Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Negoziazio kolaboratiboa, Euskadiko Demokrazia eta Herritarren Parte-Hartzearen Liburu Zuriko zabalkundearen gakoetariko bat

egilea: Koldobike Uriarte, 

Irekiak joan den astean jakinarazi zuen bezalaxe, Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatuko du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin, “Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-Hartzeari buruzko Liburu Zuria” zabaltzeko bigarren fasea gauzatu ahal izateko.

Euskadiko Administrazio Publikoko langileak lankidetzan jarduteko gaitzea da zabalkunde honetan jorratu beharreko lan-ildoetako bat. Liburu Zuriak bultzatzen duen gobernantza-eredua, balio publikoaren sorkuntza optimizatzen duten hiru parte-hartze mailaren arteko bat-egitearen emaitza da:

  • Parte-hartze politikoa, hau da, politika publikoak diseinatu, planifikatu, monitorizatu eta ebaluatzeko administrazioaren eta herritarren arteko interakziotik sortutakoa. Efikazia politikoa eta izaera estrategikoa dira administrazioen eta gizarte zibilaren arteko lankidetza/parte-hartze maila honen muina: zer egin eta zertarako.
  • Zerbitzuak diseinatzeko parte-hartzea. Prestazioak diseinatu, birdefinitu edota hobetzerakoan herritarren ikuspegia txertatzea (zerbitzu publikoen erabiltzaileen ikuspuntua emanez) helburu duena. Eraginkortasunarekin lotuago dagoen parte-hartze maila honek izaera operatiboa du: nola operatibizatu, nola doitu eta, azken batean, nola hobetu zerbitzu publikoen prestazioa.
  • Parte-hartze kolaboratiboa, balio publikoa sortzeko gizarte zibiletik sortutako ekimenak eta lankidetzak barne hartzen dituena. Publikoa ko-kudeatzeko erantzukidetasun-inguruneen garapena ere sustatzen du: nola lankidetzan jardun gehitzeko.

Negoziazio kolaboratiborako, behar-beharrezkoa da pentsaera eta gure erreakzio emozionalak aldatzea, IE Business School-en irakasle dabilen Jacobo Ducay Habitus Incorporated-en Zuzendariak dioenez.

“Konbentzitua izatera irekita egoteak, ulertzeak eta ulermena adierazteak, gezurra dirudien arren, erraztu egiten digute konbentzitzeko lana. Izan ere, beste aldearen interesak eta hauei eusten dien logika ulertuz gero, gure diskurtsoa horren pentsaerara egokitu ahal dugu eta nahi gabe errazago konbentzitu ahal izango dugu. Benetako jakinminez entzun eta ulermena –ez adostasuna– adierazteko prozesuak berak harremanak eta komunikazioa errazten ditu, negoziazioa harremanak sendotzeko eta balioa maximizatzeko jarduera bihurtuz”.

Gai honetan sakontzera animatu nahi zaituztegu, Eusko Jaurlaritzako langileen eta epailetza, enpresa eta gizarte arloetako kanpoko beste eragile batzuen prestakuntza-prozesuetan esku hartzen ari den Jacobo Ducay irakasleak landutako artikulu honen bitartez:

Negoziazioa_Jacobo Ducay-ren artikulua.pdf (PDF, 84 KB)