Beatriz Artolazabal: "familia kontzeptua babesaren, baldintzarik gabeko laguntzaren, hurbiltasunaren, bizitza-proiektuaren eta gizarte-antolaketaren sinonimoa da"

2017.eko urriak 21

  • Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Kursaalen jaiotza-tasak hobetzeko “akordio sendoa” proposatu du
  • Hirukide - Euskadiko Familia ugarien Elkarteen Federazioaren zortzigarren biltzarra.

 

 Donostia-San Sebastian, 2017/10/21

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Hirukide-Euskadiko Familia Ugarien Elkarteen Federazioaren zortzigarren biltzarraren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du, Donostia-San Sebastiango Kursaalen, eta esan du “familia kontzeptua babesaren, baldintzarik gabeko laguntzaren, hurbiltasunaren, bizitza-proiektuaren eta gizarte-antolaketaren sinonimoa dela”.

 

“Familiei eta beren inguruneei laguntza emateko gizarte-sentsibilitatea, dagoeneko, lehentasun soziala eta publikoa da”, esan du Beatriz Artolazabalek. Gainera zera esan du: “une hauetan, Eusko Jaurlaritzarentzat familia-politikak legegintzaldi honetan lehentasunezko alderdietako bat dela kontuan izanik, Familietan eta Haurretan Inbertitzeko Euskal Estrategian ari gara lanean; estrategiaren helburua da euskal herritarrek nahi beste seme-alaba izatea”.

 

Beatriz Artolazabalek berriro ere esan du “akordio sendoa” behar dela “jaiotza-tasak hobetzeko; izan ere, beharrezkoa da gure gazteen xedeak bermatzeko, gizarte aurreratua, irekia eta sendoa diseinatzeko, pentsioak ziurtatzeko, aurrerapen ekonomiko jasangarria sortzeko eta abar, eta, erronka horretan, guztiok garela beharrezkoak”. Sailburuak esan du “erakundeek, sailek, enpresek, gizarte-eragileek eta hirugarren sektoreak ekin behar diola”.

 

Artolazabal sailburuaren hitzen arabera, ”familiak bi eraldaketa demografiko handi jasan ditu azken hamarkadetan. Lehenengoaren ondoren, familia zabala izatetik dimentsio nuklearragoa izatera igaro da. Bigarrenaren ondorioz, dibertsifikatu eta pluralizatu egin da, bai moduetan, bai edukietan”.

 

“Aldaketa horiek kultura-eraldaketa ekarri dute, baina familiak jarraitzen du funtsezko elementu izaten”, esan du Artolazabalek, “eta helburua da familia garapen pertsonaleko egitura gisa finkatzea; beraz, erabat babestu beharra dago”.