Lanbiden inskribatuta dauden 35.500 pertsonaren kasuan, DSBEa beren oinarrizko beharrei aurre egiteko diru-sarrera iturri bakarra da

punto_móvil_Lanbide_nieve.jpg

2017.eko abenduak 07

  • Beste 4.500 pertsonak Eusko Jaurlaritzaren gizarte-laguntza beste prestazio batekin osatzen dute.
  • Bizkaia da, proportzioan, DSBEaren onuradun gehien dituen lurraldea, eta, gero, Araba. Ordea, Gipuzkoan balantza langabezia bakarrik kobratzen dutenen aldera doa.
  • Berme-errentan gertatzen den bezala, langabeen artean, emakumezkoen kolektiboaren eragina gizonezkoena baino handiagoa da.

 

2017ko hirugarren hiruhilekoa amaitzean, Lanbideren erregistroek, guztira, diru-sarrerak bermatzen dituen errenta (DSBE) oinarrizko beharrei aurre egiteko euskarri ekonomiko bakar duten 35.593 pertsona zenbatu zituen. Horientzat guztientzat, Eusko Jaurlaritzak duela 25 urte baino gehiago ezarri zuen gizarte-prestazioa, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzen arabera, “benetako salbamendu bilakatu da, norberaren eta familiaren egoera zailei aurre egiteko, eta laneratzea eta gizarteratzea lortzeko estimulua”.

Lanbidek aldian behin egiten duen langabeziaren datuen tratamendu kualitatiboak erakusten du, gainera, kolektibo horrez gainera, badaudela beste 4.456 pertsona DSBEa beste prestazio-modalitate batzuekin osatzen dutenak (langabezia, subsidioak, laguntzak etab.).  

Laburbilduz, Lanbideren erregistroetan 40.000 langabe daude –zifra hori ez da ia aldatzen urtean zehar–, eta horiek, neurri handiagoan ala txikiagoan, ekonomikoki DSBEaren mende daude. Prestazio hori, Artolazabalek dioen bezala, “ez da arazo guztientzako irtenbidea, baina erakutsi du balio handiko tresna dela euskal herritarren artean egiturazko pobreziaren adierazleak murrizteko”. 

Bi taldeetan, guztira, Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako langabe guztien % 30 dago.

Aurrekoekin batera, irailaren amaieran lanik ez zutenen artean, ordaindutakoaren araberako prestazioren bat kobratzen zuten beste 35.902 pertsona kontabilizatu ziren –nagusiki, langabeziagatiko prestazioa–; horrela, gizarte-estalduraren ehunekoa handiagoa da, % 57,12koa (75.951 pertsona guztira erregistratutako 132.965 pertsonen artean).

Ordea, 57.014 enplegu-eskatzaile langabek ez zuten laguntzarik jasotzen, hainbat motiborengatik: eskubideak sortu ez dituztelako, diru-sarrerak gainditzen dituztelako edo ondasun nahikoa dutelako, besteak beste.

 

Bizkaia buru 

Eremu horretan, Lanbiden erregistratutako langabeen eremuan, Bizkaia da, proportzioan, DSBEaren onuradun gehien duen lurraldea; hartzaile guztien % 60,6 du. Bilbok, % 25,5; Ezkerraldeak % 16,0 eta Vitoria-Gasteizek % 14,5. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak ematen duen prestazioa gehien jasotzen duten hiru euskal eskualdeak. Kontrako poloan, bestalde, Gorbeia Inguruak (% 0,22) eta Arabako Mendialdea (% 0,05) eskualdeak daude. 

DSBEa bakarrik jasotzen duten eta langabezia edo beste prestazio-modalitate bat bakarrik kobratzen duten langabeak erkatzean ikusten da bi lurraldeetan lehenengoaren pisua nabariagoa dela: bost puntu Bizkaiaren kasuan eta bi Arabaren kasuan. “Bi lurraldeek krisialdian izandako enplegu-suntsipen handiak azalduko luke herritarren artean dagoen DSBEaren presentzia handia; hori Gipuzkoan ez da neurri berean gertatzen”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. 

Azken lurralde horretan, balantzak ia zortzi puntu egiten du langabezia kobratzen dutenen alde (% 29,3 % 21,5en aurrean).

Bermeen errentan bezala, prestazioa bakarrik kobratzen duten hartzaileen artean emakumezkoen eragina ere gizonena baino handiagoa da (19.090 langabe 16.503ren aldean). 

54 urtera arte, DSBEaren presentzia kuantitatiboa handiagoa da enplegu-eskatzaileen artean eta langabe erregistratuen artean; hori nabarmenagoa da adinak behera egin ahala. Horrela, DSBEa jasotzen duten pertsona guztien % 32,7k 35 eta 44 urte bitartean ditu. “Hala ere, 55 urteak gaindituta, langabeziagatiko prestazioaren garrantziak gora egiten du, adin horretatik gorako langabeziagatiko subsidioaren eraginagatik” esan du Artolazabalek.