Vital Fundazioa eta Hezkuntza Sailaren arteko akordioa, Betońuko Komentuko espazioaren erabilerarako

2018.eko urriak 04

  • Betoñuko Komentuko espazioak hezkuntza eta prestakuntzarako erabilera izango du 2019tik aurrera
  • Vital Fundazioaren titulartasuneko eraikinak, I-D Arte Euskadiko Goi Mailako Diseinu Eskola aterpetuko du, eta baita Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroaren hedatzea ere

Vital Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Betoñuko Komentuaren erabileran akordioa lortu dute. Azterketa eta analisi prozesu baten ondoren, Eusko Jaurlaritzak eraikin hau hezkuntza-helburuekin erabili ahal izan dezan baldintzak adostu dituzte erakunde biek. Gaur arratsaldean eman dute akordio honen berri Jon Urresti Vital Fundazioko presidenteak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

Zehazki, 2019ko urtarriletik aurrera, Betoñuko Komentua I-D Arte, Euskadiko Goi Mailako Diseinu Eskolaren egoitza izango da (Hezkuntza Sailaren menpeko eskola), eta Tknika, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroaren hedatzea ere aterpetuko du.

I-D Arte eskolari dagokionez, egun Gasteizko Aguraingo Taldearen Kalean duen egoitzan eskaintzen ditu ikasketak. Joan zen ikasturtean (ikasturte honetako datuak ixteko daude oraindik), 285 ikaslek burutu zituzten Goi Mailako Diseinu ikasketak zentro honetan (Barne Diseinua eta Diseinu Grafikoa), eta beste 80k aldiz, Artearen arlokoak egin zituzten (Argazkigintza eta Ilustrazioa), aukera hau ere eskaintzen baitu eskolak.

Lanbide Heziketaren aldeko apustua

I-D Arte, Goi Mailako Diseinu Eskola hartzeaz gain, Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketaren arloko proiektu bat ere sortu eta abiatuko du egoitza honetan: zehazki, Betoñuko Komentuak Tknika-ren handitzea aterpetuko du (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa). Instalazio berri hauetan, Tknikak orain arte garatu dituen proiektuak zabalduko ditu, sektore berriei erantzuna emanez. Hain zuzen ere, sormen industrien arloan egingo du lan Betoñun, Errenterian duen egoitzan Tknika azken urteetan burutzen ari den lanarekin koordinazioan eta haren osagarri, eta aurrerago Bilbon egingo den handitzearekin ere lankidetzan. Bilbokoan gastronomia, energia eta aeronautika arloetan jardungo du Tknikak.

Erakunde biek, lorturiko akordioaren inguruko poza azaldu nahi dute; Vital Fundazioak, hezkuntza sistemaren bidez azpiegitura moderno eta ikoniko hau gizartearen zerbitzura ipini duelako; Hezkuntza Sailak berriz, ikasleei eta hezkuntza sistemari oro har kalitatezko hezkuntza eskaintzeko aukera duelako, instalazio erakargarri eta erabilgarri hauetan. Aldi berean, akordio hau Vitoria-Gasteizen mesederako eta honek herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuen mesederako ere izango da.