Retortillo: "Kontsumitzaileei tresnak eman behar dizkiegu euren babesaren protagonistak izan daitezen"

2018.eko martxoak 05

Kontsumobidek bultzada handia eman dio bitartekaritza-lanari. Ia 15.000 enpresa daude Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikita.


Erreklamazio gehien izan dituen sektorea telekomunikazioena izan da, eta, haren atzetik, banku-zerbitzuena.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok azaldu duenez, Kontsumobidek datozen urteetarako zehaztu duen estrategiak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesten jarraitzea eta kontsumitzaileei euren babeserako tresnak ematea du helburu. Sailburuak, Kontsumobideko zuzendari Nora Abeterekin batera, 2017ko jarduera-balantzea eta etorkizunean jarduteko ildoak azaldu ditu gaur.

Retortillok adierazi duenez, erronka globalak ditugu aurrean, hala nola teknologia berrien inpaktua, kontsumo mota eta kontsumo-produktu berriak eta abar. Faktore horiek joera berriak sorrarazten dituzte. “Kontsumitzailearen ikuspegi pasibotik ikuspegi aktiborako urratsa egin dugu. Bere zereginaz jabetuta dagoen kontsumitzailea da, eta, horregatik, defendatzen dugun kontsumo arduratsutik hurbilago dago”.

Hori dela eta, sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela erakundea kontsumitzeko eta ordaintzeko modu berrietara egokitzea, informazio eta prestakuntza arina eta eraginkorra ematea, enpresen errespetuzko jokabidea sustatzea, gatazkak konpontzean bikaintasuna lortzeko lan egitea, lankidetza-sareak sendotzea eta Kontsumoko Euskal Institutuaren agerikotasuna areagotzea, kontsumoaren arloan erreferentzia izan dadin.

Kontsumobideren lanaren balantzea

Aurreko urteetan bezala, erreklamazio gehien izan dituen sektorea telekomunikazioena izan da, eta, haren atzetik, banku-zerbitzuena eta hornidurena (ura, energia eta abar). Sektore horiek erreklamazio guztien erdiak baino gehiago jaso dituzte. Izan ere, zuzendariak azpimarratu nahi izan du erreklamazioen % 28 baino gehiago urrunetik edo Internet bidez egindako erosketei lotuta daudela, eta hori kontsumo-ohituretan gertatutako aldaketa baten erakusgarria dela.

Nora Abetek azaldu duenez, 2017. urtean bultzada handia eman zaio bitartekaritza-lanari; 4.800 kasu baino gehiago landu dira, eta erdietan baino gehiagotan aldeen arteko nolabaiteko adostasuna lortu da. “Kontsumoko Arbitraje Sistemak finkatzen jarraitzen du, eta haren alde egiten jarraituko dugu. Joan den urtean, 1.294 enpresa atxiki zitzaizkion, eta dagoeneko 14.878 dira” argitu du Abetek.

2017. urtean, 23.128 erreklamazio izapidetu ziren, 8.700 Kontsumobideren bitartez eta gainerakoak KIUBen eta elkarteen bitartez. Gainera, kontsumoari lotutako 46.613 kontsultari erantzun zitzaien; haietako 10.000ri Kontsumobidek erantzun zien, zuzenean, telefonoz edo online.

Kontsumobidek ematen duen prestakuntzari dagokionez, 2017. urtean 77.300 pertsonak hartu dute parte prestakuntza-ekintzetan: 21.450 pertsonak Kontsumobideren prestakuntza-zentroetan parte hartu dute; gainerakoak, berriz, ikastetxeetako 53.190 ikasle eta irakasle, 900 guraso baino gehiago, eta helduentzako programetako 2.500 pertsona baino gehiago izan dira.

Merkatua kontrolatzeko jardueraren barruan –Kontsumobidetik egiten den lana– nabarmendu beharra dago kontsumitzaileen eskueran jarritako produktuek eta zerbitzuek baldintza guztiak betetzen dituztela ziurtatzeko diren jardueren multzoa, etiketatze, informazio eta segurtasunari dagokienez indarrean dagoen legeriak eskatutakoak.

  • Abusuzko klausulak urrunetik formalizaturiko kreditu azkarretan.
  • Ekologiko gisa etiketatutako elikagai produktuak: etiketak eta osaera.
  • Adinekoen egoitzetan zerbitzuak emateko kontratuak: kontratuko edukiaren legezkotasuna
  • eta abusuzko klausulak.
  • Ustezko osasun helburua duten produktuak.
  • Pneumatikoetako eraginkortasun energetikoko etiketak.
  • Plastikozko jostailuen etiketak eta haiek markatzea.
  • Kafe kafeinagabea: etiketak, eduki garbia eta kafeina.
  • 14 urtetik beherakoen haurrentzako arropak: estutu daitezkeen lokarriak eta sokak.
  • Jostailuen segurtasun kontrola.
  • Oliba-olioa eta oliba-patsa ontziratuen etiketen kontrola.

 

http://www.kontsumobide.euskadi.eus/contenidos/informacion/kb_memorias/eu_memoria/adjuntos/memoria2017_eu.pdf