Glefaran enpresak Ingurumen Sailari hitzeman dio zuzenduko dituela zarata eta hauts emisioak

2017.eko urtarrilak 20

 

Global Efficiency Aranguren SL (Glefaran) enpresaren zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari hitzeman dio premiaz zuzenduko dituela zarata eta hauts emisioak, eta, gainera, epe erdira plan integral bat ezarriko duela lantegiko biomasa-galdarak eragindako emisioak murrizteko, inguruan bizi diren pertsonek eta Zallako eta Gueñeseko udalek hainbat salaketa egin ondoren. Enpresa garai bateko Pastguren paper-lantegiaren jabea da, eta pelletak ekoizten ditu biomasa naturalarekin.

Enpresak konpromiso hori helarazi zuen joan den asteazkenean zuzendaritzak Ingurumeneko sailburuorde Elena Morenorekin eta Ingurumen Administrazioaren zuzendari Ivan Pedreirarekin egindako bileran. Glefaranek 2014ko abuztutik duen ingurumen-baimen bateratua aldatuz hainbat hilabete lehenago ezarri zitzaizkion neurri zuzentzaileez hitz egiteko deitu zen bilera.

Isurtzen diren partikula kutsatzaileek eta zaratak eragindako kalteengatik inguruko bizilagunek eta udalek aurkeztutako salaketen ondorioz Ingurumen Sailburuordetzak plantatik hurbil kokatuta duen neurketa-ekipo mugikorrak egindako ikuskapenen eta kontrolen emaitzaren berri eman zitzaion enpresari bilera horretan. Neurketen ondorioa da isuritako partikula solidoen eta gasen metaketak (karbono monoxidoa eta nitrogeno oxidoak) indarrean dagoen araudian jasotako eta ingurumen baimen bateratuan zehaztutako mugako balioen azpitik daudela. Hala ere, egiaztatuta dago biomasa-galdarak gehiegizko zarata ateratzen duela eta tarteka hauts esekiak isurtzen dituela, eta osasunarentzat kaltegarria ez bada ere, gogaikarria gertatzen denez disfuntzio horiek zuzendu egin behar dira. Kontrolen emaitzak jadanik jakinarazi zaizkie Zallako eta Gueñeseko udalei.

Glefaran lantegiaren zuzendaritzak Sailburuordetzari helarazi zion ari dela ekoizpen-sistema berrikusten eta egokitzen hautsa ateratzea eragozteko eta gas eta partikula emisioak murrizteko, eta Europan prestatzen ari diren eta ingurumen-baimenean zehaztutako mailak jaitsiko dituen araudira egokituko direla aldez aurretik. Alde horretatik, ziurtatu zuen ahalik eta lasterren instalatuko dutela isuritako gasen tratamendurako eta filtraziorako sistema berri bat eta, gainera, partikulak eta zarata murriztu eta kontrolatzeko neurriak hartuko dituztela.

Bestalde, Ingurumen Sailburuordetzak Glefarani jakinarazi zion jarraitu egingo duela ikuskapen eta kontrol lanarekin ingurumen-baimen bateratuaren aldaketan hitzemandako neurriak betetzen direla ziurtatzeko, eta ohartarazi dio baimena kendu egingo zaiola neurri zuzentzaileak ezartzen ez badira.

Hilaren 30ean elkartuko da Elena Moreno sailburuordea Zalla eta Gueñeseko alkateekin aurrez aurre emateko egindako kudeaketen eta Glefaranekin hartutako konpromisoen berri.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilak 20