Sanagustin Kulturgunea, kultur eta gizarte eragileak proiektuaren protagonista izatearen arrakasta

  • Sanagustin Kulturgunea, kultur eta gizarte eragileak proiektuaren protagonista izatearen arrakasta
    Xabier Aranbarri
  • Sanagustin Kulturgunea, kultur eta gizarte eragileak proiektuaren protagonista izatearen arrakasta

Azpeitian, kultur arloan, bada gauzak egiteko modu ezberdin bat. Irekia, non herriko kultur eragileek parte zuzena hartzen duten. Eta Sanagustin Kulturgunea lan eredu honen adibide arrakastatsua dugu. KulturAZ Kooperatiban –proiektua  aurrera eramateko tresna– aritzen diren Xabier Aranbarri eta Kepa Urbietarekin hitz egin dugu.

 

Hamar urte baino gehiago pasa dira Udaleko eskaintza kulturala herri eragileen eskuetan uzteko asmoa abiatu zenetik, Azpeitiko Kultur Mahaiaren bitartez. Nola bizi izan zen prozesu hura herrian?

1998a da ibilbide honen hasiera urtea. Uztarria kultur Koordinakundea sortu zen urtea hain zuzen. Hiru ardatz zituen koordinakunde hark jorratzeko: komunikazioa, euskara eta kultura. Lantaldeak sortu ziren bakoitzerako. Kultura arloari dagokionez, 2006an hartu zen Azpeitiko Kultur Mahaia sortzeko erabakia, herriko kultur talde guztiak, kultur zale norbanakoak eta udaleko ordezkariak bilduko zituena. Batez ere, Azpeitian kulturak zuen egoera aztertu eta horren gainean gogoeta egiteko sortu zen. 2009tik aurrera, Kultur Mahaiak zituen egitasmoak egin ahal izateko teknikari bat hartu zenetik aurrera etorri ziren gainontzeko aurrerapenak, adibidez, kultur kooperatiba sortzearena.

Kultur Mahaian eginiko gogoetan atera zen gaietako bat azpiegitura faltarena izan zen. Azpeitian 6-7 bat urtean aretorik gabe egon ginen (bi zeuden lehen, baina urte gutxiren barruan biak bota zituzten). Hori lantzen ari ginela, nolakoa izan beharko lukeen areto horrek, zertarako izan beharko lukeen… jakin genuen Azpeitiko Udala San Agustin eliza zena, kulturara bideratutako eraikin izateko lanean ari zela. Harremanak estutu genituen orduan udalarekin, batez ere, nolakoa izan behar lukeen horretan ados jartzeko. Desadostasunak genituen hasieran, baina iritsi ginen erdibidera. Gerora Udalak lehiaketa publikora aterako zuela jakitera eman zuenean, Kultur Mahaian eginiko gogoeta bitartez aurkeztea erabaki genuen. Horretarako enpresa izaerako egitura behar genuen eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba sortu genuen. Lehiaketa irabaztean gauzatu zen.

Kultur Mahaian oso garbi genuen bertako kultur zaleok kudeatutako leku batek gizarte eragileen arteko kohesioa indartzen lagunduko zuela. Horrela, proiektua kultur taldeetatik haratago eraman genuen eta eragile horiekin konpartitu genuen. Horrek izaera zabalagoa emateaz gain, proiektuarekiko jendearen inplikazioa eta motibazioa piztu zituen. Jaso genuen erantzuna oro har ona izan zen. Horren adierazgarri da, hasierako hilabeteetan eragileen artetik etorri zitzaizkigun eskaintza pila. Harrezkero, urtez urte kohesio/konexio hori haziz joan da.

 

Esan bezala, bide honetatik abiatuta, 2011n KulturAZ Azpeitiko Kultur Kooperatiba sortu zenuten. Zeintzuk izan ziren orduan zuen helburu nagusiak?

Helburu nagusiak kultur, euskara eta gizarte eragileen plaza izatea eta, nola ez, euskarazko kultura modu integral batean sustatzea ziren. Eta dira. Horretarako, lehen aipatutako parte hartzea eta elkarlanaren dinamizazioa eta koordinazioa bultzatzeaz gain, euskal (euskaraz egiten den) kultur adierazpenak indartu ahal zituzten egitasmoak lantzen joan gara.

 

Proiektu zehatzak aurrera eramateko orduan –Sanagustinekoa kasu–, antzekoak izan litezkeen ereduak izan zenituzten oinarri?

Proiektua egitean eredu propio baten aldeko apustua egin behar genuela argi genuen. Kultur eta gizarte eragileek eurena sentituko zuten leku bat nahi genuen, autonomia, elkarlana eta parte hartzearen arteko oreka ardatz izango zuena.

Beste eredu batzuk ikusi genituen, noski, eta harremanak ere izan genituen. Gertutasun gehien, Plateruenarekin izango luke, guk uste, proiektuak. Hangoekin egon ginen beraien ibilbidea ezagutzen.

 

 

Hasieratik lotu zenuten proiektua bere bideragarritasunarekin baina, zeintzuk izan dira urte hauetan guztietan aurre egin beharreko oztoporik handienak?

Bideragarritasuna eguneroko lanarekin lortzen da, paperak erraz jasaten baitu bideragarritasuna, baina errealitatea bestelakoa da. Autonomia (autofinantziazioa) eta elkarlana ditugu oinarri. Bai bata eta bai bestea jorratzerakoan, zailtasunak izan ditugu. Eta ditugu.

Gure autofinantziazio maila %85 inguruan dabil. Sei urte hauetan, urtez urte, proiektuak %15-20ko hazkundea izan du. Kultumetria izeneko azterketa bat egin ziguten 2015ean eta han ondorioztatzen zuten, hazkunde hori ez dugula guk eragin, baizik eta eragileek “bultzatuta” eta eragileekin “batera” izan dela. Autofinantziazio maila hori lortzea eta kultur zein gizarte eragile ezberdinen dinamizazioa lantzea ez da erraza dugun egiturarekin. Bestalde, eredu honek ulermen eta kokapen zailtasunak izan ditu administrazio ezberdinekin elkarlana bultzatzerakoan (zorionez urtez urte hobetuz doa). Urte gogorrak izan dira, hasiera guztiak diren moduan, baina esanda bezala, eguneroko lanak eta gizartearekin dugun konexioak egiten du hau bideragarri.

 

 

Zeintzuk dira kudeaketa zuzen honen abantailak? Desabantailarik ikusten duzue?

Kultur zein gizarte eragileak programazioko protagonista nabarmena izateak, programazioa elkarlanean eta parte hartzean oinarritzeak, dudarik gabe, ahalbidetzen du lortu duguna lortzea, 14 mila pertsoneko herri batean. Programazioaz gain, sormena eta transmisioa sustatzeko helburua duten hainbat proiektu jorratzen ditugu: Arkupehotsak, Sormen egonaldiak, kultur bonoa... 10-12 urtean zehar. Ezinbestekotzat ditugu, bai kulturarako sentsibilitatea lantzeko, bai kultur kontsumoa sustatzeko, arloak indartzeko… Kultura bera modu integralean jorratzeko. Eta horrek ere parte hartzea eta inplikazioa dakartza. Horiek dira, dudarik gabe, abantaila nagusiak.

Baina hori guztia lanketa handia eskatzen duen prozesua da. Ordu eta arreta asko eskatzen ditu. Hitz bitan, egitura handia. Aipatu dugu kooperatibaren jarduna handitu egin dela. Egitura ere handitu dugu gure ahalmenen barruan, baina ez abiadura berdinean. Horrek sortzen dizkigu desorekak eta administrazioetan proiektu hau kokatzen ditugun zailtasunak gehituta, gorabeherak izaten ditugu.

Horri buelta emateko, kooperatibaren garapen fase garrantzitsu batean sartu gara, kooperatiba eta proiektua bera gehiago gizarteratu eta sendotzeko helburuarekin. Zabaldu egin dugu kooperatiba, gizarte eragile ezberdinak barnean txertatu eta erabaki gune nagusietan parte hartzeko aukera emanez, iritzi kritikoa bilatuz eta elkarlan eta parte hartze eredua erraztuz… Eredu hau delako aurrerantzean ere mantendu nahi duguna.


Nola programatzen da, beraz, Sanagustin Kulturguneko eskaintza zabala egunez egun? Ze mekanismo jartzen dira martxan ekitaldien egutegia ixteko?

Proiektuak berak programazio ardatz batzuk ditu idatzita. Kultur diziplinen arteko oreka, adin eta espektro guztientzako eskaintza, astegun eta asteburuetan. Beti ere euskarazko kultura sustatzeko helburuarekin. Programazio lantaldea dugu eta irekita gaude proposamenetara ere. Egia esan, antolatzen dugun %80a eragileek sortutakoak edo eskatutakoak dira. Azken hiru urteetan, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, Egutegi Bateratua izeneko ekimena dugu abian. Herri ikuspegitik zaindu beharreko irizpideak ezarri genituen, lehen aipatutako oreka horiek kontuan izanda.

Horren harira, adibidez 2016an, 180 ekitaldi antolatu genituen. Kooperatibak %13a sustatu zuen, gainontzekoa Kultur Mahaiko taldeak (%26) eta gainontzeko eragileek (%61). Jatorriari dagokionez, %89 Euskal Herriko sortzaileen ekitaldiak izan ziren eta %93a euskaraz. Diziplinei dagokionez, berriz, %30a musikari lotutakoa izan zen, %31 arte eszenikoei eta gainontzeko 39a bestelako ekitaldiei. Guztira, 35.263 ikus-entzule izan ziren 180 ekitaldietan, 200 lagun inguruko bataz bestekoarekin. 2017an, hazkundea ildo beretik doa. Lehenengo seihilekoan 108 ekitaldi eta 24.256 ikus-entzule goaz.

 

 

Zuena eredu esportagarria dela uste duzue?

Kasuistika asko daude kontuan hartu beharrekoak. Dudarik gabe, hasiera batean bai da esportagarria. Behetik gora eginiko proiektua da gurea, norbanakoetatik hasita, talde zein eragileetatik pasa eta administrazioetara iritsi dena. Askotan aipatu dugu, baina hitz nagusia elkartasuna da; elkarrekin egon, elkarrekin egin, elkarrekin joan.

Baina hasieran ezinbestekoa da indarra, erabakigunea eta protagonismoa eragileei ematea. Eta hori, adibidez, esportagarria da dudarik gabe. Gero herri edo hiri bakoitzak duen egoera eta dituen baliabideak ditu. Errealitate hori ezagutuz egin beharko lukete aurrera.


Zein da orain arteko lanaren balorazioa eta zeintzuk kulturguneko etorkizunerako desirak?

Sei urte pasa dira kooperatiba sortu genuenetik. Denean bezala, momentu gozoak eta larriak pasa ditugu. Baina balorazio ona egiten dugu. Jarduera bizia eta polita daukagu. Herriko eta Euskal Herriko eskaintzak uztartzen ditugu. Eta gero eta aukera gehiago dugu beste herrialdetako eskaintzak ere ekartzeko.

Maila horretan jarraitu nahi dugu aurrerantzean ere. Horrek gure egitura sendotzea eta elkarlan gehiago bilatzea eskatzen digu, eta hori dugu erronka, batez ere administrazio ezberdinekiko harremanak sendotzea. Euskaraz sortzen den kultura da gure erreminta nagusia eta horrela jarrai dezala nahi dugu. Gure aletxoa jarri nahi genuke euskal kulturaren osasuna hobetzerakoan; behar baitu hobetu.