Euskadiko eta Espainiako gobernuek teknologia partekatzeko eta administrazio elektronikoan aurrera egiteko aukera ematen dien hitzarmena argitaratu du gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak

BOPV.png

2017.eko apirilak 21

  • Sinatutako lankidetza-hitzarmen honek online zerbitzu publiko modernoagoa, arrazionalizatuagoa eta sinplifikatuagoa eskaintzen die herritarrei.
  • Bi instituzioek funtsezko tresna hauek partekatuko dituzte: “SARA sarea”, sinadura elektroniko aurreratua, komunikazio elektronikoen erregistroa eta online jakinarazpen ofizialak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) argitaratu du gaur Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmena “administrazio elektronikoaren oinarrizko soluzioak elkarri emateko”. Hitzarmenaren helburua da bi administrazio publikoak elektronikoki elkarrekintzan aritu ahal izatea, herritarrei online zerbitzu publiko modernoagoa, arrazionalizatuagoa eta sinplifikatuagoa eskaintzeko.

Hala, eguneratu egin dute hitzarmena, bi gobernuek 2010ean sinatutakoa ordeztu eta hobetzen duena, alegia:  “Lankidetza-Hitzarmena Administrazio Elektronikoaren Esparruko Zerbitzuak Elkarri Emateko”.Bi gobernuei aukera emango die tresna teknologiko berriak partekatzeko, administrazio elektronikoaren garapenean arintasunez eta eraginkortasunez aurrera egiteko, eta era horretan herritarrekiko online harremana kualitatiboki hobetzeko.  

Zehazki, hitzarmen honek funtsezko lau tresna elektroniko jarriko ditu eskueran:

  • “SARA sarea” (Aplikazioen eta Sareen Sistemak Administrazioentzat): Espainiako administrazio publiko guztien eta Europako instituzio guztien arteko komunikazio-sarea.
  • Sinadura elektroniko aurreratuaren sistemak: identifikazio-, sinadura- eta ordezkaritza-sistemak.
  • Administrazio publiko guztien artean online informazioa eta komunikazio elektronikoak erregistratu eta trukatzeko sistemak.
  • Baliabide elektronikoen bitartez herritarrei jakinarazpen ofizialak helarazteko zerbitzua.   

JARRAIPEN BATZORDEA

Hitzarmen honek, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak eta Administrazio Digitaleko Idazkari Nagusi Domingo Molina Moscosok sinatu dutenak, jarraipen-batzorde bat eratzea ezartzen du. Jarraipen Batzordea 6 kidek osatuko dute –instituzio bakoitzeko 3– eta lankidetzaren kudeaketaz, jarraipenaz eta kontrolaz arduratuko da.