari ziren: Bilboko Metroaren 1. eta 2. lineatan MUGI txartelarekin bidaiatzea, eta aukera bera eskaintzea BAT eta BARIK txartelekin Lurraldebuseko lineatan bidaiatzeko.

EGA-ATE osatzen duten kideen borondateari esker, gaurko osoko bilkuran oztopo horiek gainditzea adostu da:

  • Bizkaiko Garraio Partzuergotik adierazi denez, bi hilabete inguruko epean, errealitate bilakatuko da MUGI txartela erabiltzen duten pertsonek Metroaren 1. eta 2. lineatan bidaiatu ahal izatea.
  • Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dutenez, Lurraldebuseko unitateak eguneratzeko egingo diren hurrengo lanetan, BAT eta BARIK txartelak errekonozitu ahal izateko elementu teknologikoak sartuko dira.

Oztopo horiek gainditzeari esker beste maila bat gainditu ahal izango da interoperabilitateari dagokionean, eta Euskadiko garraio publikoko bidaiarien mugikortasuna nabarmen hobetuko da. Horrekin, hurrengo mugarrian lanean ari dira dagoeneko: txartel bakarra osatzea, elementu fisiko edo birtual gisa.

Billete bakarrerako pauso gehiago

Bizkaian esperientzia pilotu bati ekingo zaio, lau garraio modu desberdin bateratuz gailu mugikorreko aplikazio baten bitartez bidaiatu ahal izateko, erabiltzailearen soslaiarekin bidaiak baliogabetuz. Esperientzia pilotu horren ondorioek, garraio publikora sartzeko modu berri horren ticketing-aren eraginkortasuna, kalitatea, kudeaketa eta segurtasuna ezagutzeko balioko dute.

Modu berean, Arabako Mugikortasunaren Agintaritza BAT aplikazioaren konfigurazioari ekiten ari zaio, erabiltzaileek modu erosoan eta edozein ordutan kudeatu ahal ditzaten diru-zorroaren karga (ordainketarako pasarela seguruaren bitartez), txartelaren historikoa edo soslaia. Orain arte, BAT txartelaren funtzioak makina baliogabetzaileetan erabiltzera mugatuta zeuden.

Beste alde batetik, aurten TUVISA erabateko interoperabilitatera egokituko da, BEI-BEA martxan jartzearekin bat etorriz.

Euskadiko mugikortasun jasangarriaren lege aurreproiektua

Joan den hilean egindako jende aurreko kontsultaren tramitazioa igaro eta Hasierarako Agindua sinatu ondoren, EGA-ATEko kideek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak prestatutako Lege Aurreproiektuaren lehenengo zirriborroa ezagutu dute. Hasiera eman zaio horrela tramitazio prozesuari, eta onarpenerako Legebiltzarrera bidaliko den azken dokumentua prestatuko duen lanerako mahaia osatuko da.

Mugikortasun jasangarria, ibilgailu pribatuaren erabilera handiaren eta petroliotik eratorritako erregaien erabileraren ondoriozko gizarte eta ingurumen arloko arazoei erantzuna eman beharretik sortutako eta bultzatutako kontzeptua da. Euskadi ez da zerotik abiatzen, baina egungo ereduaren gizarte, ingurumen eta ekonomia arloetako kostuak arintzen lagunduko duten alternatibak aurkitu eta ezaugarri nagusi gisa jasangarritasuna izango duen mugikortasunerantz aurrera egin behar du.

Beraz, ziurrenez etorkizuneko mugikortasun eredu modernoagoa eta eraginkorragoa ezartzeko orduan jauzi koalitatiboa ematen modu eraginkorrenean lagunduko duen tresna izango da: Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legea.

Horrela, garraioaren eraginkortasuna hobetzeko prestatutako planteamendu integratuan eta multimodalean ari dira lanean:

  • Helburua, pertsonen eta merkantzien garraioak erantzun beharreko printzipioak eta helburuak ezartzea da, mugikortasun jasangarriaren garapen integrala lortzeko, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegietatik.
  • Euskadin mugikortasun jasangarria lortzeko beharrezkoak diren tresnak eta prozedurak ordenatu nahi dira, mugikortasunarekin erlazionatutako gaietan eskumenak dituzten administrazioen artean koordinatuta.
  • Kable bidezko garraio publikoaren proiekzioa, eraikuntza, martxan jartzea eta ustiapena erregulatzea, funikularrak, batez ere.
  • Garraio publikoari eta kolektiboari lehentasuna ematea, erregai fosilak kontsumitzen ez dituzten baliabideak aukeratuz.

Horren guztiaren ondorioz aurrera egin ahal izango da lege honen helburu nagusia den mugikortasun jasangarria, sistema eraginkorragoa, lehiakorragoa, irisgarriagoa eta erabiltzaileei egokitutakoa, lortzeko prozesuan.