Eusko Jaurlaritzak ia 4,5 milioi euro bideratu ditu larrialdietako eta ekintza humanitarioko proiektuetara (Gobernu Bilera 2017-07-26)

fotoconsejo.jpg

2017.eko uztailak 26

  • Onartutako 15 proiektuen bitartez laguntza jasoko dute Palestinan, Saharan, Etiopian, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Afrika Erdiko Errepublikan, Sirian, Perun, Filipinetan eta Kolonbian krisi humanitarioek eragindako herritarrek

 Eusko Jaurlaritzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez (GLEA), onartu du diru-laguntzak ematea Euskadiko GGKEei ekintza humanitarioko proeiktuak gara ditzaten munduko hainbat lekutan. Hain zuzen, GLEAk dagoeneko esleitu ditu laguntza horietarako aurreikusitako 4,7 milioi horietako gehienak. Apirilean egin zen laguntza horietako bi modalitateetara biltzeko deia:

  • Finantzaketa iraunkorreko linea, irekita dago urte osoan edota funtsak agortu arte: 2,3 milioi euro. Lerro horretakoak dira larrialdietarako proiektuak, hondamendiek eragindako pertsonei lehen laguntza eskaintzekoak. Hor sartzen dira, halaber, ekintza humanitarioko proiektuak, hondamendien aurrean prestatu eta prebenitzeko, hondamendien ondorioak arintzeko eta birgaitzeko,  bakea eraikitzeko, eta giza eskubideak eta Nazioarteko zuzenbide Humanitarioa babesteko.
  • Ekintza humanitarioko esparru-estrategien linea, lehiaketa bidez egiten da eta 2,4 milioi euroko funtsa du. Esparru-estrategien bitartez, alor humanitarioko erakunde espezializatuek laguntza eskaintzen dute batez ere ahaztutako krisialdietan. Iraupen eta aurrekontu luzeagoko ekintzak dira, komunikabideetan gutxiago agertzen diren krisiek eragindako herritarrei, eta beraz, emaile humanitarioengandik laguntza gutxiago jasotzen dutenei laguntzeko. 

Lehenengo modalitateari dagokionez (finantzaketa iraunkorreko lineako larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako proiektuak), euskal GGKE hauek aurkeztutako 12 proiektutara bideratuko dira Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak: 

  • COOPERA Elkartearen proiektura, sexu indarkeriaren biktima diren haur eta nerabeei laguntzeko Kivu Sur-en (Kongoko Errepublika Demokratikoa). 
  • Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren Lagunen Elkartearen proiektura, Tinduf-eko saharar kanpamenduetako elikagaien stock-a sendotzeko. 
  • Zabalketa Elkartearen proiektura, hondamendi naturalen eraginak arindu eta horien arriskuak gutxitzeko planak egiteko Filipinetako hiru udalerritan.
  • COOPERA Elkartearen proiektura, lurrikara bat izan ondoren Ekuadorreko Manabí probintzian kalitateko heziketa bultzatzeko. 
  • Ayuda en Acción Fundazioaren proiektura, El Niño fenomenoak Peruko iparraldeko itsasertzean eragindako uholde eta luizien eraginak arintzeko. 
  • Zabalketa Elkartearen proiektura, Kolonbiako Bahía Solano udalerrian La Niña fenomenoak kaltetutako herritarrei laguntza integrala eskaintzeko. 
  • UNRWAren (Nazio Batuen Palestinarako Agentzia) proiekturako, gatazkak kaltetutako haurrei laguntza psikosoziala emateko. 
  • UNICEFen proiekturako, Afrika Erdiko Errepublikan genero indarkeria, sexu-gehiegikeria eta sexu-esplotazioa jasan dutenei laguntzeko. 
  • Ayuda en Acción Fundazioaren proiektura, Etiopian lehorteak kaltetutako herritarren elikadura-baldintzak hobetzeko. 
  • Medicus Mundi Gipuzkoaren proiektura, Etiopian lehorteak kaltetutako herritarren osasun-baldintzak hobetzeko. 
  • Farmacéuticos Mundiren proiektura, Kongoko Errepublika Demokratikoko Kuvu Norte-ko herritarren osasuna hobetzeko. 
  • UNRWAren (Nazio Batuen Palestinarako Agentzia) proiekturako, Sirian errefuxiatutako herritar palestinarrei laguntzeko.

Bestalde, eta laguntzen bigarren modalitatea dela eta, Ekintza Humanitarioko hiru esparru-estrategia abiarazten lagunduko du Eusko Jaurlaritzak: 

  • UNRWAren (Nazio Batuen Palestinarako Agentzia) esparru-estrategia, Gazako emakumeen artean blokeoaren eragina gutxitzeko, osasuna, enplegua eta partaidetza soziala errazago eskuratzeko aukera eskainiz. 
  • Mundubat Fundazioaren esparru-estrategia, Tinduf-eko saharar kanpamenduetan ikasle gazteen erresilientzia indartzeko, horien dieta hobetuz, herrialde sahararraren giza eskubideak defendatzeko gazteon zeregina sendotuz eta horiek bizi duten egoera ezagutaraziz Euskadin. 
  • Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren Lagunen Elkartearen esparru-estrategia, Tinduf-eko kanpamenduetan ura eskuragarri izatea bermatzeko, ur-biltegiak ezarriz, uraren batzarrak eta ikus-entzunezko lehiaketa bat antolatuz, ura izatearen eskubideaz sentsibilizatzeko.