Esther Cabero: «Katalogoa eratzen duten filmen kalitatea da Kimuak markaren arrakastaren gakoa»

  • Esther Cabero: «Katalogoa eratzen duten filmen kalitatea da Kimuak markaren arrakastaren gakoa»

Gure testuinguruan egiten ziren film laburrak sustatuko zuen banaketa sarea eratzeko asmoarekin jarri zen martxan Kimuak programa. 20 urte betetzear denean, oso katalogo errespetagarria da nazioartean, eta hala hartzen dute mundo osoko mila baino gehiago zinemaldi bulegoek. Esther Cabero, programako koordinatzailea, bidelagun izan dugu Kimuak egitasmoko historia ezagutzeko ibilbide honetan.

 

Zein da Kimuak ekimenaren jatorria?

Kimuak egiteko ideia 90. hamarkadaren amaieran sortzen da. Garai hartan, film laburren industria profesionalizatuz zihoan heinean egun erreferentziazkoak diren zenbait egile eta titulu azaleratu ziren. Orduan Eusko Jaurlaritzak film laburren ekoizpenerako diru-laguntzak ematen zituen eta 1990. eta 1995. urteren artean koproduzitzen hasi zen baita ere, Euskalmedia sozietatearen bitartez.

1997an, Amaia Rodríguez, Eusko Jaurlaritzako sormen eta hedapenerako zuzendariak eta José Luis Rebordinos, hartan Donostia Kulturako zinema unitateko zuzendariak, laburrak banaketa prozesuan ere laguntzeko beharra ikusi zuten, ekoizpena amaitu ostean egileek ez zeuzkatelako hauek hedatzeko baliabiderik.

José Luis Rebordinosek proposatuta, Unifrance eta New Zealand Film Commissioneko esperientziak eredutzat hartu eta Kimuak sortu zuten 1998an, euskal film laburrak Euskal Herrian bertan zein atzerrian hedatu, sustatu eta banatzeko helburuarekin.


Zein da 20 urteko ibilbideaz egiten duzuen irakurketa?

Hasierako helburu haiek bete dira eta Kimuak kalitatezko lanekin lotzen den marka bilakatu da. Ezarritako ereduak funtzionatzen du, horren froga dira beste zenbait eskualde eta herrialdetan Kimuak egitasmoaren adibidea errepikatu duten programak.

Hala ere, etengabe hausnartzen dugu aurrean ditugun erronketaz eta ikus-entzunezko errealitate aldakorrarekin kontsonantzian lan egiten saiatzen gara. Zentzu horretan, helburu haiek orainaldira egokitzen jarraitzen dugu.


(Esther Cabero eta Txema Muñoz, Kimuakeko koordinatzailea eta zuzendaria, hurrenez hurren)

 

Zein izan da euskal film laburraren bilakaera urte hauetan guztietan?

Sortu zen unetik, Kimuaken katalogoetan kutsu profesionaleko film laburrak jaso dira, baina profesional haiek kanpoan ikasten zuten eta kanpoan egiten zuten lan. Denborarekin profesionalizazio hori areagotu egin da, baina oraingo zinegile zein teknikoek Euskal Herrian ikasten dute eta bertan egiten dute lan, ikus-entzunezko egitura sendotuz.

Formari dagokionez, gaur egun generoak nahasteko joera dago eta fikzioaren, dokumentalaren eta animazioaren arteko mugak lausoagoak dira. Tendentzia unibertsala da, baina abangoardiak presentzia handiagoa dauka euskal laburgintzan beste lurralde batzuetakoan baino.


Urtero hautatutako lanekin nazioarteko zirkuituan oso ospe onekoa den katalogoa osatzen duzue. Zein da aitortza honen gakoa?

Zalantzarik gabe, katalogoa eratzen duten film laburren kalitatea da gakoa. Urtero lehen mailan lehiatzeko moduko kalitatea daukaten lanak geratzen dira kanpoan, eta hori gogorra den arren, euskal ekoizpena aski ona dela eta Kimuakek bere posizionamendua mantendu dezakeela esan nahi du.

Programak film laburrak maximora hedatzean datza eta egia da egileek ezingo luketela difusio hau beraien gain hartu beste bide batzuk erabili ezkero, baina azken batez Kimuak zigilua euskal zinemako talentuari esker eratzen da.


Zein da Kimuak ekimenaren bitartekaritza bilatzen duten egileen profila?

Azken deialdietan ez da ia lan amateurrik aurkeztu. Sektorearen profesionalizazioan eboluzio nabarmena egon da eta ondorioz hautagaien kalitate orokorrak gora egin du.

Halaber, egileak adin guztietakoan dira. Graduondoko ikasleak zein jada izen bat duten eta iraupen laburrean edo luzean lan egiten duten zuzendariak aurkezten dira. Egindako lanak ikusgai jarri eta proiektu berriak garatzen jarraitu nahi duten profesionalak dira, azken batean.


Zer nolako ateak irekitzen dira behin katalogoan egonda?

Katalogoan egoteak film laburra munduko bazter guztietan erakutsi ahal izatea eta nazioarteko industrian nork bere burua ezagutzera ematea ahalbidetzen du. Kimuakek mila jaialditik gorako datu basea dauka eta aukeraketa planeta osora iristen da, egileei agerikotasun handia emanez. Gainera, lanak aurkeztera bidaiatzen dutenean, kontaktu sarea handitzen dute.

Bestalde, banaketan aurreztutako diruari eta denborari esker, egile eta taldeek hurrengo proiektuetan jar dezakete gogoa.


 

2014. urtean Kimuak programaren garapena eta bilakaera aztertzen zuen lan panoramiko bat argitaratu zuten Iñaki Lazkanok, Nekane E. Zubiaurrek eta Ainhoa Fdz. de Arroyabek. Zeintzuk izan ziren ateratako ondorioak? Zer eragina izan zuen argitalpenak zuen lanaren hedapenean?

«Cortometrajes de Kimuak. Semillas del cine vasco» oso ikerketa sakona da eta Kimuaken historia osatu duten film laburrak batean ikusteko aukera eman digu. Guretzat, egindako bidearen gaineko hausnarketa egiteko tresna bikaina izan da.

Halaber, argitalpen hau arlo akademikoan erabiltzeko eta ikerketzeko eskaini ahal izatea oso positiboa da. Egun, Renoko Unibertsitatea (Nevada, AEB) ingeleserako itzulpena egiten ari da eta honek atzerriko ikasle eta ikertzaile gehiagotara iristeko aukera emango digu.


Sustatu, zabaldu eta banatu dira Kimuak ekimeraren hiru ardatz nagusi. Ba al dago euskal film laburraren industria sendotzeko bide berririk?

Aurreko faseak, hots, proiektuen garapen eta ekoizpenari dagozkionak, Eusko Jaurlaritzak eta beste zenbait erakundek laguntzen dituzten arren, ideia askok ez dute finantziaketarik aurkitzen eta ez dira inoiz gauzatzen.

Kimuaken gehien nahigabetzen gaituena aukeratzen ez diren lanak ezin artatzea da, zalantzarik gabe hedapena eta ikusgaitasuna izatea merezi dute eta.

Oraindik gainditu gabeko beste irakasgai bat audientzien sorrera da, ikusleek film laburraren balio artistiko eta kulturala aintzat hartu dezatela eta jaialdietatik eta noizean behingo internet bidezko kontsumotik haratago publiko bat izan dezatela.