Eusko Jaurlaritzak gidatuko du Creadis 3 proiektu europarra, Kultura eta Sormen Industrien esparruan berrikuntza eta garapen ekonomikoa bultzatzeko

12.jpg

2017.eko martxoak 06

Euskadiko Artxibo Historikoan sinatutako akordio baten bitartez eman zaio hasiera gaur goizean Creadis 3-Smart Creative Districs proiektuari. Kultura eta Sormen Industrien (KSI) esparruko ekimen honek Europar Batasuneko sei lurralde batzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila arduratuko da 2017-2021 aldian gidatzeaz. Ekimen honi esker politika publikoen agendak parekatuko dira KSIen garapen berritzailea lortzeko. Creadis 3 proiektuaren bidez Euskadi erreferentziazko gune izango da Europako ekonomian gero eta pisu handiagoa duen esparru honetan, eta bere politika kulturalak hobetu ahal izango ditu.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak aurkeztu du publikoki proiektu hau abiarazi ahal izateko akordioa. Sailburuarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Kulturako sailburuorde Joxean Muñoz eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Miren Arzalluz izan dira. Izan ere, Institutuak, euskal kulturaren enbaxadore nazioartean den heinean, pisu nagusia izango du proiektuan. Akordioa sinatzeko ekitaldian Eusko Jaurlaritzako beste zenbait ordezkari ere izan dira, bai Kultura Sailburuordetzakoak bai Euskadik Europar Batasunean duen ordezkaritzakoak, parte hartzen baitu egitasmoan. Europar Batasuneko Estatu batek eta lau eskualdek hartzen dute parte, Euskadirekin batera, proiektuan: Eslovakiak, Erdialdeko Finlandiak, Emilia-Romagnak, Valoniak eta Mendebaldeko Greziak. Lurralde  guztietako ordezkariak izan dira akordioa sinatzeko Bilbon izan den ekitaldian.

Creadis 3 proiektua  bi asmo nagusirekin sortu zen: lurraldeetako politika publikoen agendak koordinatzea eta KSIen arloan Europako eskualdeetan berrikuntza eta garapen ekonomikoa sortzea helburu duten politika efizienteagoak garatzen laguntzea. Gobernantza instituzionala hobetzea eta, aldi berean, KSIek eskualdeen garapenean irmotasunez laguntzea da, beraz, proiektu honen helburua.  Hori lortzeko bigarren mailako honako helburu hauek jarraituko dira:

  • Lurralde osoan lankidetza administratiboa sustatzea KSIen ardura duten agintarien arteko sinergiak bideratzeko.   
  • Politika kultural eta ekonomiko hobeak egituratzea KSIentzat berrikuntza-politika eraginkorrak lortzeko.  
  • Nazioartean lurraldeen erakargarritasuna babestea eskualdearen ahalmen sortzailean inbertsioak areagotzeko eta talentua duten ekintzaileei bertan eusteko.
  • Zentroen, laborategien, klusterren, haztegien, unibertsitateen, parke zientifikoen eta abarren tokian tokiko ekosistemaren baitan zeharkako elkarlana hobetzea.
  • Sektore kulturalen eta teknologikoen hazkundea hobetzea zeharkako eraginak abiarazteko.  
  • ETEei nazioartekotzen laguntzea, ikerketaren eta gaitasunen arloan eta berrikuntzarako azpiegituretan negozio-eredu berriak eta gaitasunak sortzearen bitartez.

Bingen Zupiria sailburuak Creadis 3 erronkaren garrantzia azpimarratu du: “Proiektu honek erronka garrantzitsu bati heltzeko aukera emango digu, batez ere sormenaren alorrean, eta egin ahal izango dugu Europako beste lurralde batzuekin batera. Era berean, gobernantza partekatuaren ikuspegia garrantzi handikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat, beste Sail batzuekin, aldundiekin eta udalekin lan egin beharko baitugu. Azkenik, KSIak hainbat alorretara zabaltzen direla kontuan harturik, identifikatu beharko ditugu Europa mailan sustatu nahi ditugun alorrak edo diziplinak. Gastronomia berritzailearen alorra, diseinua edo bideo-jokoen mundua lehenetsiko diren diziplina estrategiko horietako batzuk izan daitezke”.

Izan ere, KSIen ikuspegiak bere baitan hartzen ditu kulturaren alboetan egon ohi diren diziplinak (diseinua, moda, gastronomia, bideo-jokoak...), artearen eta industrian bitartean koka daitezkeenak. Bilakaera bat badago, beraz, kulturaz izan den definizio tradizionalaz harago, eta kontuan hartzen dira inpaktu handia dituzten arloak, bai barnean bai kanpoan.

Creadis 3 proiektua elkarlanean gara dadin, bazkide bakoitzak gai zehatz baten gidaritza hartzea adostu du etapa horietan. Eusko Jaurlaritza politika kultural eta ekonomiko hobeak egituratzeaz arduratuko da, KSIentzat berrikuntza-politika eraginkorrak lortzeko. Proiektua arrakastatsua izan dadin ezarriko den metodologiak binaka lan egitea ezartzen du, lehentasun estrategikoak partekatzen dituzten eskualdeen arteko harremanak sustatzeko. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, Erdialdeko Finlandiako ordezkariekin duen harremanetan sakontzea egokitu zaio.

Creadis 3 proiektuak gobernantzako eta ekosistema sortzaileetako jardunbide egokiei buruzko txostena egingo du. Proposamen honek, bestalde, espezializazio adimentsu jasangarrien barruti sortzaileak ezartzeko aukera ere emango du, proiektuaren funtsezko alderdia izanik. Barruti sortzaile horiek dira agintari publikoen eta interesa duten industria-sektoreen arteko lankidetza sortzen duen ekosistema moduko bat. Era horretara, Kultura eta Sormen Industrien garapena sustatzea ahalbidetzen da, bai eta berrikuntza ere. Barruti horiek, proiektu honi esker, honako ezaugarriak izan beharko dituzte:

  • Gobernantza-eredu hobeak, KSIei babesa emateko lurralde-politika publikoen agendak parekatuko dituztenak.
  • Kulturaren eta garapen ekonomikoaren arloko politikak gauzatzeko tresnen artean sinergia handiagoa.
  • KSIak tokian tokiko berrikuntza-ekosistemetan integratzeko neurri politiko hobeak.
  • KSIen eta ekonomiaren, hezkuntzaren eta ikerketaren arloko beste sektore batzuen artean elkarloturiko lankidetza eta hazkunde-ekimen gehiago berrikuntza sustatzeko.
  • Politika hobeak tokian tokiko ETE sortzaileei nazioartekotzen laguntzeko.
  • KSIek FEIE fondoetan eta RIS3etan (espezializazio adimentsuen estrategietan) duten eginkizuna indartzea.

Guztira, proiektuak 1,4 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, eta %85a Interreg fondoetatik aterako da. Euskadik 475.279 euro izango ditu programa garatzeko; 69.791 euro Eusko Jaurlaritzaren diru-ekarpen zuzen baten bidez eta bestea fondoen bitartez.

 

Proiektuaren aurrekariak

Proiektu honen aurrekariek zerikusi zuzena dute 2014an sortu zen Regional Initiative For Culture and Creativity (RICC) ekimenarekin. Europako sare informal hori eskualdeetako 25 gobernuk, hirik eta lurraldek osatzen dute, Sare horri esker Europako erakundeen eta KSIen esparruan berrikuntzan interesa zuten alderdien arteko elkarlana sakondu ahal izan zen. Bestalde, lankidetza horri esker indartu ahal izan zen sormenak eta kulturak lurraldeen eta eskualdeen garapenean, eta hazkunde ekonomikoan, duten ahalmena.

Hainbat lan egin ondoren eta KSIen garrantzia ikertu ondoren, RICC sarearen ondorioa izan zen KSIen agenda estrategikoak falta zirela eskualdeetan. Sarearen ondorioen arabera, beraz, koordinazio handiagoa behar zen KSIen ahalmena garatzeko eta horien berrikuntza sendotzeko ingurune egokia eta aldez aurreko baldintza positiboak sortzeko.  Eta hortxe sartu da jokoan Eusko Jaurlaritza. Euskadik hartu du RICC sarearen gomendioak aplikatzeko ekimena, eta Europako Interreg programa kultura-garapenaren eta ekonomia-garapenaren arteko sinergiak sortzeko aukera moduan identifikatu du.

KSIak Euskadin

Euskadin aitortzen da kultura, sormena eta KSIak ekonomiaren hazkundearen iturri direla, eta tokian tokiko eta eskualdeetako garapenerako potentzial handia dutela.  Sektore horrek 14.000 konpainiatik gora ditu Euskadin, eta 71.000 pertsonari ematen die lana, 2014an Eusko Jaurlaritzarentzat egindako txosten baten arabera. Eusko Jaurlaritzaren Estrategia Kulturalaren emaitza positiboei esker, "Guggenheim eragina" deiturikoa edo Donostia/San Sebastián 2016, Europako Kulturaren Hiriburutza ekimenaren eragina, oso leku onean kokatuta dago Euskadi Europako testuinguruan KSIei dagokienean.  

Euskadin, 2015eko urrian sartu ziren espezializazio adimentsuaren euskal estrategian Kultura eta Sormen Industriak. Estrategia horren baitan kultura eta sormena aukera gisa identifikatu dira. Bestalde, Euskadiko esparru instituzional konplexuaren ondorioz, eskumen-maila ezberdinetan banatuta duena kultura, gobernantzak garrantzi handia du.  Erakundeen arteko sinergiak eta kulturaren eta ekonomiaren arloko agendak parekatzea funtsezkoa da, alde horretatik. Proiektu europar honen bidez horrelako zereginetan sakonduko da.