Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak erakustegia izango du gaurtik hasita Nagusi Azokan

2.jpg

2017.eko urriak 20

-        Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordea eta Emilio Sola, Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria inaugurazioan izan dira

-        Paco Lobatón kazetariak “Mayores a Salvo” plana azalduko du. Plana QSD Global  Fundazioak jarri du martxan; bera da bertako buru

-        Osasuna, aisia eta zerbitzuak dira aurtengo Nagusi Azokako 34 erakustegien eskaintzako sektore nagusiak

 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, aurreko edizioetan bezala, Nagusi Azokan, erakustegia jarriko du. Adinekoentzako Aisiaren, Zerbitzuen eta Jardueren Aretoa asteburuan zehar izango da, Bilbao Exhibition Centren.

Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordea, Emilio Sola, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria, eta Juan Aburto Bilboko alkateaNagusiren 21. edizioaren inaugurazioan izan dira gaur goizean.

Eusko Jaurlaritzak, edizio honetan, bere standa izango du berriro ere, “adinekoak pertsona erabat aktiboak eta oso baliozkoak direlako” premisan oinarrituta, Amilibiak azaldutakoaren arabera. Bertan, hainbat alderdi aztertuko dira: informazioa, orientazioa eta aholkularitza, teknologia berriak, zahartze aktiboa eta osasungarria, afizioen sustapena, etxetik irteteko gonbita edo belaunaldien arteko bizikidetza, besteak beste.

Standean, Paco Lobatón QSD Global Fundazioko (Fundación Europea Por Las Personas Desaparecidas) presidentea eta kazetaria egongo da. Lobatónek, Nagusin, ‘Mayores a Salvo’ plana aurkeztuko du gaur; adinekoak desagertzea prebenitzeko programa.

Gainera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila buru duen erakustegiak honako elementu hauek eskainiko ditu:

  • ‘Nagusiaktiboa’, zahartze aktiborako eta osasungarrirako ariketa fisikoen tailer praktikoa.
  • ‘Nagusi-Eskuetan’ erakusketa; bertan, 16 koadro handi egongo dira, eta bertako irudiek esku batzuetan eta norbanakoen memoria pertsonalaren oinarrizko ñabardurak jasotzen dituzten testu labur eta eskematiko batzuetan islatzen den bizi luzea laburtzen dute.
  • “Oroitzapenerako Irudiak” muntaia standaren barruko espazio bat da; bertan, antzinako sei telebista muntatuko dira, eta, horietan, garai oso bat markatu zituzten publizitate-iragarkiak, albiste eta informatibo laburrak, telebistako saioen zatiak eta filmen laburpenak proiektatuko dira. Irudiek oroitzapen ugari ekarriko dituzte.
  • ‘Nagusi-Kroma: amets baterako paisaiak”. Parte hartzeko dinamika izango da banaka edo talde txikietan hala nahi duten bisitariei argazkiak egitea. Jatorrizko argazkia egin ondoren, pertsona horiek erabakiko dute zer atzealderen oinarritan txertatu nahi duten beren irudia.
  • Jolas psikomotorren zirkuitua, trebetasun-proposamenekin, pultsu, oreka, punteria, buru-zorroztasuneko proposamenekin, besteak beste. Erronka horien guztien bidez, belaunaldien arteko parte-hartzea lortu nahi da.
  • Eta ‘Nagusiforum’, standaren espazio zentrala; bertan, zabalkunderako, zerbitzuak aurkezteko, kontzientziaziorako eta beste hainbatetarako jarduerak egingo dira. Eztabaida-ekintza, ikastaro txiki, aurkezpen, hitzaldi eta abarrez gainera, espazio honetan entrenamendua eta aisia ere landuko dira; horretarako, mikro antzerkiko lanak izango dira, eta horiek iraganaz hitz egingo diguten istorio eta kontakizunekin nahastuko dira, horiek baitira, berez, belaunaldien artekotasuna lantzeko lan onena.

34 erakustegi

Guztira, Azokan 34 erakustegi izango dira, eta, bertan, sektore publikoko eta pribatuko erakundeak eta enpresak izango dira; adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko produktu, zerbitzu, teknologia eta ekipamenduak aurkeztuko dituzte. Erakusketariak, batik bat, Bizkaikoak, Arabakoak, Gipuzkoakoak, Madrilekoak, Alacantekoak, Kataluniakoak eta Pontevedrakoak izango dira. Nagusi azokara sartzea eta Aretoan egiten diren ekitaldietan parte hartzea erabat doakoa izango da.

Nagusin hainbat sektore egongo dira ordezkatuta, besteak beste, egoitzak eta eguneko zentroak, gizarte- eta osasun-laguntza, osasun-zentroak, lanbide-elkargoak, telelaguntza eta telealarma, osasuna, gizarte-boluntariotza, prestakuntza, etxea, edertasuna, bidaia-agentziak, farmazia, parafarmazia eta ostalaritza, besteak beste.

Osasuna, aisia eta zerbitzuak dira aurtengo Nagusi Azokak bisitarien esku jarriko duen eskaintzako sektore nagusiak.

Azokaren helburu nagusiak dira belaunaldiartekotasuna eta zahartze aktiboa sustatzea; horretarako, jarduera-programa zabala du, eta, programa horren bidez, adinekoen gorputza eta burua aktibatu nahi dira eta bizitza osasungarria, parte-hartzailea eta segurua sustatu. Bigarrenik, Aretoaren helburua da adinekoen zaintzari eskainitako edo lotutako familiartekoen, zaintzaileen eta profesionalen lana nabarmentzea eta erraztea. Horretarako, aurten ere, erakusketa-arloa sortu da eta, bertan, prestakuntza-jarduerak egingo dira; hitzaldiak, konferentziak eta jardunaldiak antolatuko dira, adinekoentzako gizarte- eta osasun-arretarekin edo teknologia berriekin lotutako gaiei buruz.

Saioak Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko eta Barakaldoko udalen laguntza du, bai eta Bizkaiko Optiko Optometristen Elkargo Profesionalaren, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialaren eta Nagusiak, Bizkaiko Erretiratuen Elkartearen laguntza ere. Gainera, zenbait estamenturen laguntza, lankidetza eta zabalkundea jasotzen ditu, besteak beste, Bizkaiko udal batzuena (Portugalete, Balmaseda, Karrantza eta Zalla), Gurutze Gorriarena, Secot-ena, Médicos del Mundo-rena, Bilboko Elizbarrutiarena eta Cáritas-ena.