Justizia eta Giza Eskubideen Saila

Oinarriak

I. Nazioarteko erreferentziazko esparrua

Giza eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 8. artikuluan, Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 2.3 artikuluan eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 13. artikuluak agindutakoa oinarritzat hartuta, nazioarteko zuzenbideak bi erreferentzia nagusi ditu: batetik, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2005eko abenduaren 16an emandako 60/147 Ebazpena, giza eskubideen urraketen biktimei buruzko printzipio eta jarraibideak ezartzen dituena, eta, bestetik, 29/2012 Biktimen Europar Zuzentaraua.

Erreferentziazko esparru horren espirituari eta edukiari jarraiki, biktimen alorreko barne-legeria bete behar da, eta lege- eta administrazio-tresna berriak sortu behar dira, giza eskubideen urraketen biktima guztien eskubideak errespetatzeko, babesteko eta gauzatzeko betebeharra osatzen laguntzeko.

Ildo horretan, eta X. Legegintzaldi honetarako Eusko Jaurlaritzaren biktimen alorreko politika publikoak zehazterakoan, ezinbestekoa da esanbidezko errekonozimendua egitea Eusko Jaurlaritzak, zailtasunak gorabehera eta testuinguruaren eta gaiaren beraren konplexutasunari aurre eginez, azken hiru legegintzaldietan ildo horretan egin duen lan eraikitzailearentzat. Zeregin hori amaituta dago, eta egiteke dagoenaren oinarri sendoa da.

II. Arauzko barne-esparrua

Honakoak dira biktimen inguruko politika publikoetan eragina duen arauzko barne-esparruaren erreferentzia nagusiak:

  • Estatuan: 52/2007 Legea, abenduaren 26koa, gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen dituena, eta haien aldeko neurriak ezartzen dituena.
  • 29/2011 Legea, irailaren 22koa, terrorismoaren biktimak aitortu eta osorik babestekoa.
  • 671/2013 Errege Dekretua, irailaren 6koa, Terrorismoaren biktimak aintzatesteko eta haiei osoko babesa emateko irailaren 22ko 29/2011 Legearen Erregelamendua onartzen duena.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan:
    • 4/2008 Legea, ekainaren 19koa, terrorismoaren biktimei aitorpena eta erreparazioa egitekoa.
    • 55/2010 Dekretua, otsailaren 23koa, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluarena.
    • 290/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duena.
    • 107/2012 Dekretua, ekainaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa.
    • 426/2013 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko dekretua aldatzen duena.
    • 157/2014 Dekretua, uztailaren 29koa, Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordea arautzen duena.

III. Abiapuntuak

  • Gobernuek errespetatu, errespetarazi eta barne-legerian aplikatu behar dituzte giza eskubideen urraketen biktimen alorreko nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta giza eskubideen nazioarteko arauak.
  • Esparru horretan, terrorismoaren, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen ondorioz kalte larria jasan duten pertsonak dira biktimak. Heriotza izanez gero, senideak dira biktimak, ezarritako ahaidetasun-mailaren arabera
  • Nazioarteko estandarren arabera, pertsona bat biktimatzat joko da urraketaren egilea identifikatuta, atxilotuta, epaituta edo kondenatuta egon edo ez.
  • Biktimen eskubideak zehatzak eta espezifikoak dira, eta argi eta garbi zehaztuta daude giza eskubideei buruzko nazioarteko arauetan eta nazioarteko zuzenbide humanitarioan. Hiru kontzeptutan laburbiltzen dira: egia, justizia eta erreparazioa.
  • Biktima guztiak errekonozitu eta erreparatu ahal izateko, lehenik eta behin, giza eskubideen urraketa guztiak ikertu eta ikusarazi behar dira, salbuespenik egin gabe, eta alde bateko eta besteko urraketak alderatu, konpentsatu edo deuseztatu gabe.
  • Biktimen politika publikoak inolako diskriminaziorik gabe garatu behar dira, urraketa horretarako aldarrikatutako arrazoia edo motibazioa edozein izanik ere, edo egileak edo arduradunak edozein izanik ere.

V. Helburua

Biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubideak bete daitezela laguntzea, nazioarteko legeriak eta zehazkiago Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 60/147 Ebazpenak ezarritakoari jarraiki.

  1. Egia. Giza eskubideen urraketen inguruko egia ezagutzeko beharrezko bitartekoak arbitratzea, eta biktimen eskura urraketen eta erreparazio-mekanismoen inguruko informazio egokia jartzea.
  2. Justizia. Biktimei laguntza egokia ematea, justizia benetan eta berdintasunean jasotzeko eta bidezko prozedura inpartzial bat izateko eskubidea gauzatzeko aukera izan dezaten.
  3. Erreparazioa. Erreparazio egokia eskaintzea, urraketa bakoitzaren larritasunaren araberakoa. Horrek esan nahi du leheneratzeko, erreparatzeko, birgaitzeko, gogobetetzeko eta ez errepikatzea bermatzeko kontzeptuak aintzat hartu behar direla.

V. Irizpideak

  • Ez da ahaztu behar biktimak banan-banan hartu behar direla aintzat, esanahi kolektiboa izan badezakete ere. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren politika publikoak pertsonalizazioari emango dio lehentasuna, baita biktimizazio modu berriak saihesteari ere.
  • Biktimenganako sentsibilitateari eutsiz, arlo horretako politikak testuinguru biktimologiko eta kriminologiko guztiak errespetatu behar ditu, diskriminaziorik gabe eta urraketa batzuen eta besteen arteko alderaketa, konparazio edo konpentsaziorik egin gabe.
  • Legegintzaldi honetan, biktimen alorreko politika publikoa bakerako eta bizikidetzaren normalizaziorako planaren parte eta eragile da, honako bi ardatz nagusi hauetan oinarrituta:
    • Iraganari begirada kritikoa egitea, ETAren terrorismora zein indarkeriaren edozein modutara jotzea edo giza eskubideen edozein urraketa deslegitimizatzeko, eta egindako urraketen banalizazioa edo ukazioa.
  • Etorkizunari prebentzio-begirada ematea, berriro ez gertatzea bermatzeko, giza duintasunarekiko, giza eskubideekiko eta bizikidetzarekiko zalantzarik gabeko konpromisoan oinarritutako gizarte- eta hezkuntza-proiektu baten bitartez.

VI. Jarduteko bi eremu zabal

Eusko Jaurlaritzaren biktimen politika 2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Planaren barruan dago eta ETAren terrorismoaren behin betiko amaieraren testuinguru historikoan kokatzen da. Biktimei dagokionez, jarduteko bi lan-ardatz osagarri garatzea aurreikusten du planak: jarraipena eta berrikuntza.

  • Alde batetik, biktimak aitortzeko eta haiei babesa eta ordaina emateko ildo nagusien jarraipenaren alde egiten du.
  • Bestetik, politikak berritzea proposatzen du, egungo behar berriei erantzuteko.
Azken aldaketako data: 2015/07/15