Akordioa Haurreskolak Partzuergoko Negoziazio Mahaian

Haurreskolak_logoa2.jpg

2018.eko martxoak 06

Haurreskolak Partzuergoaren egoitzan Negoziazio Mahaia elkartu da gaur arratsaldez. Bertan, Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenen ondoren, LAB sindikatuak eta Hezkuntza Sailak eduki horiek guztiak bermatzen dituzten dokumentua sinatu dute. LABek du egun Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza sindikalaren gehiengoa, ordezkaritzaren % 62rekin.

LAB sindikatua eta Hezkuntza Sailaren artean adostutako edukien artean, nabarmentzekoak dira:

-                     Ordezkapenak lehen egunean eta erregimen arautzailea

-                     Administrazio eta zerbitzuetako langileentzat EPEa

-                     Familiei 8 orduko zerbitzua eskaintzea haurreskola guztietan (apustu eginez landa eremuetarako)

-                     Haurreskolak Partzuergoan egindako lana, meritutzat hartua izatea Maisu-maistren kidegoko ordezkapen zerrendetarako

Haurreskolak Partzuergoko akordioa, Sukalde eta Garbiketako Negoziazio Mahaian LAB, CCOO eta UGT sindikatuen eta Hezkuntza Sailaren arteko akordioa sinatu eta ordu gutxira lortu da.

Era berean, Hezkuntza Bereziko Mahaian ere, LAB eta CCOO sindikatuen balorazio positiboa jaso ondoren eta STEILASek eduki hori bere oinarriei helarazteko interesa azaldu ondoren, beste bilera bat dago aurreikusia.   

Gaurko egunean zehar lortu diren akordioen ondoren, Hezkuntza Sailak Negoziazio Mahaiek akordioak lortzeko tresna gisa duten balioa berretsi nahi du. Bateragarria da Negoziazio Mahaian jarrera batzuk defendatzea, aldi berean ikastetxeen funtzionamendu normala errespetatuz.  

Sindikatuen eta Hezkuntza Sailaren artean onarturiko edukiok langileen lan-baldintzak hobetzeko balio izango dute, bai eta gizarteari ematen zaion zerbitzua hobetzeko ere.