Lehendakariak Euskadi Basque Country 2030 Agenda aurkeztu du; NBE-ren Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egiten du

2018.eko apirilak 11

  • Dokumentua beste urrats bat gehiago da Eusko Jaurlaritzak bere politika publikoak NBEren 2030erako Agendaren erronketara bideratzeko orduan
  • Espainiako Estatuan 2030erako Agendarekin konpromisoa islatu duen lehen administrazio publikoa da
  • Lehendakariak nabarmendu du nolako garrantzia duen estatu azpiko erakundeak GJHak lortzeko inplikatzea

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur arratsaldean, Euskadi Basque Country 2030 Agenda aurkeztu du; hori da Euskadik Nazio Batuek sustatutako Garapen Jasangarrirako Helburuei eginiko ekarpena. NBEk 17 helburu (GJH) onetsi zituen, pobreziarekin amaitzeko, forma guztietan, desberdintasuna murrizteko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta, horrela, aldi berean, inor atzean ez geratzeko. Lehendakariak aurkeztu duen dokumentuak Gobernu Programak Garapen Jasangarrirako gida unibertsal horrekin duen bateratze-maila eta dakarkion laguntza islatzen ditu. Lehendakariak “maila anitzeko gobernamendua sartzea eta Gobernuaren maila desberdinen borondate politikoa” defendatu ditu GJHak lortzeko.

Iazko otsailean onetsitako XI. legegintzaldirako Gobernu Programak, ordurako, zehazten zuen Giza Garapen Jasangarria foku nagusietakotzat.Beraz, dokumentua 2030erako Agendan dago erabat oinarrituta, eta, bertan, euskal gizarteak datozen urteotarako bere gain hartu dituen konpromisoak jaso dira, gardentasunean, ebaluazioan eta kontu ematean ezartzen den gobernamendu-ereduari jarraikiz.

Gaur Lehendakariak aurkeztu duen eta Gobernu Kontseiluak atzo onetsi zuen dokumentua hurrengo urratsa da, Eusko Jaurlaritzak bere politika publikoak 2030erako Agendaren erronketara bideratzeko orduan. Lehenengo Euskadi Basque Country 2030 Agenda da; 2016 eta 2020 bitartekoa da. Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak eta 2030erako 100 Jomugak Eusko Jaurlaritzak bere Gobernu Programan bere gain hartutako 93 Konpromisoekin, Plangintzako 80 Tresnekin, Legegintzako 19 ekimenekin eta 50 Adierazleekin lotzen ditu. Lehendakariak egiaztatu du ahalegin horren bidez “bateratu egingo direla, eraginkortasunez, Euskadiko politika publikoak eta Agenda unibertsal hau, eta ikusarazi egingo dela Euskadik 2030 Agendaren ezarpenari egiten dion ekarpena”; ahalegin horren bidez, halaber, Garapen Jasangarrirako Helburuak bete ahalko dira.

Euskadi Basque Country 2030 Agenda, beraz, erabat egokitzen zaio Gobernuaren ekintzari, eta horrek erraztu egingo du segimendua eta ebaluazioa. Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, urtero, segimendu-txostena egingo du, Kanpo Harremanetarako Erakundeen arteko Batzordean sortutako ekarpenekin, eta edukia Eusko Legebiltzarrari bidaliko zaio.

 

EKITALDIA

Dokumentua gaur arratsaldean Vitoria-Gasteizko Goiuri Jauregian eginiko ekitaldian aurkeztu da. Topaketaren bidez, Nazio Batuek sustatutako 2030erako Agendan eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuen edukian sakondu da; horien artean daude, besteak beste, pobreziarekin amaitzea, hezkuntza inklusiboa eta zuzena bermatzea, uraren eta energiaren kudeaketa jasangarria egitea, hazkuntza ekonomiko jasangarria egitea eta ekosistemen eta biodibertsitatearen kudeaketa jasangarria egitea. Espainiako Estatuan 2030erako Agendarekin konpromisoa islatu duen lehen administrazio publikoa da; horretarako, proposamen integratzailea, zeharkakoa, zehatza, argia, aldi batekoa, parte-hartzailea, moldagarria eta nazioartekoa aurkeztu du.

Ekitaldian, Garapenerako Nazio Batuen Programako (GNBP) ordezkari batek parte hartu du, Gemma Aguadok, eta azpimarratu du nolako garrantzia duten gobernamenduaren kontzeptuak eta herritarrengandik hurbilen dauden administrazioen inplikazioak. Espezialista horrek GNBPk GJHak lurraldean eta tokian kokatzeko egiten dituen ahaleginak koordinatu behar direla bultzatzen du. Topaketan, halaber, solasaldia izan da, Idoia Fernández UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordearen, Elsa Fuente UNICEF Euskadiko koordinatzailearen, Iñaki Garcinuño CEBEKeko presidentearen eta Pablo Gonzalez Sareen Sareko presidentearen artean. Lau ordezkariek NBEk ezarritako helburu unibertsalak lurraldearen errealitatera egokitzeko beharraren inguruan eztabaidan jardun dute; eginkizun horretarako guztion laguntza behar da, edozein sektoretatik.

NAZIO BATUEN 2030ERAKO AGENDA

2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Batza Nagusiak aho batez onetsi zuen Garapen Jasangarrirako 2030erako Agenda: pertsonen, planetaren, oparotasunaren eta bake unibertsalaren aldeko ekintza-plana, Garapen Jasangarrirako 17 Helbururekin (GJH); hura betetzeko epea 15 urtekoa da, 2015etik 2030era bitartekoa.

Agenda zehazteko fasetik, Nazio Batuek eta Europako Batzordeak garrantzi handia eman diote estatu azpiko gobernuek hura ezartzeko orduan duten eginkizunari; izan ere, kasu askotan, beraiek dauzkate eskumenak, baliabideak eta gizartearengandik hurbilen dauden errealitate eta beharren ezagutza berezia. Lurralde bakoitzak bide hori bere egoerak aintzat hartuta egin behar du. Hori da 2030erako Agendaren bereizgarrietako bat: lurralde-dimentsioaren sustapenarekin eta eskualde-eskalako egokitzapenarekin duen konpromisoa.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du 2030erako Agendak dakarren erronka unibertsala, eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak betetzen laguntzeko munduko konpromisoari atxiki zaio.