Segurtasun Sailak % 45 gehiago izango du ertzain-etxeak egokitzeko, ibilgailuak berritzeko prozesua bukatzeko eta Ertzaintzaren telekomunikazio eta informatika sistemak aldatzeko

2018.eko azaroak 08

  • Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 17,8 milioi izango ditu, eta aurten bertan deituko du 400 bat ertzainentzako hurrengo promozioa

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean 2019rako aurrekontu-proiektua, 658.215.000 eurokoa, 2018an baino % 2,7 gehiago. Sailburuarekin batera izan dira aurkezpenean Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Ana Agirre, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrena eta Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendari Guadalupe Camino.

Kapituluz kapitulu aztertuz gero, ikusten da gora egin duela pertsonalaren gastuen kapituluak, eta lansariei dagokien atal honek % 2,7ko igoera izan du, 488.750.000 eurotik 502.082.000 eurorakoa, alegia, eta aurrekontu osoaren % 76,3 da.

Funtzionamendu-gastuen kapitulua, aldiz, % 4,1 jaitsi da, 2019rako aurrekontua 108.606.900 eurokoa baita eta aurtengo ekitaldikoa 113.264.800 eurokoa izan baita.

Gastu arruntetarako transferentzien eta diru-laguntzen kapituluak ere % 12,6ko igoera izan du, batez ere beste bi milioi izendatu direlako Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarako. 2019rako, beraz, Segurtasun Sailetik 16.599.000 euroko transferentzia egingo zaio, iaz baino bi miloi gehiago. Horrela bada, Arkauteko Akademiaren datorren urteko aurrekontua 17.860.000 eurokoa izango da.

Diru horrekin, besteak beste, bederatzi hilabeteko ikastaroa uztailean amaituko duten 27. Promozioko 380 ertzainen prestakuntzari egingo zaio aurre, bai eta 28. Promozioa osatuko duten 400 bat ertzainen deialdiari eta hautaketa prozesuari ere. Kidegoan sartzeko prestakuntza horri formakuntza 2019ko urtarrilean hasiko duten LEP bateratuko udaltzainen ikastaroa eta datorren urtean EUDELekin lankidetzan egingo den deialdi berria gehitu behar zaizkio.

Kidegoan sartzeko ikastaroen aldi berean egingo dira kategoriaz igotzeko ikastaroak eta Ertzaintzako eskala eta kategoria ezberdinen, bai eta Euskadiko segurtasun publikoaren sistema osatzen duten beste kidego eta elkarte batzuen, eguneratze eta hobekuntza ikastaroak ere.

6 milioitik gora emakumeak babesteko

Segurtasunaren kapituluan, aurrekontu-proiektuan ia 7 milioi daude izendatuta genero-indarkeriari eta/edo etxeko indarkeriari aurre egiteko. Kontu-sailik handiena, 6,5 milioi eurokoa, GI-EIren biktima diren emakumeak babesteko zerbitzurako da, eta ia bi milioi gehiago dira, beraz.

Kopuru hori Bortxa komunikazio-sistema App baten bidez hobetzeko, etxeko indarkeriaren edo genero-indarkeriaren biktima diren adingabeak behar bezala babestu ahal izateko arriskuen balorazioan aldaketak ezartzeko eta GI-EIren biktimei arreta emateko ertzainek erabiltzen duten material bideografikoa eguneratzeko beste kontu-sail batzuekin osatuko da.

Inbertsio gehiago

2019an iaz baino 6 milioi gehiago izango ditu inbertsioen kapituluak, eta 19,5 milioira iritsiko da, beraz. Batez ere ertzain-etxeak zaharberritzeko, automobilen parkea berritzen amaitzeko eta telekomunikazio eta informatika sistemak egokitzeko izango dira.

Hasita edo proiektuan dauden obren artean nabarmentzen dira Erandioko biltegien eta konponketetarako garajeen estalkia zaharberritzeko lana, Basauriko Ertzain-etxearen erreforma eta Getxoko Ertzain-etxearen berrikuntza osoa. Abian dauden zaharberritze-lan eta inbertsioetarako 4,3 milioitik gora izango dira.

Ertzaintzako ibilgailuak berritzeko prozesua amaitzeko, milioi bat eurotik gora beharko dira, eta ontzi bat, trafikoko motozikletak eta beste unitate eta talde espezializatu batzuen ibilgailu espezifikoak erosteko erabiliko dira.

Azkenik, eta telekomunikazio eta informatika sistemak modernizatzeko ia 9 milioi euroko inbertsioa egitea dago aurreikusita. Berritu proiektua nabarmentzen da, eta 1,5 milioiko inbertsioa dago aurreikusita. Berritu proiektuak Segurtasun Sailaren egungo informazio-sistemen berrikuntza teknologikoa planteatzen du, eta adierazi behar da aurrezki esanguratsua ekarriko duela software lizentziek eta hardwarearen mantentze-lanek eragindako gastu arruntean.

800.000 euroko beste kontu-sail bat Enbor Sarea – Irrati-komunikazioen sare digitalaren kommutazio zentroen bilakaera teknologikorako izango da.

Eta hirugarren inbertsio-sail bat, 2.115.000 eurokoa, komunikazioen barne kudeaketarekin zerikusia duten aplikatzaileetarako izango da.

Euskara

Zeharkako ardatzetako bat euskararena da. 2019ko aurrekontuan, beraz, 2,3 milioi euro bideratuko dira euskararen erabilera bultzatzera. Igoerarik nabarmenenetako bat Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia euskalduntzeko kontu-sailean izango da, 750.000 euro izango baititu. Era berean, beste hainbat kontu-sailen artean azpimarratzekoak dira HABEri egindako kudeaketa agindurako 600.000 eurokoa, Elebi programaren 320.000 eurokoa eta polizia terminologia ikasteko eta agiriak estandaritzako 150.000 eurokoa.