Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Zer da Politika Publikoak Ebaluatzeko Sistema bat? Elementuak eta giltzarriak

egilea: Mónica Soto del Río, 

Beste post batean (leiho berri batean irekitzen da) adierazi genuenez, gobernantza publikoan funtsezkoa da planifikazio estrategikoa eta adimentsua, planifikazio ekonomiko eta aurrekontuko planifikazioarekin lotua, hau da, emaitzak lortzera zuzendutako aurrekontu bati lotutako planifikazio estrategikoa, zeinari buruz ebaluazioa egiteaz gain kontuak ematen baitira. Bestalde, planifikazio-prozesuaren barruan baino ezin da zorroztasunez ebaluatu jarduera publikoa. 

Ebaluazioa gero eta sartuago dago EAEko administrazioetan, baina, hala eta guztiz ere, oraindik ez dugu lortu modu sistematiko batez sartzea kudeaketa publikoaren zerbitzuaren pean dagoen tresna bat bezala, batez ere errezeloa sortzen duelako kudeatzaileen eta arduradun politikoen artean.

Ebaluazioak esku-hartze publikoen efikazia, efizientzia eta gardentasuna eraginkortasunez bultzatzen baditu ere, kontua da oraindik oso gutxi ezarri dela jarduerak elaboratze, kudeatze, gauzatze eta baloratze aldera. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, planifikazio-ekintzarekin, hura nahiko ezarrita baitago, hobetu badaiteke ere. Kontu horri dagokionez, gabezia hauek antzeman ditugu planifikazio-prozesuetan:

  • Ez dago planak eta programak abian jartzen diren unetik segimendua eta ebaluazioa egiteko sistemarik.
  • Gutxi erabiltzen dira egindako ebaluazioen emaitzak, baita ebaluazioaren emaitzetan oinarritutako barneko kontu-ematearen kulturaren garapena ere (erakundeena eta erakundeen artekoa).  Ebaluazioa erabili izan denean, egindakoari buruzko informazioaren hornitzaile bezala erabili da gehiago, etorkizunean egiten diren planifikazioen oinarri bezala baino.

Ebaluazioa zerbait puntualtzat jotzeak, eta esku-hartze publikoen programatze- eta gauzatzezikloaren gainerako faseetatik aparte dagoela ulertzeak eragozten du administrazioek euren artean elkar aberastea, ez baitago eremu erkide bat erakundeek landutako esperientziak antolatzeko. Horrez gain, ebaluazioen emaitzak erabiltzea zailtzen du. Planifikazio- eta ebaluazio-kulturaren zeharka instituzionalizatu beharra dago. Horretarako, lehenik eta behin, esku-hartze publikoak planifikatzeko eta ebaluatzeko sistema bat ezarri behar da: horixe da, hain zuzen, Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoa (2020) izenekoaren 2. ardatzaren proiektu baten xede nagusia.

  • Ebaluazioa ohiko eta araututako praktika gisa sar daiteke kudeaketa publikoaren barruan, elementu-multzo baten bidez; bada, multzo hori da ebaluatzeko sistema publiko bat. Praktika hori eremu jakin bati atxikita dauden eta titulartasun publikoa duten erakunde eta entitate guztiek ezarri behar dute, gure kasuan: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren Administrazio Instituzionalak.
  • Esku-hartze publikoa da sektore publikotik bultzatzen den edozein arau, politika, plan, programa, proiektu edo planifikatzeko beste edozein forma, gizartean ondorio onuragarriak sortzeko edo talde sozial jakin bat edo interes orokorreko egoera bat hobetzeko diseinatzen dena.
  • Planifikatzeko eta ebaluatzeko sistema publikoa berresten eta sendotzen duen erabakiprozesua da instituzionalizazioa.

Ebaluazio-gaietan jarduteko esparru erkide gisa osatzen da esku-hartze publikoak ebaluatzeko sistema bat. Haren eginkizuna izango da, bada, eremu horretan egiten diren lanak antolatzea, eta, horretarako, egitura juridikoa, antolakuntzakoa eta teknikoa sortu behar da. Egitura horrek oinarriak jarriko ditu, eta haietatik abiatu beharko da garatuko den ebaluazio-jarduera. Dena den, hura ezartzeko administrazio-kultura aldatu beharra dago. Horregatik guztiarengatik ezinbestekoa da ardura politikoa eta erabakitzailea duten eragileak oso engaiatuak eta motibatuak egotea, hau da, lidergo politiko sendoa izan behar da, baita langile publikoen inplikazioa ere.

Ebaluatzeko gaitasuna da erakunde baten nahikotasuna eta ahalmena ebaluazioaren funtzioa bere egituraren parte bezala sartzeko, erabakitzeko gaitasuna duten pertsonek hura babestuko eta sustatuko dutela ziurtatuz. Ezinbestez lotuta dago ebaluazio-kulturak aurrera egitearekin, hau da, ebaluazioa Administrazioa eta kudeaketa publikoa ulertzeko modu bat bezalaxe jotzearekin.

Bi motatako faktoreak hartu behar ditugu aintzat, horrenbestez:

  • Faktore estrukturalak: pertsona batek edo erakunde batek ebaluazio-praktika gauzatu ahal izateko behar dituen elementu- eta baliabide-multzoa. Hau da, kontua da erakundeak erabilgarri dituen baliabideen bidez eta ezarritako koordinazio-arauen eta mekanismoen arabera ebaluazio zorrotzak eta kalitatezkoak egiteko gaituta eta trebatuta dauden langileak izatea. Ebaluazioa teknikatzat edo tresnatzat jotzeko faktoreak dira.
  • Faktore kulturalak: ebaluazioa bultzatzen edo sustatzen duten arau-, irizpide-, balio-, ohitura-, foru-multzoa, besteak beste.

Laburbilduta, sistemak hau behar du:

  • Esparru juridikoa

Sistemaren legezko eta arauzko euskarria da, eta elementu hauek jasotzen ditu: bai arauxedapen orokorrak (printzipioak, betebeharrak, bermeak eta eskatzen diren arau-garapenak ezartzen dituzte), baita Gobernu Kontseiluak hartzen dituen erabakiak ere (ebaluazio-lanak modu arautu batez zuzentzen dituzten lerro orientatzaileei, jarraibideei eta irizpideei buruz).

  • Antolamendu-eredua

Ebaluatzeko sistema publikoa babesteko, norbaitek hura berrikusi, hari buruzko erabakiak hartu eta jarduera-lerroak planteatu behar ditu. Ardura hori erakunde batek edo batzuek har dezakete. Sistemaren erreferentzia-eremuaren pean dauden organizazio publikoen premiak asebete behar dituzte erakunde horiek; horretarako, zentralizatuko dituzte eta ebaluazio-praktika guztiak antolatuko dituzte. Horrez gain, lortutako ikaskuntzak transferitzen eta aprobetxatzen ahaleginduko dira.

Orobat, ebaluatzeko eta/edo meta ebaluatzeko eginkizunak bete ahalko dituzte, euskarria eskaintzen dieten organizazio publikoek eskatuz gero.

Antolakuntza-ereduak elementu hauek izango ditu:

  • Unitate deszentralizatuak: gure kasuan, Eusko Jaurlaritzako sailetan eta Administrazio Instituzionalaren erakundeetan eta entitateetan sortuko dituzte ebaluazioak.  Horrek ez du esan nahi esku-hartzeen, programen eta planen kudeatzaile publikoek beraiek beti ezarriko dituztenik, oro har, barneko ebaluazioak. Objektibotasun-, sinesgarritasun- eta praktikotasun-arrazoiak direla-medio, kanpoko ebaluazioak edo ebaluazio mistoak egingo dira (kanpoko ebaluatzaileen taldeekiko lankidetzan): hala lankidetzako ebaluazioak, politikaren edo programaren tartean sartuta egon diren zenbait eragilerekin (xedetaldeekin, azken onuradunekin, hirugarrenekin...), nola partaidetza-autoebaluazioak.
  • Unitate zentrala: esku-hartze publikoak bultzatzeko eta koordinatzeko eta aurrerapenen eta emaitzen segimendua egiteko. 
  • Prozedurak: lan egiteko modu berria zehazteko ezarriko dira. Administrazio elektronikoaren bidez hau guztia egin daiteke: lan-fluxuak zehaztu; erakunde osoa behar bezala ezarritako erabiltzaile-profilekin eta erantzukizunekin konektatu; esku artean duten informazio publiko guztia digitalizatu (eta modu seguruan gorde, sarbide mugatua duena babestuz) eta web inguruneetan edo herritarrekiko elkarrekintzarako beste bide batzuetan beharrezkoa den informazioa etengabe eta eguneratuta argitaratu.
  • Administrazioaren barruko eta administrazioen arteko koordinazio-mekanismoak
  • Azpiegitura lagungarria

Baliabideak edo tresnak eduki behar dira: informazio- eta komunikazio-teknologiak, webguneak, kontsulta irekiko gordailu erkidea, gida eta eskuliburu orientagarriak, ikaskuntzaprozesuak, sare laguntzaileak...

  • Metodologia

Irizpide eta jarraibide metodologikoak egin behar dira, lehenik eta behin, jarduera-programak eta legeek ezarritako neurriak aplikatzeaz arduratzen diren administrazio publikoetako langileei zuzenduak.

  • Lankidetza

Lankidetzan aritzeko loturak eta sareak sortu behar dira, politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeko erakunde nagusien presentzia eta esku hartzea bideratzeko.

Esperientzia eta jardunbide egokiak trukatzea da helburua, bai eta laguntza-sareak sortzea ere, erakundeen lana bultzatzeko, esate baterako, Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluarena.

  • Hedapena

Sistema osatzeko egindako ekintzen eta haien emaitzen informazio- eta komunikazio-ekintzak sartzen dira horren barruan: nahiz barneko esparrukoak izan (pertsonei behar den informazioa ematen die ezagutza orokorra izan dezaten, eta zeharkako erakundeen konpromisoa lortzen laguntzen du), nahiz kanpoko esparrukoak ere (publizitate aktiboa eta gardentasuna).

  • Aldaketaren kudeaketa

Ondoren azaltzen direnak helburu duten jarduerak abian jarri behar dira:

  • Lidergoa. Ardura politikoa zein teknikoa duten pertsonen lidergoa areagotu behar da, haien taldeetan eta haiekin lan egiten duten eta lankidetzan aritzen diren pertsonetan eragin dezaten.  Eragiteko gaitasuna duten pertsonak tartean sartu behar dira.
  • Partaidetza, motibazioa/sentikortzea. Pertsonen konpromisoa bultzatzen duten baldintzak sortu behar dira, helburuak lortzea errazten duten baldintza egokiak sortuz, konfiantza eta partaidetzaren, ahalduntzearen, lankidetzako lanaren eta aitormenaren aldetik.
  • Profesionalen arteko esperientzien trukea errazten duten elkarteak eta sareak sortzen bultzatu behar da.
  • Ekitaldiak sustatu behar dira (jardunaldiak, biltzarrak,...).
  • Argitalpen espezializatuak editatu behar dira.
  • Trebakuntza eta prestakuntza. Esku-hartze publikoak ebaluazioa aldatzeko eta arlo horretan lankidetzan aritzeko eta berritzeko behar diren ezagupenak eta trebeziak sustatzea da kontua. Prestakuntza eman behar zaie profesionalei, ebaluazio erabilgarriak, kalitatezkoak eta zorrotzak egiteko gauza izan daitezen.

Interesgarria izan daiteke ebaluazioan jarduten duten profesionalak akreditatzeko eta ziurtatzeko prozeduren definizioa.

  • Hedatzea eta erabiltzaileei euskarria ematea. Tresnak erabiltzen erraztu behar da.
  • Aurrekontuak

Ebaluazioek gastu bat sortzen dute, eta kostu hori sartu behar da programaren aurrekontuko aurreikuspenetan.

Esku-hartze publikoen ebaluazioa instituzionalizatzeak hau guztia dakar berarekin batera: ebaluatzeko eginkizuna esleitu behar zaien administrazioen espazioak eta instantziak definitzea eta egituratzea; ebaluazioa oinarritzeko printzipioak eta balioak definituko duen azterketarako eredu etengabe bat ezartzea; baliabide teknikoak, arauak, metodologiak, eta abar definitzea, esku-hartze horien ebaluazioa herritarren zerbitzura dagoen prozesu zorrotz, garden eta kalitatezko bihurtu dezaten.

Ebaluatzeko benetako estrategia korporatiboa abian jartzen errazteko, ezinbestekoa da, lehenik eta behin, gai honen eredu instituzionala eta antolakuntzakoa lantzea, hau da, prozesuaren lidergoa gauzatzeaz arduratzen den antolakuntzako egitura bat. Behin hura ezarri ostean, beharko diren lan-lerro ugari eta askotarikoei ekin ahalko zaie.

Hala, esku-hartze publikoak planifikatzeko eta ebaluatzeko sistema ezartzea da, hain zuzen, Gobernantza eta Berrikuntza Publikorako Plan Estrategikoa (2020) (PEGIP 2020) izenekoaren bigarren ardatzaren proiektu baten xede nagusia. Haren misioa da esku-hartze publikoen ebaluazioa instituzionalizatzea, eskuhartze publikoen ebaluazioaren kultura eta praktika sustatuz Eusko Jaurlaritzan eta haren Administrazio Instituzionalean.

Proiektuaren xedea eta asmo orokorra da, horrenbestez, zeharkako sistema korporatibo bat ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren Administrazio Instituzionalean esku-hartze publikoak modu sistematikoan eta aldian behin ebaluatzeko, betiere lankidetza ikuspegitik, gardentasunerako, kontuak emateko eta etengabeko hobekuntzarako tresna gisa, arau eta metodologia esparru komunaren pean ohiko ebaluazio arautua egiteko prozedurak ezarriz. Modu horretan, Eusko Jaurlaritza ekintza premia sozialetara egokituko da, eta politika publikoen eraginkortasuna eta herritarrek horien aurrean daukaten gogobetetasun-maila ezarriko du.

Ekintza publikoaren kudeaketa eta errendimendua hobetzeko ahaleginaren parte da sistema honen eraketa. Ildo horretan, berrikuntza bat da, ezen, nahi da, alde batetik, ebaluazio eginkizuna politika publikoak kudeatzeko prozesuaren parte bezala ezarri (erabakiak hartzen laguntzea), eta, beste alde batetik, kontu ematea eta gardentasuna sendotzea, ebaluazio ikerketen adierazleak eta emaitzak argitaratzearen bidez. Horrek guztiak gobernantza hobetzen lagunduko du, eta, horrenbestez, baita ekintza publikoak legitimitate sozial handiagoa lortzen ere.