Aitzina Folk, musika eta elkartasuna

  • Aitzina Folk, musika eta elkartasuna

Herri-musikak hitzordua du Gasteizen abenduan. Aitzina Folk, musika mota hori zabaltzeko, eta aldi berean ataxia telangiektasia agerian ipintzeko eta hari buruzko ikerkuntzarako dirubideak izateko sortu zen jaialdi solidarioak seigarren urtea beteko du. Egun gehiagorekin, musika gehiagorekin, solidaritate gehiagorekin. Patxi Villén, Jaialdiaren zuzendariak azaltzen dizkigu xehetasunak.

 

Zein da Aitzina Folken sorburua?

Duela sei urte hasi ginen, ataxia telangiektasiari ikusgarritasuna emateko, ikerkuntzarako dirua biltzeko eta aldi berean folk kulturaren zabalkundeari laguntzeko nolabaiteko jarduera antolatzeko asmotan. Folk musikari afizionatua naiz neu, hainbat taldetan jotzen dut, eta geure adiskide musikarien eta geure familiartekoen ingurunean sortu zen ideia.

Seme bat dugu, Jon, orain 15 urte dituena, gaixotasun arraro eta neurodegeneratibo hori duena. Zerbait egin behar genuela iruditzen zitzaigun Estatu mailan ikerkuntza sustatzeko, ezin ginela geldi geratu. Familiartekoak biltzen dituen elkartean 30 haur eta gazte ditugu, horietako bat oraintsu heldu dena: Hodei, 2 urte ditu, eta hemengoa, Arabakoa da bera ere.

Zaila da laguntzak lortzea gaixotasun arraro bat duena duzunean; gogor egin behar izaten dugu lan geure seme-alaben alde. Eta Aitzinarekin 75.000 euro bildu ditugu jada urte hauetan; Nafarroako Unibertsitate Klinikan 150.000 euroko kostua duen ikerkuntza-proiektu bat finantzatzen ari gara, eta Sevillako Cabimerren ere beste bat lagundu dugu.


Berez, Aitzina Lantaldea elkartea –ataxia telangiektasia duten gaixoak laguntzen dituena– arduratzen da jaialdiaren antolamenduaz. Nolakoa da horrelako programa bat, bertako eta kanpoko figura handiak ekartzen dituena, kudeatzeko esperientzia?

Oso esperientzia kartsua da, lan asko egin beharrekoa baina oso esker onekoa eta bizigarria, ikusi ere ikusten duzulako zenbat jende, enpresa eta erakunde inplikatzen diren eta eskua luzatzen dizuen, eta nola gozatzen duen adin guztietako publikoak zure kontzertu eta jarduketekin. Eta bertako eta nazioarteko artisten nahasketarekin, eta haien estilo desberdinekin. Oso giro jatorra sortzen da.

100 boluntario baino gehiagoko lantalde bat dugu; lagundu eta denetik egiten digute: kartelak diseinatu, eszenatokiak muntatu, sarrerak kontrolatu edo solidaritatezko kamisetak saldu.

Dagoeneko, 50 talde baino gehiago izan ditugu jaialdian, eta 14.000 ikusle baino gehiago. Hazi egin da eta finkatzen ari da, eta horrek benetako harrotasuna ematen digu antolatzaileoi.

 

 

Duela pare bat ekitalditatik arreta berezia eskaintzen hasi zineten emakumeek folk musikaren munduan egindako produkzioari. Zein da emakumeen ekarpena folkaren eszenatokian?

Emakume artisten ekarpena beti izan da oso funtsezkoa eta askotan gutxietsi egin da, bigarren planoan geratu da. Emakumeei gehiago kostatzen zaie beren lana aintzat hartua izatea, beste alor batzuetan bezala. Emakume artista gehiago kontratatu eta ikusgarritasun gehiago eman behar zaie.

Emakumeek, bai musikagintzan eta bai dantzan eta bestelako diziplina batzuetan, beste ikuspegi batzuk eta beste adierazmolde batzuk ekartzen dituzte folk kulturara. Aurten, dakartzagu Capercaillie taldeko Karen Matheson eskoziarra, Maria Berasarte abeslari donostiarra, The Friel Sisters irlandarrak, Natalie Haas txelo-jotzaile kaliforniarra, Zaruk taldeko Iris Azquinezer biolontxelo-jotzaile espainiarra, Arantza Cordero kontu-kontalari euskalduna, eta Kepa Junkerarekin arituko diren Sorginak.


Jaialdiaren testuinguruan, Musika Tradizional eta Folkaren Eskolen Topaketa ospatu ohi duzue. Zertan datza ekimen hori eta nola lantzen da?

Bai, aurten hirugarren urtea du. Gure asmoa, baita kalejirak egiten ditugunean ere, izaten da folklore-eskolen lankidetza sustatzea eta harrobia lantzea, ikasten ari den jendea eta etorkizuna bere eskuetan duena; eta gainera erakuts diezaiekegu solidarioak izaten. Aldi berean pizgarri bat eman nahi izaten diegu tradiziozko eta sustraizko musikari bizirik eusten ahalegintzen diren eskola eta irakasleei.

Jardunaldi parte-hartzailea izan ohi da, eta bertan parte hartu nahi izaten duten eskoletako ikasleek emanaldiak egiten dituzte jendaurrean. Txikienek ere jaialdian beren lekua izan dezaten modu bat da. 

 

Abenduaren 15ean, larunbatez, 10:30etatik 13:30etara egingo da Jesús Guridi Musika Kontserbatorioan (eskolen bitartez banatutako sarrerekin). Bertako hainbat musikarik girotuko dute ekitaldia, eta amaieran abesti batzuk joko dituzte denek batera. Arratsalderako, hainbat tailer antolatu ditugu: txalaparta, bertsogintza, irlandar perkusioa eta dantza; oro har publikoarentzat zabalik egongo dira baina Eskola Topaketara datorren jendeak aprobetxatu ahal izateko daude bereziki.


Beste ekitaldi klasikoetako bat da saio inprobisatu modura antolatzen duzuen emanaldia, musika mota horretara zaletu modura hurbiltzen direnengana jaialdia zabaltzeko. Nolakoa izaten da publikoaren parte-hartzea, zer moduzko giroa izaten da saio horietan?

Esperientzia paregabea da musikaz gozatzeko. Session-ak ahalbidetzen digu askotan elkar ezagutzen ez dugun eta folk musikak lotzen gaituen jendea biltzea.

Abenduaren 22an, larunbatez, egingo da 17:00etatik 19:00etara Falerinan. Sarrera libre izango da aretoa bete arte, eta nahi duenak parte har dezake, partiturak aurretiaz argitaratzen ditugulako Aitzina Folk web-orrian. Konturatu gabe joaten da denbora, oso giro berezia sortzen da, oso pozik egoten gara.


Juan Mari Beltran musikologoak egin zuen Aitzina Folk 2018ren aurkezpena; jaialdiaren lehen edizioa ere hark aurkeztu zuen. Beste zein ekitaldi azpimarratzen dituzue?

Publikoak biziki gozatu zuen Juan Mari Beltranen emanaldiarekin; euskal herri-musikaren ikurretako bat da bera, eta beti laguntzen digu, bere laukotearekin, Ixiar Jauregui, Errege Belda eta Ander Barrenetxearekin batera. Ekitaldian, Mikel Landa txirrindulari arabarraren laguntasuna ere izan genuen.

Programazio osoan, 20 jarduketa baino gehiago daude, batzuk doakoak, eta gure web-orrian kontsulta daitezke osorik. Haien artean daude une honetan Eskoziako biolin-jotzaile hoberena den Alasdair Fraser biolin-jotzailearen emanaldia; Parradust Dantzan; Krisketa, talde gasteiztarra; Kepa Pinedoren hitzaldi-kontzertua (euskal dantza tradizionalaz); Nuala Irish Dancers-ekin (dantza irlandarraz) eta Aitzina Ceol Project-ekin tailerrak; Eva Tejedor asturiarrak emango duen perkusio-masterclassa; Karlos Subijanak zuzenduko duen txalaparta-tailerra; Arabako Bertsozale Elkarteak landuko duen bertso-tailerra; Josep Maria Ribellesek emango duen hitzaldi-kontzertua Kataluniako musikagintza tradizionaleko harpari buruz; Odaiko galiziarrak; Gasteiz Big Band, Gasteizko Udal Txistulari Bandarekin; Alboka; Capercaillie... 

 

Berritasun modura, Santa Maria katedralera bisitaldi musikal librea antolatzen ari gara, eta han hainbat talde entzun ahal izango dira katedraleko ingurumen magikoaz gozatzeaz aparte.


Proiektu honek oraindik egin behar duen bidea luzea da. Nolakoa izango dela pentsatzen duzue hemendik hamar urtera?

Bada, espero dugu Aitzina Folkek bizimodu luzea izango duela, kontzertuz eta jarduera interesgarri eta parte-hartzailez betea, mundu guztiak folkaz goza dezan antolatzaileok gozatzen dugun bezainbeste. Eta gustatuko litzaidake hamar urte barru ez aritu behar izatea dirua biltzen ataxia telangiektasia ikertzeko, gaixotasun horrentzako sendabidea jada aurkitu delako.

 

(Berezi hau 2018ko azaroaren 19an argitaratu zen).