Datorren ostegunean, Osakidetzak nazioarteko osasun konferentzia bat egingo du bere 35. urteurren ekitaldien barruan

2018.eko irailak 22

Lehendakaria buru izango duen eta Osakidetzako profesional guztiei zuzenduta egongo den topaketan zientzia-arloko goi-mailako adituak bilduko dira, berrikuntza, osasun-sistemaren iraunkortasuna edo talde multifuntzionaletan erizaintzako langileen papera bezalako gaiak aztertzeko

 

Irailaren 27an, osteguna, “Osasungintza berritzen, pertsonetatik abiatuta" izenburua daraman osasungintzako konferentzia egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian.  Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duen eta Osakidetzako profesionalei zuzenduta egongo den konferentzia erakunde publikoaren 35. urteurrena gogoratzeko programatutako ekitaldien artean kokatua dago.  Lehendakariaz gain, bertan ere egongo dira Jon Darpón Osasun sailburua eta María Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusia.

17.00etan hasiko den konferentzia urte hauetan euskal osasun-sistemaren kudeaketari eta lorpenei buruzko gogoeta-foro gisa planteatzen da, etorkizuneko osasungintzaren oinarri sendoak ipini ahal izateko abiapuntu gisa, mundu osoko osasun-sistemek aurre egiten dizkieten erronkei erantzunez.

Helburu hori lortzeko, maila goreneko zientzialari adituak egongo dira bertan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Lan, Osasun eta Segurtasun sailburuorde eta Osakidetzako presidenteorde Jon Azua; Ontarioko (Kanada) Erizainen Elkarte Profesionaleko zuzendari nagusi Doris Grinspun; edo Onkologia Medikoko Elkarte Europarreko presidente eta VHIO Institutuko zuzendari Josep Tabernero.

Osasun-sistemen iraunkortasuna, berrikuntza edo teknologia berrien erabilera izango dira konferentzian aztertuko diren alderdi nagusietako batzuk. Gainera, talde multifuntzionalen eta diziplinartekoen inguruan osatutako gaur egungo ereduan erizaintzako langileek duten papera aztertuko da.

Osasun Konferentzia Osakidetzaren 35. urteurrena ospatzeko aurten programatutako ekitaldien barruan kokatua dago. “35 urte bizia sustatzen / 35 años impulsando la vida” lemapean, irailaren 13an, Gasteizen, argazki-erakusketa bat inauguratu zen. Erakusketa horren bitartez Osakidetzaren gertaera gogoangarri nagusien eta euskal osasun-sistema publikoa eusten duten printzipioen errepasoa egiten da.

Hilaren 30era arte ikusi ahal izango den erakusketa, urrian Bilbora eramango da, eta bertako hainbat metro-geltokitan erakutsiko da.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 22a