Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 6koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehena kategorian sartzeko hautaketa-prozedura egiteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia; Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 30
  • Hurrenkera-zk.: 759
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/02/06
  • Argitaratze-data: 2018/02/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Funtzio publikoa

Testu legala

Deialdi hau honako lege eta dekretu hauetan xedatutakoaren arabera egiten da: Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua eta aipatutako araudiari otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuak eta maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretuak egindako aldaketak.

Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Arautzailearen onespena dago eta, ildo horretatik, Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaera ere kontuan hartzen da.

Horretan oinarriturik, zuzendari honek Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehena kategorian sartzeko hautaketa prozedurarako deia egin du, honako hauek kontuan izanik:

DEIALDIAREN OINARRIAK:

Lehenengoa. Deialdiaren xedea.

Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehena Kategorian 160 plaza barne promozioko oposizio-lehiaketa bitartez betetzeko, hautaketa prozedurarako deia egiten da. Hautaketa hori prestakuntza ikastaroarekin eta praktika-aldiarekin osatuko da. Plaza horiek betetzeko eskatutako titulazioa EAEko Administrazio Publikoetako funtzionarioen C Taldeko C-1 Azpitaldeari dagokion mailakoa izango da, eta plaza guztietan Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna eskatuko da, derrigortasun-data gabe.

Deitutako plaza kopurua gehitu ahal izango da, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehena Kategorian sortzen diren lanpostu hutsen arabera. Aldaketa hori, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpenaren bitartez, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuko da, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Kopuru aldaketa hori Hamaikagarren oinarrian 3. zenbakian aurreikusitako tramitea bete aurretik egin beharko da.

Bigarrena. Parte hartzeko betekizunak.

  1. Hautaketa prozeduran parte hartu nahi duen pertsona onartua izateko, ondoren zehazten diren baldintza guzti-guztiak bete beharko ditu:

    1. Aurretik eskabide-orria betetzea.

    2. Ertzaintzako karrerako funtzionario izatea.

    3. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian jarduneko egoera administratiboan izatea.

    4. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian 2 urtez benetako zerbitzua beteta izatea. Benetako zerbitzuok Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 59.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz konputatuko dira.

    5. Falta astun edo falta oso astunak egiteagatik zigortua ez izana, salbu eta ezarritako zigorra baliogabetzea lortu bada.

    6. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehena kategorian sartzeko hiru deialdi agortuta ez izatea, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 59.4 artikuluan ezarritako terminoetan.

  2. Hautaketa prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko idatzi-zatian eskatzen diren baldintza-eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete beharko dituzte, egiaztatu behar dituzteneko prozedura-fasearen kaltetan izan gabe.

  3. Hautaketa prozeduran parte hartzeko eta onartua izateko, nahikoa izango da eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako eskatzen diren betekizun guztiak beteta izatea. Baldintza horien egiaztapena ofizioz egingo du deia egiten duen organoak, eta horretarako Giza Baliabideen Zuzendaritzari dagokion egiaztapena eskatuko zaio.

  4. Aurreko idatzi-zatian ezarritakoa alde batera utzita, hautaketa prozeduraren edozein alditan, ikastaroaren prestakuntza-aldia eta praktika-aldia barne, deia egiten duen organoak jakiten badu izangaietako batek ez duela betetzen deialdian parte hartzeko baldintzarik, interesdunari entzun ondoren, hautaketa prozeduratik baztertu egingo du izangai hori; baita ere, ikastaroaren prestakuntza-aldian edo praktika-aldian zehar hala gertatuz gero.

  5. Esandako hautaketa prozeduran parte hartzea borondatezkoa izango da; proba psikoteknikoak eta nortasunezkoak egiteko baimena ematen da, eta proba horien balorazioa probetako beste balorazio zati bat modura erabiliko da, Oinarri hauetan ezarritakoekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Eskabideak.

  1. Hautaketa prozeduran parte hartu nahi dutenek sailen arteko intranetaren -Gurenet- bitartez egin beharko dute eskaera, bertan eskuragarri dagoen eskaera-eredua erabiliz.

  2. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

  3. Eskabidean zehaztu egin beharko dute zein hizkuntzatan egin nahi dituzten oposizio-probak, gazteleraz edo euskaraz.

  4. Eskabidean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako, baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu beharko da.

  5. Merezimenduak eskabide-orrian alegatu beharko dira. Aurrekoa hala bada ere, Administrazio eragileak dituen merezimenduak ez dira egiaztatu behar izango, berak ofizioz egiaztatuko baititu.

    Laugarrena. Izangaiak onartzea.

  1. Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, eta Bigarren Oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatu arte Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori Hemeretzigarren oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz argitaratuko da.

  2. Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz, bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskaerak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko 10 asteguneko epea izango dute interesdunek.

  3. Aurkeztutako erreklamazioak onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendari behin betikotasuna ematen dion erabakian bertan onartu edo ezetsiko dira. Behin betiko zerrenda hori lehen idatzi-zatian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

  4. Aurreko zerrendetan eta ondoren argitaratuko diren guztietan, pertsona bere lanbide zenbakiaren bitartez identifikatuko da.

    Bosgarrena. Epaimahai Kalifikatzailea.

  1. Oposizio-lehiaketako probak eta parte hartuko duten pertsonen hautaketa zehazteko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai bat izango da, uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen aurreikuspenen arabera. Epaimahaia mahaiburu batek eta bi bokalek osatuko dute. Bokaletako batek idazkari lanak egingo ditu.

    Epaimahai Kalifikatzailea osatuko duten kideen eta ordezkoen izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bitartez argitaratuko da Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz. Otsailaren 28ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, osaera horretan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da.

  2. Epaimahai Kalifikatzailearen jarduna organo kolegiatuen funtzionamenduaren arau erregulatzaileek araupetuko dute.

    Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan agertzen direneko abstenitzeko eta errekusatzeko kausak aplikatuko zaizkie epaimahaia osatzen duten kideei.

    Aipatutako Epaimahai Kalifikatzailean parte hartzen duenak, legez aurreikusitako ordainsaria izango du.

  3. Hautaketa sistema osatzen duten proben eta merezimenduen garapena eta ebaluazioa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, autonomia osoz jokatuz. Epaimahai hori prozeduraren objektibotasunez arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

  4. Epaimahaiak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa proba guztietarako, nahiz baterako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte.

  5. Hautaketa sistema garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiko oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta beren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.

  6. Epaimahaiak ezin izango du deklaratu honako hau: onartutako izangaien kopuruak deialdiaren gai izango diren lanpostuen zenbatekoa gainditzen duela, alegia. Muga horretaz kanpo leudekeen proposamenak erabat legez kanpo egongo lirateke.

  7. Epaimahai Kalifikatzailearen Akordioak Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko dira.

  8. Epaimahaiari zuzendutako idazkiak honako posta elektroniko honetara bidaliko dira: 2018agentelehena@seg.euskadi.eus

    Epaimahaiak jasotzen dituen idazkiei bide hori erabiliz erantzungo die eta Ertzaintzako funtzionarioen posta elektroniko korporatiboko norbanako helbidera zuzenduko ditu erantzunok.

    Seigarrena. Hautaketa prozesua.

  1. Hautaketa prozesua, oposizio-lehiaketa bitartez egingo da. Oposizio eta lehiaketa prozedurak izango dira izangaien gaitasuna eta hauen arteko lehentasuna zehaztuko dutenak.

  2. Lehiaketa-aldia ez da baztertzailea izango eta horretan lortutako puntuak ez dira kontutan hartuko oposizio ariketa gainditutzat emateko ezta ariketotan lortutako emaitzak aldatzeko ere.

    Zazpigarrena. Oposizio-aldia.

    Oposizioa ondorengo probek osatuko dute:

  1. Lehenengo proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: jakintza proba bat izango da eta test erako galdetegia idatziz erantzun beharko da.

    Probaren edukia ebazpen honen I. eranskinean zehaztuta dago.

    Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

    Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik 0,333rekin zigortuko da. Erantzun bat baino gehiagoko galderak erantzun gabetzat hartuko dira. Erantzun gabeko galderak ez dira zigortuko.

    Proba honetan, 0 puntutik 90era emango dira, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 45,00 puntu lortzen ez dutenak.

    Hautaketa sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, proba gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta akordio hori argitaratuko du. Horrelakoan, proba honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:

    HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m))

    Hau da:

    HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

    APgeh = Proban gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (Deialdiaren oinarrien arabera, proban lor daitekeen puntuazio gehiena: 25,00 puntu).

    PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena:

    PZ= Zuzenak (hutsegiteak x 0,333).

    m = Epaimahaiak ezarritako proba gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazioa.

    PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (Proban gehienez lor daitekeen puntuazioa zuzena = Azterketa baten erantzun zuzenen kopurua, erantzun guztiak zuzen emanda).

  2. Bigarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, proba psikoteknikoa. 0tik 80ra bitartean baloratuko da. Bigarren proba honetan bi ariketa izango dira, biak nahitaezkoak eta baztertzaileak:

    1. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehena kategoriako polizia-eginkizunak betetzeko izangaien gaitasunak ebaluatzeko proba. Idatziz, besteak beste, ondorengo aldagarriak erantzutean datza: hitzezko gaitasunari buruzko ariketa, arrazoitze-ariketa eta espazioari buruzko gaitasunak.

      Test erako galdetegi bakoitzeko galdera bakoitzak lau erantzun aukera izango ditu eta bat bakarra izango da zuzena.

      Erantzun zuzen bakoitza puntu bat izango da eta gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik 0,333rekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak ez dira zigortuko.

      Proba hori 0tik 40ra bitartean baloratuko da eta gutxienez 20 puntu lortzen ez dutenak automatikoki bazter geratuko dira.

      Hautaketa sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, ariketa bakoitza gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta akordio hori argitaratuko du. Horrelakoan, ariketa bakoitzeko puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:

      HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m))

      Hau da:

      HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

      APgeh = Ariketan gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (Deialdiaren oinarrien arabera, ariketan lor daitekeen puntuazio gehiena: 40 puntu).

      PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena:

      PZ= Zuzenak (hutsegiteen kopurua x 0,333)

      m = Epaimahaiak ezarritako ariketa gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazioa.

      PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (Proban gehienez lor daitekeen puntuazioa zuzena. Azterketa baten erantzun zuzenen kopurua, erantzun guztiak zuzen emanda).

    2. Lanarekin zerikusia duten jarrerak neurtzeko nortasun-testa. Ariketa 0tik 40 puntura bitartean baloratuko da eta gutxienez 20 puntu ateratzen ez dituztenak automatikoki baztertuta geratuko dira.

      Ariketa horrek deitutako lanpostuaren lanbide-profila hartuko dute kontuan.

  3. Gaitasun fisikoaren proba, derrigorrezkoa eta ez baztertzailea, gaitasun fisikoaren proba. Proba hau 0tik 30 puntura bitartean baloratuko da.

    Gaitasun fisikoaren proban honakoak izango dira:

    1. Aulkiko Press-a.

    2. Bizkortasun-testa.

    3. Course Navette.

      Gaitasun fisiko proba hau osatuko duten ariketak ebazpen honetako II. eranskinean agertzen den bezala burutuko dira eta konputatuko dira.

      Ariketa bakoitza 5 puntutik 10era bitartean baloratuko da.

      Gaitasun fisikoaren proban ariketa bakoitzean gutxienez 5 puntu atera beharko dira eta, ondorioz, gaitasun fisikoaren proba osatzen duten hiru ariketetan gutxienez 15 puntu. Proban 0,0 puntu emango zaie gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiei.

      1. Aipatutako probako ariketak egiteko kontuan hartuko den adina, pertsonek eskaerak aurkezteko izango duten azken eguna izango da.

      2. Ariketa fisikoak parte hartzen dutenen erantzukizunaren mende egingo dira. Ariketa horietara aurkezteko arropa egokia beharko dute.

        Zortzigarrena. Oposizioko proben garapena.

      1. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte ezingo dira hasi probak.

      2. Lehenengo azterketa noiz, zein ordutan eta non egingo den gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko da Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz. Gainerako argitaratze iragarkiak ere, Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko dira, gutxienez 72 ordu lehenago.

      3. Epaimahai Kalifikatzaileak ezarritakoa ez bezala egin ahal izango ditu probok edo oposizioa osatzen duten ariketa desberdinak; hau da, ordena desberdinean eta egun berean proba bat baino gehiago egin edo ez. Azken honetan, ariketa edota proba desberdinen emaitzak deialdiaren oinarrietan agertzen diren hurrenkeran argitaratuko dira. Emaitzak agertuko dira aurreko proba gainditu duten neurrian, zazpigarren oinarrian agertzen den ordena jarraituz.

      4. Epaimahaiak derrigorrezko probak edota ariketak egiteko finkatutako tokian, datan eta orduan agertzen ez diren izangaiak hautaketa prozesutik baztertuta geldituko dira behin betiko, baztertzearen arrazoia ezinbestekoa izan arren. Arau bera aplikatuko zaie edozein derrigorrezko probetara berandu bertaratzen diren izangaiei.

        Derrigorrezko probetakoren batek ariketa bat baino gehiago izanez gero, eta horietako batera agertu ezean edo berandu iritsiz gero, ez bertaratutzat joko da.

        Aurrekoaren salbuespen modura, eta hautaketa prozesuetako garapenean aukera eta tratu berdintasuna izateko bermeaz, emakumeen kasuan, ariketa edo proba egin aurretik Epaimahai kalifikatzaileari jakinarazi bazaio eta medikuaren ziurtagiri bitartez egiaztatu bada, emakumeek haurdunaldiagatiko arriskua badute, erditzen badaude, edo erditu aurretiko edo ondorengo egoeretan badaude Epaimahai kalifikatzaileak egokitu ahal izango ditu horientzako tokiak eta/edo egunak. Halakoetan, egokitutako probak deialdiko 11.3 Oinarrian aurreikusitakoa baino lehen egin beharko dira.

      5. Oposiziogileek identitatearen egiaztatze agiriak eraman beharko dituzte proba guztietara; Epaimahai Kalifikatzaileak noizbait eska diezaieke hori erakusteko.

      6. Baztertze indarreko proba bakoitza bukatu ondoren, Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiz proba hori gainditu duten eta kanpoan geratu diren izangaien zerrenda argitaratuko da Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz, lortutako emaitzen puntuazioa ere azalduz.

      7. Izangaiak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ditzake azterketak.

        Bederatzigarrena. Lehiaketa.

      1. Lehiaketa-fase horren kalifikazioa oposizio-fasea gainditu dutenei baino ez zaie aplikatuko.

      2. Merezimenduak baloratzeko eskabideak aurkezteko epe amaiera hartuko da erreferentziatzat.

      3. Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ez dira merezimendutzat hartuko deialdian parte hartzeko eskatutako betekizunak eta baldintzak.

      4. Oposizio-fasean gainditutako pertsonen behin betiko zerrendaren argitalpenarekin batera, 10 egun naturaleko epea jarriko da izangaiak lehiaketa-fasean baloratzeko modukoak irizten zaizkion eta Segurtasun Sailean egiaztatu gabe dauden merezimenduak alegatzeko eta aurkezteko. Gainditutakoek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian aurkeztu beharko dituzte, epe horren barruan, Segurtasun Sailean aldez aurretik aurkeztu gabe dituen merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak; baita ere, hala dagokionean, euskararen ezagutza egiaztatzeko agiria.

      5. Lehiaketa-fasea merezimenduen balorazioan datza. Guztira, 30 puntu lortu ahal izango dira, ondorengo baremazioaren arabera:

      1. Lanbide-historiala gehienez 10 punturekin baloratuko da, Ertzaintzaren lanpostuetako eginkizunak eta polizia lanagatiko adierazpenak kontsideratuko dira.

        Polizia lanagatiko adierazpenak gehienez 10 puntu baloratuko dira Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko den urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan araututako adierazpenak ematea ondorengo baremoarekin bat etorriz baloratuko da:

        1. Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun domina: 10 puntu.

        2. Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun domina: 8 puntu.

        3. Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina: 6 puntu.

        4. Polizia-zerbitzuarengatiko gorridun diploma: 2 puntu.

        5. Polizia-zerbitzuarengatiko zuridun diploma: puntu 1.

      2. Ikasketak, gaikuntza eta trebakuntza profesionaleko jarduerak gehienez 15 punturekin baloratuko dira. Atal honetan sartzen dira espezializazio ikastaroen, titulazio ofizialen eta diploma ofizialen balorazioak.

        1. Egindako espezializazio ikastaroak.

        Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak onartutako edo egindako espezializazio ikastaro bakoitza, eta Erakundean dauden datuen arabera, 2,50 puntu emango dira eta, edozein kasutan ere, atal hau ez da baloratuko 5 puntutik gora.

        Atal honetan agertzen diren espezializazio ikastaroen katalogoa ondorengoa da:

        1. Ikerketa Kriminaleko ikastaroa (edozein izenetako) eta/edo Argiketei buruzko ikastaroa.

        2. Trafikoari buruzko ikastaroa edota Trafiko eta Bide Segurtasuneko ikastaroa.

        3. Txakur-gidarien ikastaroa.

        4. Eskolta gaikuntzako ikastaroa.

        5. Esku-hartzeko gaikuntzako ikastaroa.

        6. Brigada Mugikorreko ikastaroa.

        7. Helikopteroetako pilotuen ikastaroa.

        8. LIEUko gaikuntzako ikastaroa.

          Atal hau baloratzeko, Trafikoko Espezializazio ikastaroa eta Trafiko eta Bide Segurtasuneko Espezializazio ikastaroa egitea eta gaindituta izanak, ikastaro bakartzat emango dira eta 2,5 punturekin baloratuko da.

          Era berean, argiketei buruzko ikastaroa eta, gainera, Ikerketa Kriminaleko espezializazio ikastaroa egitea eta gaindituta izateak, ikastaro bakartzat emango dira eta 2,5 punturekin baloratuko da.

          2. Lortutako titulu eta diploma ofizialak, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak onartutakoak, gehienez 10 punturekin baloratuko dira ondorengo baremoaren arabera:

        1. Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 2. Mailan agertzen diren titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 6. Maila) 4 punturekin baloratuko da.

        2. Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 3. Mailan edo goi-mailan agertzen diren titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 7. Maila edo Goi-maila); 6 punturekin baloratuko da.

          Goi mailako beste titulazio bat lortzeko titulazio mailen kasuan, bakarrik baloratuko da mailarik altueneko titulazioa.

          Sartzeko betekizun bezala eskatzen diren adierazitako maila bereko edo gutxiagoko ikasketen titulazioak ez dira baloratuko.

      3. Antzinatasuna.

        Antzinatasunaren merezimendua Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuekin baloratuko da eta Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehena Kategorian lan egindako antzinatasuneko hilabete oso bat 0,10 baloratuko da (hilabete osoa ez denetan baztertuak izanik). Puntuazioa gehienez 5,00 puntukoa izango da.

        Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ez dira merezimendu gisa onartuko deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak eta betebeharrak.

        Hamargarrena. Euskararen ezagupen-maila.

      1. Euskararen ezagupen-maila merezimendu gisa baloratuko da.

      2. Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei edo onartu zaienei 23 puntu emango zaizkie. Eskabideak aurkezteko epe-muga hartuko da erreferentziatzat.

      3. Hautaketa prozesuan ez da inolako probarik egingo euskararen ezagupen-maila egiaztatzeko.

      4. Egiaztapenen ziurtatzea eta balorazioa Epaimahai kalifikatzaileak egingo du ofizioz.

        Hamaikagarrena. Azken kalifikazioa.

      1. Oposizioko azken kalifikazioa, ariketa edo proba desberdinetan lortutako puntuazioen batuketa izango da, eta hala doakionean euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik gehitzen dena, guzti horrek zehaztuko duelarik izangaien lehentasun-hurrenkera.

      2. Sailkapen hurrenkeran puntu berdinketarik izango balitz, ondorengo probetan emaitzarik onena lortutakoaren alde egingo litzateke eta hurrenkera honetan:

        1. 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunekoa.

        2. Euskararen ezagupen-mailan lortutako puntuaziorik onena.

        3. Ezagupen teorikoen proban lortutako puntuazio onena (oposizioko lehen proba).

      3. Hautaketa sistemaren kalifikazioa amaitzen denean, Bosgarren oinarrian aurreikusitako Epaimahai kalifikatzaileak, honako hauek onartu eta argitaratuko ditu Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari igorriko dizkio:

        1. Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda. Puntu gehien lortu dituenetik gutxien lortu dituenera antolatuta egongo da.

        2. Hautatutako pertsonen zerrenda, hautaketa prozedura gainditu dutenak, sailkapen hurrenkera eta deitutako plaza kopuruan tokia dutenak kontuan izanik.

          Hamabigarrena. Betekizunak egiaztatzea eta Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako praktiketako agente lehenen izendapena.

          1. Bigarren Oinarriko 4. zenbakian ezarritako araudiarekin bat datorren deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten hautatutako pertsonak Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako praktiketako agente lehen izendatuko ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak Ebazpenaren bitartez. Ebazpen hori Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da, ikastaroaren prestakuntza-aldiaren hasiera egunarekin batera.

          2. Betekizunen bat ez betetzeagatik errenuntziak edo baztertzeak gertatuko balira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautaketa prozesutik bazter utziko ditu edo ordezkatu egingo ditu, deitutako plazen kopuruan sartzen direnak eta eskatutako betekizunak egiaztatzen dituztenak kontuan izanik eta ezarritako sailkapen hurrenkera jarraituz.

            Hamahirugarrena. Ikastaroaren prestakuntza-aldia.

          1. Ikastaroaren prestakuntza-aldian sartzeko eskubidea izango duten Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako praktiketako agente lehenen ikastaroa emateko txanda desberdinetan banatu ahal izango dira.

            Txanda desberdinetarako izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du.

            Honako irizpideak izango dira kontuan txanda desberdinetan izateko:

            1. Hamabigarren Oinarriaren lehen idatzi-zatian adierazitako Ebazpena argitaratu baino lehen, eragindako pertsonek alegatu badute Lan bizitza eta Familiako bizitzaren arteko adiskidetze Legearen aplikaziotik sortutako inguruabarrak: ezkontza eta erditzeagatiko, erditu aurretiko eta erditu ondorengo egoerak.

              10.3.a) Oinarrian ezarritako lehentasun hurrenkera.

          2. Interesdunei ikastarora etortzeko jakinarazpena, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bidez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak berak egingo die.

          3. Prestakuntza-aldia ikasketa planaren araberakoa izango da.

          4. Prestakuntza-aldia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo da edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia berak erabakitzen dituen egoitzetan.

          5. Prestakuntza-aldiaren azken kalifikazioa Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

            Lan bizitza eta Familiako bizitzaren arteko adiskidetze Legearen aplikaziotik sortutako inguruabarrengatik ezkontza eta erditzeagatiko, erditu aurretiko eta erditu ondorengo egoerak ezartzeari begira, txandaren batean atxikitako prestakuntza-ikastaroa egingo duten pertsonei dagokienez, kalifikazioa ez da argitaratuko eta 10.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera, lehenago sailkatutako pertsonaren prestakuntza-aldiaren kalifikazioa argitaratu arte indarrik gabe geratuko da.

          6. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utziko ditu prestakuntza-aldia gainditzen ez dutenak.

          7. Prestakuntza-aldiaren edozein momentutan ikusiko balitz ikasleak prestakuntza-aldia ezin izango lukeela gainditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utzi ahal izango du prozesutik, betiere, interesatuari entzun ondoren.

            Hamalaugarrena. Praktika-aldia.

          1. Ikastaroaren prestakuntza-aldia gainditu duten pertsonek egingo dute praktika-aldia, eta egingo deneko lekuek honako ezaugarriak dituzten zentro edo bulegoak izango dira: euren jarduera arloak direla-eta, kategoria profesional honi dagokion Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako praktiketako agente lehenen prestakuntza integrala emateko ere egokienak direnak.

          2. Praktika-aldia hasi baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak praktika-aldiaren iraupena, balorazio sistemak eta prozedurak eta praktika-aldiaren gainditzea ezartzen ditueneko eta praktiketarako destinoak ematen ditueneko Ebazpena emango du. Aipatutakoa Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

            Lan-bizitza eta Familiako bizitzaren arteko adiskidetze Legearen aplikaziotik sortutako inguruabarrengatik ezkontza eta erditzeagatiko, erditu aurretiko eta erditu ondorengo egoerak ezartzeari begira, txandaren batean atxikitako prestakuntza-ikastaroa egin duten pertsonei dagokienez, praktika-aldi ebaluagarria, 10.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera, lehenago sailkatu dagoen pertsonari eragiten dion datan hasiko da.

          3. Praktika-aldian zehar, eraginkortasun profesionala ebaluatuko da, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehenen kategoriari dagozkion funtzioak betetzearekin lotuta dagoena. Ebaluazio horrek praktika-aldiak irauten duen ezarritako epean zehar betetako egintzak neurtuko ditu.

          4. Praktika-aldiaren kalifikazioak Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

          5. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak praktika-aldia gainditu ez dutenak hautaketa prozeduratik bazter utziko ditu.

            Hamabosgarrena. Praktiketako agente lehenen araubide juridikoa.

          1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Erregimenaren Araudian ezarritako diziplinazko erregimenaren arauak begiratu beharko dituzte praktiketako agente lehenek eta gertatutakoaren inguruan irakaskuntza arloko diziplinazko Polizia kidegoen Diziplinazko Erregimena izango da aplikagarri. Praktiketako funtzionario direnez gero, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 54.2 artikuluan zehazturiko lansariak jasoko dituzte.

          2. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako praktiketako agente lehenei lizentzia bat emango zaie, agente kategoriarekin lanean diren lanpostuari dagokionez. Aipatu lizentzia ordaindua izango da, salbu eta 4/1992 Legearen 54.2 artikuluan aurreikusitako lansariak jasotzearen alde badaude.

          3. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako praktiketako agente lehenak, hala egongo dira, harik eta karrerako funtzionario izendatu arte edo hautaketa prozesutik bazter utzi arte, bada hala ezartzen baitu Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 54. artikuluan praktika-aldiaren bukaerak ez du berekin ekarriko bere kategorian lehen betetako destinora bueltatuko denik.

          4. Prestakuntza ikastaroa eta praktika-aldia, bakoitza bere aldetik, derrigorrezkoak eta baztertzekoak dira, eta eurotara ez bertaratzeak ondorio hauek izango ditu izangaientzako: hautaketa prozesutik berehalakoan bazter uztea, eta Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehen kategorian sartzeko lituzkeen eskubide guztiak galtzea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak egingo du bazter uzteko den deklarazioa.

            Aurreko lerroaldean xedatutakoa kontutan izanda ere, gaindiezinezko kausaren bat dela-eta, pertsona batzuk ez badira agertzen ikastarora edo praktika-aldira edo ez badituzte burutzen, hauek egin daitezen hurrengoren batean egin ditzakete izangaiok: baldin eta aurrekoa ezinezko egiten zituzten inguruabarrak desagertuz gero, eta interesdunaren aldez aurretiko eskaririk bada. Baztertzearen adierazpena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du, berak hartuko baitu bidezko erabakia.

            Hamaseigarrena. Hautaketa prozeduraren behin betiko sailkapena eta karrerako funtzionarioen izendapena.

          1. Hautaketa prozedurako sailkapen ordenaren eraketa honela egingo da: oposizio-lehiaketan, praktika-aldiaren eta ikastaroaren prestakuntza-aldian lortutako kalifikazioen batuketa eginez.

          2. Praktika-aldiaren azken txanda amaituta hurrengo bi hilabeteen barruan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren proposamenez, hautaketa prozedura gainditu duten pertsonak karrerako funtzionario izendatuko ditu Segurtasun eta Zerbitzuen sailburuordeak eta hau Hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoarekin arabera argitaratuko da.

            Izendapena Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehen moduan izango da.

          3. Izendatutako pertsonek izendapena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 10 eguneko epean joan beharko dute lanpostura. Horrela egin ezean, salbu eta gaindiezinezko kausaren bat badago, egin dituzten jarduera guztiak baliogabeturik geratuko dira eta karrerako funtzionario izateko dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

            Hamazazpigarrena. Falta astun edo oso astunengatik zigorrak ezartzea.

            Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehen kategoriarako pertsonek lehendik diziplina-espedientez irekita dutenen edo geroztik irekitzen bazaie, hautaketa prozesuan onartzearena, beronetan jarraitzearena eta Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehen kategoriako egitearena honako honek baldintzatuko du: aipatu espedienteetan falta astun edo oso astunengatik zigorren bat ezartzea.

            Hemezortzigarrena. Pertsonen identifikazioa hautaketa prozeduran.

            Hautaketa prozedura honetan parte hartuko duten pertsonak, prozeduran (hautaketa prozesua, ikastaroaren prestakuntza-aldia eta praktika-aldia), eskaerako identifikaziorako lanbide zenbakiaren bitartez identifikatuko dira. Halaber, identifikaziorako lanbide zenbaki hori erabiliko da Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehenen izendapenerako.

            Hemeretzigarrena. Argitalpenak.

            Hala adierazten den kasuetan izan ezik, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean egingo dira, korporazioko intranetean GURENET kontsultatu ahal izango direnaren kaltetan izan gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholeko argitalpen datak mugatzaileak izango dira epe-konputuetarako.

            Hogeigarrena. Deialdiaren zenbaketa.

            Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1999 Legearen 59.4 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, deialdia agortutzat joko da eta kontagarria izango da funtzionarioa horretan parte hartzera onartuta dagoenean, hautaketa prozesuan ez agertzea edo prozesua ez amaitzea borondatez kontrakoa ez bada eta behar bezala justifikatutakoa bada. Halakoetan prozesurako deia egiten duen organoak hartuko du erabakia era askean.

            Azken kasu honetan, eragindako pertsonak, 11.3.a) oinarrian aurreikusitakoa baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari eskatuko dio deialdia konputagarria ez izatea, zuzendari nagusiari zuzendutako idazki baten bitartez.

            Hogeita batgarrena. Kalte-ordainak.

            Izangaien aldetik barneko edozein hautaketa prozesutako deialdietara aurkeztea borondatezkoa denez gero, izangaiek ez dute inolako eskubiderik izango hautaketa aldian, ikastaroaren prestakuntza-aldian eta praktika-aldian sor daitezkeen bidaia gastuen edo beste batzuen gainean, eta, beraz, administrazioak ez du gastuok ordaintzeko obligaziorik.

            Hogeita bigarrena. Errekurtsoak.

            Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honen kontra -bide administratiboari amaiera ematen diona- interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuta agertu eta hurrengo egunetik hasita, edo Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren aurrean zuzen-zuzenean aurkaratu ahal izango dute.

            Aukerako berraztertze-errekurtsoa azalduz gero, ezin izango da jo bide jurisdikzionalera, hala espresuki erabaki arte, edo presuntziozko gaitzespena gertatu arte, Administrazioaren isiltasuna dela-eta.

            Interesdunak bide jurisdikzionala aukeratuz gero, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri beharko du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998ko Legearen 14. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eskumena duen Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiari zuzenduta, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

            Deialdi honetan, epaitegien jardunaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jardunaren ondoriozko egintza administratiboei aurka egiteko, interesdunek administrazio publikoen prozedura erkidearen araubidean ezarritako kasuak eta erak erabili behar izango dituzte.

            Arkauti, 2018ko otsailaren 6a.

            Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

            MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.

            (Ikus .PDF)

            (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (9)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.