"Lagundu egiguzu hobetzen: AUKERATU ZURE HIZKUNTZA!" Osakidetzak kanpaina bat jarri du abian erabiltzaileei jakinarazteko lehentasunezko hizkuntza jasota uzteko aukera dutela

kartela_aukeratu_zure_hizkuntza_e_c.jpg

2017.eko otsailak 02

Hizkuntza-eskubideen errespetuan, zerbitzuaren kalitatean eta progresibitate-irizpidean sakontzeko, Osasun Sailak eta Osakidetzak “Lagundu egiguzu hobetzen:AUKERATU ZURE HIZKUNTZA!” goiburua duen kanpaina  jarri dute abian, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren erabiltzaileei jakinarazteko osasun-arretan erabili nahi duten lehentasunezko hizkuntza jasota uzteko aukera dutela.  

Ekimena Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren (2013-2019) baitan jarri da abian, eta, aldi berean, aukera hori errespetatzeko eta osasun-arreta gaztelaniaz nahiz euskaraz emateko Osakidetzaren konpromisoa inplikatzen du, betiere errealitate soziolinguistikoaren eta erabilgarri dauden zerbitzuen eta baliabideen arabera, jomugatzat hartuta osasun-zerbitzuko prestazio guztiak Euskadiko bi hizkuntza ofizialetan eskaini ahal izatea.   

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek Legebiltzarrean legealdi honetarako Sailaren ildo estrategikoak azaltzeko egin zuen agerraldian nabarmendu zuen bezala, osasunaren arloan zerbitzuaren kalitatearen funtsezko elementuak dira komunikazioa eta enpatia, “eta lanean jarraituko dugu, beraz, pertsona guztiei ziurtatzeko osasun-arreta lehenetsitako hizkuntzan jasoko dutela, euskaraz edo gaztelaniaz. “Euskalduntzea sustatzea –adierazi zuen sailburuak–  euskararekin eta hizkuntza-bizikidetzarekin nahiz kalitatezko osasun-zerbitzua ematearekin hartuta dugun konpromisoaren batura da”.

Osakidetzan Euskararen Erabilera  Normalizatzeko II. Planeko ekimen nagusien artean, besteak beste, zerbitzu elebidunen eskaintza zabaltzea eta dokumentu klinikoetan eta informazio-sistemetan euskararen presentzia gero eta handiagoa izatea daude, biak ere langileen hizkuntza-gaikuntzan aurrera egiteko, profesionalak kontratatzeko hizkuntza-irizpideak eguneratzeko eta itunpeko zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko plana hedatzen jarraitzeko neurriak dira.

Ildo horretan, aste honetan bertan hasitako kanpainari buruzko informazioa emateko liburuxka banatu dira eta kartelak eta olanak jarri dira Euskadiko osasun-zentro, ospitale eta gainerako osasun-erakundeetan, eta kanpainaren helburua da, adierazi bezala, herritarrei aukera horren berri ematea eta zein hizkuntza aukeratu duten nola jakinarazi dezaketen adieraztea. Guztira 75.000 liburuxka, 2.350 kartel eta 41 olan prestatu dira.

Kanpainarako prestatu den materialean azaltzen den moduan, hiru eratara jakinaraz daiteke zein den lehentasunezko hizkuntza: Norbere osasun-zentrora hurbilduta; osasun-zentroan erizainari edo medikuari adierazita kontsulta batean; edo etxetik, Osasun Karpetan sartuta.

 

OHARRA.- Erantsi dira informazio-liburuxka eta Euskadiko osasun-zentro, ospitale eta gainerako osasun-erakundeetan jarritako kartelaren eta olanen irudia.  

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 2an