Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Norman Foster eta Luis María Uriarteren 'Agravitas' proiektuak handituko du Bilboko Arte Ederren Museoa

Argitalpen-data: 

Museoaren eraberritze-lana diseinatzeko lehiaketaren harira, arkitektura-talde irabazlea aukeratu du epaimahaiak, eta ebazpenaren berri eman dio gaur Patronatuari. Patronatuaren buru Bizkaiko ahaldun nagusi eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioko Patronatuaren presidente Unai Rementeria izan da. Harekin batera izan da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Proposamen honek irabazi du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta eraberritzeko lehiaketa: UTE Foster + Partners Ltd. + LM Uriarte Arkitektura S.L.P.  taldeak aurkeztutako “Agravitas” proiektuak.

Sei hautagai finalistek beren proiektua aurkeztu eta bigarren fasea amaitu ostean ebatzi dute irabazlea epaimahaikideek; izan ere, horixe zen lehiaketaren egutegia eta prozedura: hala ezarri zuen Bilboko Arte Ederren Museoaren Fundazioak eta BBK Ohorezko Babesleak sinatutako lankidetza hitzarmenak. 

Epaimahaikideek aho batez erabaki dute proiektu irabazlea dela eraberritze-lanen helburuak egokien betetzen dituena, hala nola museoaren espazioa handitzea, hartara bildumen aurkezpena zabaltzeko, eta museoko erakusketak, hezkuntza-programak eta zabalkunde-programak sustatzea.

Gainera, proiektu irabazleak irtenbidea emango dio museoak hiriarekin duen loturari; izan ere, proiektu honen bidez, eraikin zaharraren aurrealdea ireki egingo da berriro ere –gaur egun Euskadi plazara ematen du–, eta arkitektura berriak balio berezia emango dio instituzioaren identitateari.

Museoa handitu eta berritzeko kontratua betearazteko, museoak zenbatetsitako gehienezko aurrekontua 18.658.200,00 €-koa da (BEZ barne).