Eusko Jaurlaritzaren balorazioa ACB Sestao zabalduko dela jakin ondoren

2016.eko abuztuak 23

Sestaoko ACB plantaren jarduera berreskuratzeko ARCELORek hartutako erabakia baloratu du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak. Eragile guztiek bete duten eginkizuna nabarmendu du, eta gogoratu du, aurrera jarraitzeko eta hobetzen joateko bidean, plantaren lehiakortasuna indartzeko aurrera begira egin behar den lanaren lehenengo urratsa dela.

Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, jarraian adierazten den moduan baloratu du Sestaoko ACB plantaren jarduera irailean berreskuratzeko Arcelorren Zuzendaritzak atzo jakinarazi zuen erabakia:

1.     Balorazio positiboa

ARCELOR prozesuaren azken hilabete hauetako hainbat alderdi sakondu eta zehaztu aurretik, bidezkoa da positiboki baloratzea planta berriz zabaltzeko erabakia.  

Eta berez da positiboa, tartean diren eragile guztiek egin duten lan itzela gorabehera, prozesua amaierara iristen ari zelako eta Zuzendaritzak ez zuelako erabaki zorrotzik hartzen.  

Zorionez, atzo jakin genuen Sestaoko ACBko jarduerari berriz ekingo zaiola Zuzendaritzak eta langile batzordeak adostutako baldintzetan.  

2.     Eragile guztiek bete duten eginkizuna azpimarratu behar da

Prozesu osoan zehar tartean diren eragileek bete duten eginkizuna nabarmendu nahi dut: langile batzordeak, langile guztiek eta erakunde publikoek (Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sestaoko Udalak). Eta bereziki nabarmendu nahi dut azkeneko fase honetan ACBko bertako Zuzendaritzak izan duen inplikazioa, plantaren jarduerarekin jarraitzeko bere esku zeuden bide guztiak jorratu dituen aldetik.

Alde guztien ahaleginari eta inplikazioari esker iritsi gara agertoki honetara.

Denok egin dugu lan eta denok egin ditugu ekarpenak plantaren jarraipenaren alde, bakoitzak bere eskumenetik, bere aukeren arabera eta bere erantzukizunak asumituta.

Alde horretatik, zuen baimenarekin, adierazi nahi dut benetan poztu nauela langile batzordearen ordezkariekin elkarlanerako izan dugun harreman gardenak.

Arcelorreko zuzendaritzarekin egindako lana, aldiz, nekeza eta zaila izan da, eta zeuek izan zarete horren lekuko. Horren arrazoia, segur aski, prozesuak berak eragindako zailtasunak izan dira, baina Eusko Jaurlaritza geratuko da azken asteotan bertako Zuzendaritzak egin duen ahaleginarekin, plantak aurrera jarraitzeko zeuden bide guztiak arakatzeko.

Guk ondo asko dakigu direnak eta ez direnak egin behar izaten dituztela eta zailtasun ugariri egin behar izaten dietela aurre ACB plantaren arduradunek Arcelor multinazionalaren barruan. Eta gaur erabaki honekin geratuko gara, eta prozesuaren amaierako fasean zirriborratu den jardunbideari eutsi ahal izango diogula espero dugu, jarduera normalizatu bat berreskuratze bidean.

Zailtasun hauek gorabehera, zenbaitetan tirabiratsuak ere izan dira, Jaurlaritza beti egon da lehendik zeuden tresna guztiak eta bakoitza aztertzeko prest, elkarlanean jarduteko, legeak ahalbidetzen digun neurrian eta gainerako enpresekin dugun lankidetasunaren baldintza berberetan.

3.     Eusko Jaurlaritza lanean aritu da urtarrilaren erdialdetik

Urtarrilaren erdialdean jakin genuen planta behin-behinean itxiko zela, eta Jaurlaritzak jardunbide ezberdinak aktibatu zituen Europan, Estatuan eta Euskadin; altzairugintza sektorearen mahaian kontsentsuatu ondoren.

A.    Europar Batasunera jo dugu premiazko antidumping neurriak eskatzeko, eta Sestaoko plantan eragina duten produktuen inportazioaren gainean arintasun handiagoz jarduteko eskatzen jarraitzen dugu.  

Komisario batzuekin elkartu gara, komisario batzuekin posta-trukea izan dugu eta Eusko Jaurlaritza Europako ministroen topaketa batean ere izan da.

Emaitzak eskasak dira oraindik, baina ikusi dugu EBk zerbait egin nahi duela eta erantzun bat eman nahi diola sektoreak Europa osoan duen arazo honi.

B.    Gure ustez energiaren kostua da erantzuna eman beharreko beste alderdi bat, eta horregatik eskatu diogu erreakzio bat, keinu bat, ahalegin bat... Industria Ministerioari.

Ahalegin hori antzua eta ustela izan da orain arte 2016an. Ministrorik gabeko Ministerio bat, sektorearekiko interesik erakusten ez duena eta erantzunik ematen ez duena. Gobernurik ezaren eraginetako bat izan da, hain zuzen ere, euskal industriarentzat berebiziko garrantzia duen gai hauetan ezer egin ez izana.

C.    Azkenik, Euskadin bertan egindako lana, eta adierazi behar da lan-dinamika batzuk ezarri direla Zuzendaritzarekin eta Enpresa Batzordearekin.

Bereziki ekainean eta uztailean, talde teknikoak eratu dira, eta plantaren lehiakortasuna hobetzeko aukerak aztertu dituzte Prestakuntzaren, Efizientzia Energetikoaren eta I+G+b-ren arloetan.  

Hain zuzen ere, esparru horretan lagundu ahal izango dio Eusko Jaurlaritzak ACBri, aldez aurretik ARCELORen konpromisoa eta inplikazioa lortuta, inbertsioa behar duten proiektuen gidaritza bere gain hartu baitu.

Uztailaren 22an, bestalde, argi utzi genuen, eta idatziz jasota, Jaurlaritzak zer egin dezakeen enpresari laguntzeko, azken batean enpresa baita plantaren etorkizuna gidatu behar duena.

4.     ACBren etorkizuna

Urtarriletik gaur arteko bidea luzea eta nekeza izan da, baina hasi besterik ez da egin.  

Orain egokitzen da lanean jarraitzea plantaren lehiakortasuna sendotzeko eta bere jarraipena ez ezik bere posizioa hobetzea ere ziurtatzeko. Horrekin, Zuzendaritzaren eta langile batzordearen artean sinatutako Plan Sozialean adostutako enpleguak mantendu ahal izango dira eta etorkizunera begira planta enplegua sortzeko gai izatea lortu nahi da. 

Sestaoko plantak balio erantsi handiko produktu berezietara bideratzeko hartu duen norabideak, ahalmen komertzial propio bat izateak eta altzairuaren merkatuaren hobekuntza batek, ACBn jarduera normalizatua berreskuratzea posible egin dezakeela ulertzen dugu.

Urratsak pixkana eman beharko dira, jardunbideak ongi diseinatu eta planifikatu beharko dira, eta Eusko Jaurlaritza laguntzeko prest egongo da, baina, aldi berean, erne egongo da, eragile bakoitzak dagokion eginkizuna bete dezan eta denok elkarrekin egin dezagun aurrera, baina batzuek besteen lekua hartu gabe eta bakoitzak egokitzen zaion eginkizuna betez: Batzordeak, langileek, erakundeek eta Arcelorren Zuzendaritzak.