Osasun sailburuari, Jon Darponi, elkarrizketa bat egingo diote Euskadi Irratiko "Boulevard" saioan

2018.eko ekainak 20

Radio Euskadi-ko “Boulevard” saioan Osasuneko sailburu Jon Darpón izan da gaur gonbidatua, eta bertan errepasatu ditu zuzentzen duen sailari dagozkion aktualitateko gaiak.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, Osakidetzako LEPei buruz galdetu zaionean adierazi duenez, “egoera hori argitu egin behar da eta horretan ari gara, erabateko gardentasunaz eta bizkortasunaz lanean”. Bestalde, azaldu duenez, kategoria guztien azterlan estatistiko bat egiteko eskatu zaio profesional independente bati, eskaintzen diren plazak konpetentzia handienak dituzten pertsonek betetzen dituztela bermatzeko. “Hasiera eman zaien espedienteetatik irregulartasunen bat ikusten bada, eskueran ditugun neurri guztiak hartuko ditugu; azterketaren bat errepikatu behar bada, errepikatu egingo da, eta delituzko kasuren bat ikusten bada, fiskaltzaren eskuetan jarriko da”, zehaztu du Sailburuak.

Darpónek nabarmendu duenez, ez dute zalantzan jarriko inoren profesionaltasuna eta "jardun egokia” benetako froga eraginkorrik ez dagoen bitartean. “Osakidetzak osasuneko profesional onenak ditu; hortaz, ez ditugu zalantzan jarriko inoren konpromisoa, profesionaltasuna ez eta zintzotasuna ere, kargu-frogarik ez dagoen bitartean”, azpimarratu du Darpónek.

UMETOKI-LEPOKO MINBIZIAREN PREBENTZIO PROGRAMA

Aste honetan aurkeztutako Umetoki-lepoko Minbiziaren Prebentzio Programari buruz azaldu du maiztasun handiena duten hiru minbizietako bat dela emakumeen artean eta, gainera, prebentzio-neurri bat duela, zitologia eraginkorra eta eskuragarria, alegia. “Europako 5 herrialdeetako bat izango gara 25-65 urte bitarteko populazioak % 100eko estaldura izango duena, umetoki-lepoko zitologia bezalako prebentzio-neurri batekin”, adierazi du Sailburuak.