"(H)ABIAN 2030" Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren Euskal Estrategiaren aurkezpena

2017.eko martxoak 03

Lehenbiziko aldiz Euskadin garapenerako politikei buruzko esparru-testu bat landu dute batera Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, udalek eta gizarte zibilak

Eusko Jaurlaritzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez, “(H)ABIAN 2030” izeneko Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren Estrategia aurkeztu du gaur. Esparru-dokumentu bat da, euskal instituzio publikoek, GGKEk baita Euskadiko beste erakunde eta mugimendu batzuek ere ekimenak aurrera eramateko, giza eskubideetan eta bidezko botere-harremanetan oinarritutako gizarte bat eraikitzearren, globala eta tokikoa lotuko dituen gizartea, hain zuzen ere. Aurreneko aldiz lortzen da Euskadin halako atxikimendu zabal bat garapen-politikei buruzko esparru-dokumentu bat lantzeko. 

Gaur goizean, Gasteizko BIBAT Arkeologia, Fournier de Naipes Museoan izandako lan-jardun batean aurkeztu da “(H)ABIAN” dokumentua, 2015aren amaieran hasitako Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien, udalen, GGKEen eta hezkuntzari eta giza garapen jasangarriari lotutako eragileen arteko partaidetzazko prozesu baten ondorio. Egoeraren eta testuinguruaren analisi baten bitartez, ekarpenak bildu dira esparru-dokumentu bat landu arte: (H)ABIAN 2030. Orain, asmoa da 2030era begira, atxikitako entitateek politikak eta ekintzak gauzatzea Estrategian bildutako konpromisoak erreferentziatzat hartuta.

Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza

Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren Euskal Estrategia Garapenerako Hezkuntzaren oinordeko zuzena da, erakunde eta instituzio publikoek urteak eta urteak bultzatzen aritutakoarena. (H)abian 2030-entzat pertsonak dira nagusi, gizartearekiko, bizitza berarekiko eta bizi diren ingurunearekiko pertsona ezagueradunak, ahaldunduak eta arduradunak bultzatzen ditu, bizi den errealitatea eraldatu nahi duen hiritartasun global bat eratuz. Gutako bakoitzak dugun zereginean eta erantzukizunean sinesten du eta kritikoki aztertzeko eta ekiteko dugun gaitasuna garatzearen alde apustu egiten du. Apustu argi bat planteatzen du justiziaren, dibertsitatearen, bizitzen jasangarritasunaren eta ekitatearen alde, partaidetzarako estrategiak bultzatuz.

Euskadi mundu globalizatu baten parte da eta ekarpenak egin ditzake, tokikotasunetik, injustiziaren, desberdintasunaren, esklusioaren eta etsipenaren errealitatea eraldatzeko, pertsonek eta taldeek berdintasuna, justizia eta solidaritatea xedetzat hartzeko, euren gaitasunak erabiliz, kontzientzi hartuz eta eraldaketa horretan dagokien konpromisoa betez.   (H)ABIAN 2030 Estrategiak Agenda 2030 bultzatzen laguntzen du, ONUk onetsia eta Garapen Jasangarriaren 17 Helburuetan (GJH) zehazten dena. 

6 indar-ideia

Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren Estrategia jardun eta ekintza zehatzetan gauzatzearren, 6 indar-ideia baita 16 aldaketa-proposamen ere ematen dira:

  1. Herritartasun global jasangarria eta bidezkoa lortzeko alternatibak bilatu eta eraikitzen dituzten subjektuei laguntzea
  2. Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren ikuspegi politiko-pedagogikoak sustatzea, barneratzea eta indartzea
  3. Eskubideen ikuspegia sustatzea, barneratzea eta indartzea
  4. Ikuspegi globala-tokikoa sustatzea, barneratzea eta indartzea
  5. Eragile guztien baterako erantzukizuna sustatzea, bereziki erakunde eta instituzio publikoena
  6. Etengabeko ikaskuntza erreferentziatzat izatea

Atxikimenduak

Estrategiaren aurkezpenaren testuinguruan, erakunde hauek konpromisoa hartu dute Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko dagozkien politiketan (H)ABIAN 2030 erreferentziatzat hartzeko:

 Maila instituzionalean:

  • Eusko Jaurlaritza (erakunde sustatzailea)
  • Arabako Foru Aldundia
  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Bilboko Udala
  • Donostiako Udala
  • Gasteizko Udala
  • Euskal Fondoa:

 Sektore sozialaren aldetik:

  • Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE)
  • Kultura, Communication y Desarrollo (KCD)

Atxikimendu-prozesua ez da gaur ixten, irekita egongo baita estrategiaren garapen-aldi osoan zehar. 

Izena

Estrategiaren izenak berak, “habia” metaforaren bitartez, ideien eta proposamenen sorlekuaren sinbolo izatea du asmo. “Abian” kontzeptuak “martxan" jartzea ere esan nahi du, partaidetzazko prozesuen bitartez mugimenduari eta eboluzioari aipamen eginez.