Lehendakaria buru izan da Kultura Ondarea Saria ekimenaren sari banaketan eta parte hartu duten gazteen lana nabarmendu du

2017.eko ekainak 14

  • Irabazleak Azkoitiko Floreaga Salestar ikastetxe, Zornotzako Lauaxeta Ikastola, Ordiziako Oianguren BHIko eta Durango Maristak Ikastetxeko ikasleak dira

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan da Kultura Ondarea Saria ekimenaren sari banaketan, eta ehunka gaztek ondarearen alorrean egin duten lan fina nabarmendu du. Orain dela hiru urte jaiotako proiektu honek inoizko parte-hartzerik handiena izan du aurten: 157 ikasle taldek bidali dituzte kultura ondarearen inguruko beren bideoak. Aurtengo hiru talde irabazleak Azkoitiko Floreaga Salestar ikastetxe, Zornotzako Lauaxeta Ikastola eta Ordiziako Oianguren BHIko ikasleak dira. Hauekin batera, Durangoko Maristak Ikastetxeak sari berezi bat jaso du, beren ikasleak izan baitira bideo gehien bidali dituztenak.

Kultura eta Hizkuntza Politika eta Hezkuntza sailek elkarlanean antolatutako proiektu honen sari banaketa Lehendakaritzan izan da, arratsaldean. Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea ere izan dira gaurko ekitaldian. Eurekin batera, ehun ikasle eta irakasle inguru bertaratu dira, tartean aurreko bi urteotako irabazleak.

Ekimen honen helburua kultura ondarearen balioa azpimarratzea eta horren inguruko sentsibilizazioa sustatzea da, beti ere ondarearen kontzeptua bere zentzurik zabalenean hartuta. Horretarako, lehiaketan parte hartzen duten taldeek 3 eta 10 minutu arteko iraupeneko bideoak egin behar dituzte. Ikasleek gai zehatz baten inguruan beren kontakizuna sortu behar dute, ikus-entzunezko teknikak erabiliz, taldean lan eginez eta ikuspegi berritzailea landuz.

Aurtengo hiru irabazleek sormen gaitasun handia erakutsi dute eta ondarearen inguruko beren ikuspegi zabala argi utzi dute:

  • Azkoitiko Floreaga Salestar ikastetxeko ikasleek euskararen balioa ondare gisa nabarmendu dute eta euskalkien gaiari heldu diote. ‘Berdinean desberdin’ izan da  aldaera geografikoen inguruko zazpi minutuko beren bideoaren izena.
  • Zornotzako Lauaxeta Ikastolako ikasleek ‘Amari eginiko zorrak ez dira inoiz ordaintzen’ bideoa aurkeztu dute. Hiru minututan amaren bitartez jasotzen dugunaren balioa nabarmendu dute, hori guztia ere ondarea baita.
  • Azkenik, Ordiziako Oianguren BHIko ikasleek beste hainbat lekutatik Euskadira etorritako pertsonek euskaldunon inguruan duten iritziak jaso dituzte, baita beste hainbat datu ere. Sei minutuko iraupena du ‘Daukagun bakarra?’ bideoak.

Durangoko Maristak Ikastetxeko ikasleek proiektu honekin beren konpromisoa erakutsi dute eta 18 bideo aurkeztu dituzte kultura ondareaz. Euren ekarpenari eta beste hainbaten ekarpenari esker, proiektu hau inoizko bideo kopururik altuenera ailegatu da. Izan ere, ekimenaren lehen urtean (2015ean) 61 bideo jaso ziren, bigarrenean (2016an) 92, eta aurten zenbateko horiek era nabarmenean hazi dira (157 bideo)

Lehendakariak proiektuaren garrantzia azpimarratu du: “Kultura, ondarea eta hezkuntza elkarren eskutik hartuta doaz ekimen honetan. Horrekin batera, talde-lana, teknologia berriak edota bideogintza darabilzue ondarearen inguruko zuen mezua transmititzeko. Ekimen honek erakusten du posible dela kultura eta ondarearen erakarmena nabarmentzea proiektu erakargarri baten bidez”.

Era berean, lehendakariak ikasleek erakutsi duten konpromisoari balioa eman dio: “Inoiz baino bideo gehiago jaso ditugu. Epaimahairen arabera, gainera, horietako asko maisu-lanak izan dira. Egindako lan batzuekin txundituta gelditu direla esan digute. Ondarearen inguruko ikuspegirik zabalena hartzen du proiektu honek, eta esan beharra dago hori ondo baino hobeto ulertu duzuela”.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek hartzen dute parte proiektu honetan. Aurkeztutako guztien artean, epaimahai batek erabakitzen du zeintzuk izan diren onenak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika eta Hezkuntza sailetako ordezkariez gain, ondarean adituak diren profesionalak izan ohi dira epaimahaian. Aurten, besteak beste, Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea eta Agustin Azkarate EHUko Arkeologian katedraduna izan dira epaimahaian.

Kultura Ondarea Saria proiektuak badu blog bat (http://kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus/) eta ekimen honi buruzko informazioa biltzeaz gain, kulturako, kiroleko eta euskal gizarteko 50  pertsona ingururen ikuspegia  euskal kultura ondareari buruz biltzen du. Iñigo Urkullu Lehendakariak ere bere ekarpena egin du aurten eta bideo bat grabatu zuen Estibalizko Santutegian.

Gaur bertan Lehendakaritzan jasotako diplomez eta aitortzaz gain, proiektu honen sari nagusia Irlandara zazpi eguneko bidaia bat da. Tutoreak eta lantaldeko kideek osatutako hiru taldeek jaso dute. Horrela, euskal ikasleen hiru taldeek, beren irakasleekin eta tokiko gidari bikaina den Paddy Woodworth kazetari eta idazlearekin batera, herrialde honen kultura ezagutzeko aukera izango dute.