Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hamabi udalerritako udaltzaingoetako 130 agente prestatuko ditu gaurtik aurrera

Arkaute

2018.eko urtarrilak 02

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak gaur eman dio hasiera deialdi honetako 75 izangaien prestakuntza-ikastaroari. Harekin batera izan ziren Udaltzaingoaren lehen LEP bateratuan parte hartu duten udaletako ordezkariak ere.Gainera, Bilboko Udalak egindako hautaketa-prozesuko beste 55 agentek ere hartuko dute parte uztailera arte, zazpi hilabete, iraungo dituen prestakuntza-ikastaroan.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia irakinaldi betean dago Ertzaintzan eta udaltzaingoetan sartzeko prestakuntza-ikastaroekin. Arkauten joan den urriaren 16an sartu ziren bost udalerritako 41 udaltzainei eta 26. Promozioko 298 ertzain izangaiei, orain batuko zaizkie proba teorikoak eta praktikoak gainditu ondoren dagozkien udalerrietan udaltzain-lanetan hasi aurretik Akademian zazpi hilabeteko prestakuntza egingo duten 130 gizon-emakume.   

Horietako 75 izangai Udaltzaingoaren lehen LEP bateratukoak dira, hamabi udalen kudeaketa-aginduaren bidez gauzatu ahal izan dena. Abadiño (2), Arrasate (5), Arrigorriaga (1), Bilbo (25), Basauri (3), Galdakao (3), Getxo (14), Mungia (2), Santurtzi (8), Pasaia (3), Zarautz (6) eta Zumaia (3) dira udal horiek.

Hautaketa-prozesuari ekin aurretik, udal bakoitzak Lan Eskaintza Publikoan deituko zen plaza-kopurua onartu eta argitaratu zuen, euren udal-eskumenak erabilita.

Udaltzaingoaren lehen LEP bateratua osatzen duten 75 izangai horiekin batera izango dira ikasgeletan Bilboko Udalak egindako hautaketa-prozesutik ateratako beste 55 izangai. Bilboko Udaltzaingoaren izangaiek prestakuntza Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo duten lehenengo aldia izango da, eta Bilboko Udalarekin elkarlanean egingo da etorkizuneko udaltzainak prestatzeko pertsonala jarriko duenez.  

“Ertzaintzak eta udaltzaingoek osatzen duten Euskal Poliziaren belaunaldi berriak prestatzeko ari gara lanean", esan du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak.   

130 udaltzain berri horiek datorren uztailera arte egongo dira Arkauteko Akademian, eta uztailetik aurrera hamabi hilabeteko praktika-aldia hasiko dute dagozkien destinoetan.