Artolazabal: "Norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko neurrien ezarpena sustatzeak hobekuntzak dakartza eraginpean dauden alde guztietarako"

2019.eko ekainak 05

  • Kontzilia 30 proiektu pilotuaren aurkezpena; bertan, aholkularitza pertsonalizatua eskaini zaie mota eta tamaina guztietako konpainiei
  • Eusko Jaurlaritzak programaren ondorioak aztertu ditu, kontziliazioari bide emateko etorkizuneko proiektuetarako
  • “Pozik dagoen plantilla bat izateak irudian, identifikazioan, konpromisoan, eraginkortasunean eta talentuari eustean onurak dakartza”.

 

VG 05 06 19

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, prentsaurrekoan, Vitoria-Gasteizen, honako hau nabarmendu du: “norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko neurrien ezarpena sustatzeak enpresen, langileen eta gizarte-ingurunearen produktibitaterako eta giro positiborako hobekuntzak dakartza”.

 

Kontzilia30 programaren aurkezpenean, Artolazabalek honako hau adierazi du: “ez dugu ahaztu behar norberaren bizitzaren, familiaren eta lanaren kontziliazioak alde bien aldetik inplikazioa eta konpromisoa eskatzen duela, erantzunkidea izatea. “Prozesu bizia da, eta plantillaren beharretara egokitu behar da; behar horiek enpresa eta momentu bakoitzean desberdinak izan daitezke. Halaber, konpainiaren ekoizpen-beharretara ere egokitu behar da. Baina jakina da pozik dagoen plantilla bat izateak irudian, identifikazioan, konpromisoan, eraginkortasunean eta talentuari eustean onurak dakartzala”.

 

Kontzilia30 Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak abian jarritako programa da; bertan, 30 enpresak parte hartu dute, lurralde historiko bakoitzeko 10ek. Horiek guztiek esperientzia desberdinak bizi izan dituzte kontziliazio-neurrien inguruan, eta zenbait sektoretakoak dira. Prozesu horretan eta hamar hilabetez, konpainiei norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko neurriak aztertzen, garatzen eta ezartzen lagundu zaie.

 

Artolazabal sailburuak honako hau azaldu du: “banako analisiak eta aholkularitza-lana direla eta, prozesu honetako enpresa parte-hartzaile bakoitzak bere bidea egin du, bakoitzak bere erritmoan eta bere behar eta mugen arabera”.

 

Prozesu horren ondorioz, “enpresen % 64,5ean ordutegi-malgutasunari eta malgutasun geografikoari (ordu-bankua, telelana) lotutako neurriak abian jarriko dira eta, horrela, 2.666 langilerengan ekarriko dituzte onurak”.

 

Gainera, enpresetako batean zenbait neurri ezarri dira aldi berean (lanaldi trinkoa ostiraletan, lanaldi trinkoa uztailean eta abuztuan, bazkaltzeko denboraren murrizketa eta 1 ordu eta 30 minutuko malgutasuna sartzeko) zeharkako lanpostuetan, eta 149 pertsonarengan izango dute eragina”.

 

Bestalde, “enpresen bi herenetan, nahiz eta epe ertain-luzera kontziliazioarekin zerikusia duten eskariei zuzenean irtenbidea ematea xede ez duten, langileek beren bizitza pertsonala eta familia hobeto planifikatu ahal izateko neurriak hartzen ari dira. Horrela, enpresa-langileen eta  langile-pertsonen erantzunkidetasuna sustatzen ari da” (bileren kudeaketa eraginkorra, helburuen araberako kudeaketa, komunikazio-protokoloak lanaldi-murrizketetan edo egoera pertsonal/familiarretan jazarpen-egoerak saihesteko, besteak beste).

 

Sareko lana

Prozesutik beste ondorio hau ere atera da: bakoitzak izan dituen esperientziak beste enpresa batzuekin partekatzea onuragarria izan da, bai ideiak eta usteak egiaztatu ahal izateko, bai konpainia bakoitza egiten ari denaren balioa nabarmentzeko.

 

Artolazabalek honako hau nabarmendu du: “Kontzilia30 Komunitatea eratzen duten enpresek prozesu indibidualean eta kolektiboan hazi dira eta, horretarako, ezagutzak, esperientziak eta erronkak partekatu dituzte. Aholkularitza indibidualizatua eta baterako lan-saioak bizi izan dituzte, eta bi alderdi horiek baliabideak eman dizkiete, beren proiektuekin aurrera jarraitzeko”.

 

Proposamen “sortzaileenetako” batzuk: 10 orduko lanaldiak eta hilean bi aste libre; bilerak zutik, luzeak izan ez daitezen eta eraginkorrak izan daitezen, edo oporretako aparteko egunen erosketa. “Palanka izan dira, beste enpresa batzuek neurri horien gainean hausnartzeko eta probatzeko prozesu berriei ekiteko, beren beharretara egokituta”.

 

Ondorioak

Enpleguko eta Gizarte Politiketako titularrak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak “jarraituko duela kontziliazioa sustatzen”, eta, horrela, Kontzilia30 prozesu honen ondorioak hartuko ditu gogoan, horietako hiru, nagusiki:

 

  1. Kontziliazio-neurriek plantillaren eta enpresaren beraren eta lanpostuen beharrak aintzat hartuta planteatzen direnean funtzionatzen dute.
  2. Ia enpresa parte-hartzaile guztiek bazeukaten kontziliazioaren arloan sentsibilizazio-maila altua. Horrek esan nahi du erronka dela nola erakarri sentsibilizatuta ez daudenak.
  3. Administrazio-jardueretako ordutegiak errazago malgutzen dira (telelana, sartzeko eta irteteko orduak). Gainera, emakumeek erabiltzen dituzte batez ere kontziliazio-neurriak, besteak beste lanaldi-murrizketa eta eszedentziak. Beraz, kontziliazio-arloan eremu “pribilegiatu” gisa ikusi ohi dira.

 

“Enpresei lagundu eta hari bide ematen dioten agenteekin lan egin nahi dugu. Familiei Laguntza emateko IV. Planak eta Soldata Arrailaren aurkako Planak zenbait ekintza planteatzen dituzte, kontziliazio erantzunkidea bultzatzeko, bai gizon eta emakumeen artean, bai enpresa eta plantillen artean. Eta orain, programa horren ondorioekin, urrats berrietan egin dezakegu aurrera”, esan du.

 

“Aurrera egingo dugu argi izanik funtsezkoa dela enpresa-munduarekin eta hura eratzen duten agenteekin lan egitea (langileak, sindikatuak, patronala, gizartea), norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko neurrien ezarpena sustatzeko”.

 

Enpresa parte-hartzaileak

Kontzilia30 proiektuan parte hartu duten 28 enpresetan 4.130 enplegu daude, guztira. Enplegatu horietatik, % 40 (1.678) emakumea da eta % 60 (2.472), gizona. Plantillaren tamaina dela eta, parte hartu duten enpresen herenak 50 enplegu baino gutxiago ditu, erdiak baino gehiagok 100 langile baino gutxiago eta horietako bik 250 langile baino gehiago.