Argitalpen-data: 2017/07/21

2017ko bigarren hiruhilekoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 15,9koa da

Iazko hiruhileko berdinarekin alderatuta zazpi puntu baino gehiago jaitsi da

Gazteen Euskal Behatokiko logoaBiztanleriaren Jardueraren Arabera sailkatzeko inkestaren (BJA) 2017ko bigarren hiruhilekoari dagozkion datuak argitaratu berri direla-eta, Euskadiko Autonomia Erkidegoko (EAEko) gazteen langabeziaren egoera aztertu du Gazteen Euskal Behatokiak.

Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du inkesta hau eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko biztanleriaren datuak helarazi dizkio.

Zer adierazten du langabezia-tasak?

Enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren pertsona aktiboen (lan egiteko moduan egonik, azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsonen) ehunekoa adierazten du langabezia-tasak. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.

Zein da gazteen langabezia-tasa 2017ko bigarren hiruhilekoan?

EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 15,9koa da 2017ko bigarren hiruhilekoan, 16 urtetik gorako biztanleria osoarena (% 11,0) baino handiagoa.

Zein bilakaera izan du tasa honek azken urtean?

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta langabezia-tasa ia hiru puntu jaitsi da (% 18,7koa baitzen 2017ko lehenengo hiruhilekoan).

Eta iazko hiruhileko berdinari erreparatzen badiogu jaitsiera zazpi puntukoa baino handiagoa izan da, orduko % 23,2tik oraingo % 15,9ra pasatuz.

Gazteen langabezia-tasaren jaitsiera bat dator biztanleria orokorrari dagokion tasak izandakoarekin, baina gazteen kasuan jaitsiera nabarmenagoa izan da.

 Gazteen eta biztanleria osoaren hiruhilekoko langabezia-tasek azken urtean izandako bilakaera (%)

 

Badago alderik sexu edo lurralde historikoaren arabera?

Gizon gazteen langabezia-tasa emakume gazteena baino handixeagoa da (% 17,1 eta % 14,5, hurrenez hurren).

Lurralde historikoei dagokienez, Arabak du gazteen langabezia-tasarik handiena (% 19,3); ondoren Bizkaikoa dator (% 17,7) eta Gipuzkoan jaso da tasarik txikiena (% 11,8).

16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa 2017ko bigarren hiruhilekoan, lurralde historikoaren eta sexuaren arabera (%)

 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa Twitter logoa