Osakidetzak hil honetan, azaroan, ezarriko du 18 urtetik beherako adingabe diabetikoentzat glukosa monitorizatzeko sistema berria, sastadak saihesteko eta bizi kalitatea hobetzeko

Argitalpen-data: 

Foto_Asvidia_(3).JPG

Horixe iragarri du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek, Diabetesaren Mundu Eguna dela eta Bizkaiko Diabetes Elkarteak, ASVIDIAk, antolatutako jardunaldietan

Gailuak Osakidetzako ESIetako endokrinologia kontsultetan banatuko dira, eta espero da hiru hilabetean 1 motako diabetesa duten adingabe guztiek, 400 inguruk, izatea sistema berria

Euskadi, horrela, zerbitzu-zorroan metodo hori sartzen duen lehenengo autonomia-erkidegoetako bat da; metodoa Europako herrialde batzuetan dagoeneko erabiltzen da, eta, horren bidez, gazteek ez dituzte egin behar izango intsulina eman aurretik neurtzeko hartzen dituzten sastada guztiak

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak hil honetan, azaroan, ezarriko dute glukosaren etengabeko monitorizazio-sistema berria, denbora errealean, 18 urtetik beherako diabetiko guztientzat, Osasuneko sailburu Jon Darpónek joan den uztailean iragarri zuen bezala.

Glukosa kontrolatzeko gailu berriak Osakidetzako ESIetako endokrinologia kontsulten bidez banatuko dira, eta espero da 3 hilabeteko epean izatea 1 motako diabetesa duten adingabe guztiek, 400 inguruk, sistema hori, horrela intsulina eman aurretik neurtzeko hartzen dituzten sastada guztiak saihesteko.

Horixe jakinarazi du gaur Osasuneko sailburu Jon Darpónek Bizkaiko Diabetes Elkarteak, ASVIDIAk, datorren azaroaren 14an Diabetesaren Mundu Eguna dela eta, antolatutako ekitaldian.

Osasuneko sailburuak nabarmendu du ziztada kapilarrak egin beharrean, egungo sisteman egin behar den bezala, metodo berria sentsore-adabakia izango dela, odoleko glukosa-maila neurtuko duena, eta horrela, beraz, hobetu egingo dela pazienteen bizi-kalitatea.

Prestazio berri horrekin, Europako zenbait herrialdetan dagoeneko erabiltzen den sistema berri hori ezartzen duen Estatuko lehenengo autonomia-erkidegoetako bat bilakatu da Euskadi.  

Egungoa sistema berriekin ordezkatzeko kostua 330.000 euro ingurukoa izango da, eta sistema berri hori aplikatzeak ekarriko dituen emaitzen ebaluazioaren bidez balioetsiko da 1 motako diabetesa duten paziente helduetara zabaltzeko aukera.         

 

DIABETESA EUSKADIN

Euskadin, Estatuko eta Europako gainerako lekuetan bezala –herritarren ezaugarri demografikoak eta bizi-estiloko aldaketak kontuan hartuta–, areagotu egin da gaixotasuna, baina prebalentzia Estatuko batez bestekoa baino txikiagoa da eta beste autonomia-erkidego batzuetakoa baino askoz ere txikiagoa.

Osakidetzako profesionalek egindako eta Eusko Jaurlaritzak osorik finantzatutako ikerketa-azterlan baten arabera, mellitus diabetesaren prebalentzia Euskadin 18 urtetik gorakoetan % 10,6koa da. Espainian, metodologia berarekin eta helburu berarekin egindako azterlanetan ikusi zen prebalentzia % 13,8koa dela eta, Andaluzian, esaterako, % 16,3koa.

Jon Darpón sailburuak azaldu duen bezala, gaixotasunaren inpaktua txikiagoa izateko eta bilakaera kontuan hartuta, diabetesean esku hartzeko, zerbitzu-zorro ona izateaz gainera, osasuneko prebentzio- eta sustapen-ekintzak behar dira, gaixotasunaren prebalentzia murrizteko faktore erabakigarri gisa, bai eta prestakuntza eta hezkuntzarako sarbidea ere. Faktore horiek guztiek bizi-kalitate hobea eta biziraupena areagotzea ekarriko dute, eta Osasun Saila lan handia eta etengabea ari da egiten hori lortzeko. 

Diabetesaren prebentziorako, bizi-estilo osasungarriak hartu behar dira; izan ere, frogatu da lotura dagoela obesitatearen, ariketa fisiko urriaren eta diabetesaren artean. Beraz, bizitzako ohitura osasungarriak izateak diabetesa izateko aukerak murrizten ditu. Oraintsu egin diren azterlanek egiaztatzen dute bizi-estilo osasungarrien bidez, 2 motako diabetes-kasuen % 90 prebenitu daitezkeela.

Hori dela eta, 2013-2020 Eusko Jaurlaritzaren Osasun Planak arreta berezia eskaintzen dio gaixotasun horri, eta diabetesaren prebentzioan esku hartzeko ekimen zehatzak garatzen ari dira, osasuna eta bizi-estilo osasungarriak sustatzeko eta arrisku-faktoreak murrizteko, besteak beste: duela gutxi aurkeztutako "Euskadiko elikadura osasungarrirako ekimenak” edo jarduera fisikoa adin guztietan sustatzea, haurtzaroan hasi eta zahartzarora arte, sektoreen arteko lankidetzaren eta tokikoan eta komunitarioan lan egitearen bidez.

Asistentzia-arreta  dela eta, Osakidetzak lehen mailako arretarako profesionalak, familia-medikuak, pediatrak eta erizainak ditu, diabetesaren prebentzioko eta kontroleko lan bikaina egiteko. Lan hori diziplina anitzeko endokrinologiako taldeekin osatzen da; Osasuneko sailburuak eskerrak eman dizkie, pazienteekin egiten duten lanagatik eta duten inplikazioagatik.

Era berean, Osakidetzak martxan ditu, Osasun Eskolaren eta Paziente Bizia programaren barruan, “Nire diabetesa zaintzen” tailerrak; bertan ikasten da gaixotasuna zaintzeko autonomia izaten, osasunarekin erantzule izaten, gaixotasunaren alderdi guztiak ezagutzen eta gaixotasunak ekar ditzakeen emozio negatiboak kontrolatzen, hau da, osasun hobea izaten. Programa horren bidez, dagoeneko, 3.000 pertsona inguruk jaso dute prestakuntza.

Pazienteak hezteko zeregin horretan, balio handia du Euskadiko diabetesaren elkarteek egiten  duten lanak, eta Osasuneko sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkie diabetesa duten pertsonen alde egiten ari diren lanagatik.

 

2017/11/11