Retortillo: "Donostia izango da erabaki eta eztabaidagune Turismoaren Munduko Gailurrean"

2018.eko maiatzak 21

  • Turismoaren Mundu Erakundeko Kontseilu Betearazlea Donostian egingo da maiatzaren 23tik 25era 
  • 240 parte-hartzaile baino gehiagok, haietatik 18 ministrok eta 45 herrialdetako ordezkarik eztabaidatuko dute sektorearen joerei eta erronkei buruz.

Turismoaren Mundu Erakundeko Kontseilu Betearazlearen bilera ofizialki hemendik 3 egunetara egiteko daudenean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok prentsaurreko bat eman du Gailur honetako programaren eta jardueren aurrerapen bat eskaintzeko. Aurkezpenean, berarekin batera izan dira Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Maider Etxebarria eta Turismoaren Euskal Agentzia-Basquetourreko zuzendari Harkaitz Millán.

Sailburuak bere jardunari hasiera eman dio sindikatuak eta patronala zorionduz, Gipuzkoako ostalaritzako gatazkan, grebari azkena eman dion akordio batera heldu izanagatik. “Oso berri ona da prozesu luze honen ondoren konponbide batera iritsi izana, lehenik negoziazio kolektiboa indartzeko; bigarren, hobetu egiten dituelako langile guztien lan-baldintzak. Eta azkenik, aukera emango digulako gure irudi onena eta gure nortasuna TMEko Kongresu honetan erakusteko”.

Retortillok azpimarratu egin du zein garrantzizkoa den “Donostiaren gaitasuna erakustea halako ekitaldi bat antolatzeko, hiri honetara, Gipuzkoara eta Euskadira zuzentzen baitu nazioarteko turismoko mandatari nagusien arreta”.

Gainera, Kongresu honek esan nahi du erabakien eremuan sartzen dela Donostia, biltzar honetan sustatuko diren kudeaketa publikoaren, kode etikoaren eta turismo jasangarriaren erdigunean. “Turismoa hazkundearen eta enpleguaren eta aukeren sorkuntzaren sinonimo den une honetan, Nazio Batuek turismoari ematen diote lehentasuna euren agendan, garapen jasangarrirako bidetzat hartuta. Eta horixe izango da hemen eztabaidagai" azaldu du Sailburuak.

Dagoeneko ziurtatuta dago etorriko direla 45 herrialdetako 240 parte-hartzaile, turismoko 18 ministro, eta baita kidego diplomatikoa, zuzendari nagusiak, Estatu Idazkariak eta ordezkaritzetako kideak ere.

“Abagune bikaina izango da hau Euskadi eta bertako baliabide turistikoak erakusteko sektorean ahalmen handienetakoa duten hainbat herrialdetako Turismoko mandatariei, eta baita aukera bat ere beste kontaktu interesgarri batzuk egiteko” esanez amaitu du Retortillok.

TMEko 108. Kontseilu Betearazlea

TMEko Kontseilua asteazken gauean hasiko da. Hala, inaugurazioko harrera bat egingo da eta bertan izatea espero da Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministro Álvaro Nadal eta Turismoko Estatu Idazkari Matilde Asiaín; Donostiako Alkate Eneko Goia; TMEko Idazkari Nagusi Zurab Pololikashvili, Turismoko Sailburuak harrera egingo dien beste mandatari eta agintari batzuen artean.

24an hasiko da Kontseilu Betearazlearen bilera, eta 25a arte luzatuko da; ohorezko enbaxadoreen sari banaketa egingo da gainera, Juan Mari Arzaki eta Rafael Ansóni emango zaiena.

Turismoaren Mundu Erakundea (TME), 1974an sortua, Nazio Batuan erakunde bat da, turismo arduratsua, jasangarria eta guztientzat irisgarria sustatzeaz arduratzen dena. Bere gobernu-organoak 3 dira: Batzar Nagusia, 158 herrialde biltzen dituena; Kontseilu Betearazlea, 35 herrialderekin; eta Idazkaritza Nagusia. Erakundeko kide diren herrialdeez gain, elkartutako herrialdeak ere izango dira bilera horretan; 45 guztira.