Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

358/2013 DEKRETUA, ekainaren 4koa. Honen bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzen dira Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden Batasunaren Garrantzizko 4 Leku, eta onartu egiten dira KBE horien eta Urdaibaiko itsasadarreko HBBEaren kontserbazio-neurriak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 244
  • Hurrenkera-zk.: 5570
  • Xedapen-zk.: 358
  • Xedapen-data: 2013/06/04
  • Argitaratze-data: 2013/12/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (HBBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten BGLen zerrenda, 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa.

Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluan (habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoa da zuzentaraua) eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluetan ezarritakoa betez, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri aurretik, BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) deklaratuko dituzte, eta beren lurraldeko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE) ere deklaratuko dituzte. Horretaz gain, behar adina kontserbazio-neurri ezarriko dituzte, eremu horietako habitat natural mota eta espezie mota guztien premia ekologikoei erantzuteko. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta tresnak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak. Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen gehienez 6 urte pasa daitezke, Europako Batzordeak lekuen zerrenda onartzen duenetik. Gainera, kontuan izan behar da, 42/2007 Legearen 2.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, hiri- eta lurralde-antolaketarekiko lehentasuna duela ingurumena babesteak, eta hori arautegi horren printzipio bat dela.

Halaber, Habitat Zuzentarauak eskatutako lehentasunak hiru mailatan finkatu dira: lehendabizi, lehentasuna eman zaio Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeari inolako babes figuraren menpe ez dauden eta presio eta mehatxu handiak jasaten dituzten guneak; bigarren mailan, gune bakoitzaren barruan babesteko dauden objektuen artean funtsezkoak direnak aukeratu dira; eta, hirugarren mailan, kontserbazio-neurri aktiboak lehenetsi dira, garrantziarik handiena emanez premia gehiena dutenei edo objektuen eta, oro har, gunearen kontserbazioan hobekuntza nabarmenagoa dakartenei.

Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan, EAEko Red Natura 2000 osatzen duten guneak honako hauek dira: 4 KBE (Gaztelugatxeko Doniene (ES2130005), Urdaibaiko ibai-sarea (ES2130006), Urdaibaiko itsasertzak eta padurak (ES2130007), Urdaibaiko artadi kauntauriarrak (ES2130008) eta HBBE bat (Urdaibaiko itsasadarra; ES0000144). Gune hauetan Europar Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak daude, hain zuzen, habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eta II. eranskinetan jasotakoak, bai eta basoko hegaztien kontserbazioari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako hegazti-espezieak ere. Eremu horiek, gainera, erkidego honetara iritsi ohi diren hegazti migratzaileentzako atsedenleku eta janleku dira. Horregatik eman zitzaien Natura 2000 gune izendapena.

Eremu horretan, ibai-sareak garrantzia handia du Natura 2000 Sarearen koherentziarako, konexio ekologikorako garrantzia handia baitu. Konexio-funtzio hori luzetara betetzen du sare hidrografikoan, bai eta zeharka ere, erriberako basoak eremu horretako harizti eta artadiekin dituzten loturetan, baita alderik menditsuenen eta estuario eta itsasertzaren artean ere. Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuko Natura 2000 guneen eta dauden antolamendu-tresnen arteko lotura ekologikoek eremu horiei buruzko dekretu-proiektu komun bati ekitea aholkatzen dute; hain zuzen ere, horien guztien kudeaketa erraztuko duen dekretu-proiektu bat, baliabideak abiarazteko eraginkortasun eta efizientzia handiagoa sustatuko duena.

92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakon aztertu dira gune horiek, eta eskala egokian adierazi da Europar Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdearen intereseko beste habitat batzuen banaketa. Horretaz gain, Natura 2000 gune horietako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien kokapena eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

Xehetasun-lanek aukera eman dute habitat-moten informazio zientifikoa hobetzeko; baina horietan adierazitako azalera-datuetan, zenbaitetan, alde handiak daude Euskal Autonomia Erkidegoak proposatutako tokien zerrendarekin batera Europako Batzordera bidalitako eta hari jakinarazitako datuen artean. Hasierako proposamena egiterakoan lanerako erabili zen eskalak eragin ditu desberdintasun horiek.

Xehetasun-azterketak, gainera, zenbait habitati buruzko interpretazioa zuzentzeko aukera eman du. Esate baterako, egiaztatu ahal izan da, toki batzuetan, formularioan adierazitako zenbait habitat-mota ez zeudela; eta, aitzitik, hasierako proposamenean adierazi ez ziren habitat-mota batzuk bazirela.

Kontserbazio Bereziko Eremu izendapenerako prozeduran, ondo bete da nahitaezko parte-hartzearen prozesua, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz (lege horrek ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen ditu). Prozesu horretan, gizarte- eta ekonomia-interesen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Gainera, dekretua tramitatzerakoan, bete egin da informazio publikoaren nahitaezko tramitea.

Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuko 4 KBEen eta HBBEaren kontserbazio-neurriak lantzeko, Europako Batzordearen printzipioei jarraitu zaie, eremu horretan dauden eta 92/43/EEE eta 79/409/EEE Zuzentarauetan jaso diren habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzun ahal izateko. Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. artikuluan ezarritakoaren arabera, 4 KBEak eta HBBEa batzen dituen kudeaketa-tresna bakarra landu da, gune horiek eremu komun batean kokatuta baitaude eta lotura eta jarraitutasun geografikoa baitago euren artean.

Bestalde, kontuan hartu dira honako xedapen hauetan ezarritakoak, horiei gerora egindako aldaketak barne: 5/1989 Legea, uztailaren 6koa, Urdaibai Biosfera Erreserba Babesteko eta Antolatzeko dena; eta 242/1993, abuztuaren 3koa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamua onartzen duena.

Gaztelugatxeko eremuari dagokionez, kontuan izan da baita ere irailaren 15eko 229/1998 Dekretua, Gaztelugatxe aldea babespeko biotopo deklaratzen duena.

Eusko Jaurlaritzari dagokio kontserbazio-neurriak ezartzea eta izendatzea, honako xedapen hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: 42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoa, 44. artikulua; eta 16/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Herriko Natura Babestekoa, 17. artikulua eta 13.d) artikulua.

Horrenbestez, Euskal Herriko Natura Babesteko 16/1994 Legearen 17. artikuluan eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoa betez, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2013ko ekainaren 4an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Bizkaiko Lurralde Historikoan, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea gune hauek:

    Gaztelugatxeko Doniene / San Jaun de Gaztelugatxe (ES2130005).

    Urdaibaiko ibai-sarea / Red Fluvial de Urdaibai (ES2130006).

    Urdaibaiko itsasertzak eta padurak / Zonas litorales y marismas de Urdaibai (ES2130007).

    Urdaibaiko artadi kantauriarrak / Encinares cantábricos de Urdaibai (ES2130008).

  2. 4 KBE horien eta HBBEaren mugaketa dekretu honen eranskinean dago jasota. Mugaketa hori bat dator Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakiarekin, eskualde biogeografiko atlantikoan dauden Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda onartzekoarekin.

  3. Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) horien eta Urdaibaiko itsasadarra / Ría de Urdaibai Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (ES0000144) kontserbazio-neurriak onartzea. Kontserbazio-neurri horiek dekretu honen eranskinean jasotzen dira. Neurrietako batzuen aplikazio-eremuak gainditu egiten du Natura 2000 guneen mugaketa.

  4. Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 17.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, eta alde batera utzi gabe 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3 artikuluan eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko ekainaren 13ko 42/2007 Legearen 45. artikuluan ezarritakoa, Urdaibaiko Biosfera Erreserban dagoen lurralde osoa eremu horretako KBE/HBBEen Babes Eremu Periferikotzat jotzen da.

    Gaztelugatxe KBEaren Babes Eremu Periferikoa izango da Gaztelugatxe aldea babespeko biotopo deklaratzen duen irailaren 15eko 229/1998 Dekretuan ezarritakoa.

  1. Arau honen xedea hau da: Kontserbazio Bereziko Eremuetan (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (HBBE) bermatzea Europar Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako 92/43/EEE Zuzentarauan, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbaziori buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzen.

  2. Kontserbazio Bereziko Eremuetan eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan araubide orokor hau aplikatuko da: 92/43/EEE eta 2009/147/EE Zuzentarauetan ezarritakoa, eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa.

  1. Dekretu honen xede diren Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko 4 KBEentzako eta HBBEarentzako kontserbazio-neurriak honako agiri hauetan zehaztutakoak dira:

    1. Diagnostikoaren agiria:

      1. Diagnostikoaren eranskinak.

    2. Helburuen eta jardueren agiria.

    3. Gidalerro eta arauen agiria.

    4. Mapak:

      1. KBE/HBBEen mugaketa.

      2. Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatak.

    5. Gehigarria: Europar Batasunaren intereseko habitat- eta espezie-moten kontserbazio-egoeraren segimenduari buruzko fitxak.

  2. Zehaztapen arau-emaileak dira b eta c dokumentuak eta d.1) ataleko guneen mugaketaren kartografia, dekretu honen eranskin moduan argitaratzen direnak. Gainerako atalak informatzekoak eta orientagarriak dira.

  3. Kontserbazio Bereziko Eremuen eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren kontserbazio-neurriei buruzko dokumentazio osoa interneteko helbide honetan eskura daiteke: http://www.euskadi.net/natura 2000

  4. Kontserbazio-neurrien berrikusketa edo aldaketa, zeina ez baita funtsezkoa, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua baita kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz joatea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea eraginkorra izango dela, 26/2007 Legeak ezarri bezala; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintzaren txostena jasoko da.

Indargabetuta gelditzen da Lurralde Antolamendu eta Ingurumeneko sailburuaren 2004ko azaroaren 18ko Agindua, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Artadi Kantauriarren Lurralde Ekintzarako Egitamua behin betiko onesten duena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Baimenak.

Ingurumenaren arloan eskumena duen sailburuari baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean beharrezkoak diren izapide eta jakinarazpenak egin ditzan, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Europar Batasunaren aurrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Ministeriora bidaltzea.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora bidaliko du dekretu honen onarpena, handik Europako Batzordera bidalia izan dadin.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Beste Plan batzuekiko harremana.

Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuko KBEen eta HBBearen plangintza eta kudeaketa Urdaibaiko Biosfera Erreserbak eta Gaztelugatxeko Donieneko Babespeko Biotopoak dutenekiko koherentea izan dadin, bi eremu horien plangintza eta kudeaketarako agiriak berrikusi eta, behar izanez gero aldatu egingo dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Busturian, 2013ko ekainaren 4an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko Eremuko Kontserbazio Bereziko Eremuen eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren kartografia (ES2130006), (ES2130007), (ES2130008), (ES0000144) eta (ES2130005)

http://www.euskadi.net/r33-bopvmap/eu?conf=bopv/capas/urdaibai/urdaibai.xml&lang=eu

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.