Eusko Jaurlaritzak eta FUNKOk hitzarmena sinatu dute fundazioen elkartegintza sendotuko dituzten jarduerak finantzatzeko

2018.eko apirilak 20

  • Lankidetzarako akordio honen bidez, fundazioen lege-betebeharrak hobeto ezagutzeko prestakuntza- eta zabalkunde-jarduerak egin ahalko dira eta sektoreko profesionalizazioari bide emango zaio
  • Gaur egun, 661 fundazio daude, gehienak irakaskuntzaren eta ikerketaren sektorekoak
  • Euskal fundazioen sektorea euskal BPGd-ren % 1 da, eta 6.500 milioi inguruko ondare garbia dauka

 

Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak, eta Ramón Bernalek, FUNKO-Fundazioen Euskal Konfederazioaren Presidenteak, gaur goizean, hitzarmena sinatu dute legeak euskal fundazioei exijitzen dizkien betebeharrei buruzko prestakuntza- eta zabalkunde-jarduerak finantzatzeko, alegia, beren betebeharren ezagutza hobetzeko prestakuntza eta zabalkunde-jardunaldiak, besteak beste, betebehar juridikoak eta kontabilitatekoak, legalak edo zerga-arloetakoak. Lankidetzarako akordio bidez, fundazioen elkartegintza sendotu ahalko da eta sektoreko profesionalizazioari bide emango zaio.

FUNKO-Fundazioen Euskal Konfederazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da. 2003an sortu zen eta honako hauek ditu helburu, beste batzuen artean: euskal fundazioen bide izatea, baita topaleku eta lankidetza-gune ere. Gainera, sektorearen interesen eta botere publikoekiko harremanaren aldeko ahotsa da. Horrela, Gobernuaren iritziz, garrantzitsua da bere betebeharrak egokiro eta ziurtasunez ezagutzea eta beharrezkotzat jotzen da, bai administrazioarentzat, bai fundazio-sektorearentzat berarentzat, administrazio elektronikoaren eskakizun berrietara egokitzea.  

FUNDAZIOEN SEKTOREAREN ARGAZKIA

Gaur egun, 661 fundazio daude. Horietako gehienak, % 40 inguru, irakaskuntzaren eta ikerketaren sektorekoak dira. Ondoren, ongintza-laguntza eta lan sektoreari buruzkoak daude, % 27 gutxi gorabehera. Kultura-, gazte- eta kirol-arloetakoak % 20 inguru dira, eta gainerakoak, banku-fundazioak barne, % 13 inguru.

Euskal fundazioen sektorea euskal BPGd-ren % 1 da, eta 6.500 milioi inguruko ondare garbia dauka. Urtero, 1.000 milioi euro inguruko sarrerak ditu eta 920 euro inguruko gastu bolumena.  

Sortzen dituen lanpostuei dagokienez, euskal fundazioen sektoreak ia 12.000 pertsona ditu lanean, eta haien batez besteko soldata-kostua, urtean, 25.000 eurokoa da fundazioentzat.   

FUNDAZIOEN LEGEA

Gobernu honek, duela bi urte, onetsitako Euskadiko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeak arautzen du Euskal fundazioen sektorea. Testu modernoa da; eta gardentasunaren, publizitatearen eta kudeaketa onaren printzipioek oinarritzen da. Hura onartuta, Gobernuak esparru berria sortu zuen,  juridikoa eta jardutekoa, euskal fundazioen sektorearentzat. Horrek 180 graduko bira ekarri zuen, sektorearen digitalizazioari eta kontu emateari dagokienez, une hartara arte guztiz informala zen eremua.

Araudian, euskal fundazioek une oro beren eraketari buruzko informazio oro, edozein aldaketa, izendapenak, kargu-uzteak eta Patronatuko kideen aldaketak eguneratuta izan beharko dituztela ezartzen da, eta beren kontuak urtero aurkeztu behar dituztela (legearen aurretik, % 52k baino ez zuen hala egiten). Gainera, testuak teknologia berrien erabilera arautzen du, eta prozedura batzuk online izapidetzeko beharra gehitzen du.