Unibertsitate-tasak, izoztuta Euskadin 2018-2019 ikasturterako ere

ikasleak.jpg

2018.eko maiatzak 25

  • Neurria graduko zein masterreko ikasketei aplikatuko zaie
  • Unibertsitate-bekei dagokienez, 13.965 ikaslek jaso dute bekaren bat 2017-2018 ikasturtean

Laugarren urtez jarraian, unibertsitate-tasak izoztuta mantenduko dira berriro ere Euskadin. Eusko Jaurlaritzak eskatuta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak hartu duen erabakiari esker, ikasleek ez dute beren ahalegin ekonomikoa areagotzeko beharrik izango unibertsitate ikasketak egin ahal izateko datorren 2018-2019 ikasturte akademikoan.

Aipatu erabakia gradu guztietan aplikatuko da (beren esperimentaltasun-maila dena dela), bai eta matrikula guztietan ere: lehen matrikulazioan zein deialdi ezberdinen ondoriozko hurrengo matrikulazioetan. Master ikasketetako tasak ere izoztu egingo dira 2017-2018 ikasturterako.

Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak hartu duen erabakiarekin, tasek ez dute inolako aldaketarik izan azken lau ikasturte akademikoetan (2015-2016, 2016-2017, 2017-2018 eta datorren 2018-2019an). Azken aldaketa 2014-2015 ikasturtean izan zen, non 0,4ko igoera aplikatu zen, KPIak izandako hazkundearen parekoa.

Bekak

Bestalde, eta bukatzear den ikasturte honetan zehar, 13.965 ikaslek bekaren bat jaso dute, Hezkuntza Sailak unibertsitate ikasleentzat zabaltzen dituen beka deialdien bidez (beka orokorra, desgaituentzako garraiorako, bikaintasunerako, IkasIker lankidetza bekarako edo Erasmuserako). Emandako beka guztien artean, 11.796 beka orokorrak izan dira. 40 milioi euroko inbertsioa egin du Jaurlaritzak beka programa ezberdinetan.

Datorren 2018-2019 ikasturteari begira, Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoa eta esfortzu ekonomikoari eusten dio, unibertsitate sistemarako sarbidea errazteko bere helburuarekin bat.

Euskal Gizartean kalitatezko unibertsitate sistema baten alde egin du urteak igaro ahala, eta horren zio nagusienetako bat finantzazio publiko handia izan da; ikasleko egiten den finantza-esfortzu publikoari dagokionean, irakasle-ikertzaileko egiten den esfortzuari dagokionean, tasei dagokionean eta baita Euskal Unibertsitate Publikoaren aurrekontuei begira egiten den finantza-esfortzuan ere.