Osakidetzan beren plazari dagokion hizkuntza eskakizuna betetzen duten langileen ehunekoa boskoiztu egin da 15 urte baino gutxiagoan

2018.eko martxoak 21

Hiru bosturteko igaro dira Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 67/2003 Dekretua onetsi zenetik; bertan, 45 urtetik beherako 10 profesionaletik ia 8k beren lanpostuei dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatu dute

 

Osakidetzan beren lanpostuei dagokien hizkuntza-eskakizuna betetzen duten langileen ehunekoa boskoiztu egin da, hiru bosturtekoan; 2005ean % 7,68k zuen egiaztatuta eta, 2017an, % 37,9k. Era berean nabarmentzekoa da hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten langileen proportzioa, 2017aren amaieran, % 77koa dela, 45 urtetik beherako pertsonen kasuan.

Gaur eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak datuen berri, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua onetsi den 15. urteurrenean.      

Maria Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusiaren iritziz, dekretu hura oso garrantzitsua izan zen eta, gaur egun, datu horiek egiaztatzen dute benetako aurrerapena egon dela denbora-tarte honetan, eta hori, neurri handi batean, Osakidetzako langileek eginiko ahalegin handiari eta hartutako konpromisoari esker izan dela.

Múgicak gogorarazi du 2013-2019 Osakidetzako II. Euskara Planaren tarteko ebaluazioaren txostenak, oraintsu Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak berak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duenak, ordurako egiaztatzen zuela helburuak lortzeko orduan aurrerapen handia izan dela: alde batetik, euskararen presentzia eta erabilera bermatzea zerbitzu-hizkuntza, ahozko eta idatzizko hizkuntza gisa, bai kanpo-harremanetan, bai barne-harremanetan. Eta, bestetik, euskara lan-hizkuntza bilakatzea, baldintza egokiak betetzen diren zerbitzu eta unitateetan.

Horrela, txosten horrek ondorioztatzen zuen zerbitzu-erakunde gehienetan beren lanpostuei dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta zeukaten langileen ehunekoa arreta eskaintzen duen lurralde-eremuko biztanleria elebiduna baino altuagoa dela, eta 200.000 pertsonak baino gehiagok euskara aukeratu dutela lehentasun-hizkuntza gisa euskal osasun-zerbitzu publikoarekin harremanetan jartzeko. Pazienteek euskararen erabileraren eta presentziaren gainean duten gogobetetze-maila globala 6,4koa da, 0tik 10era bitarteko eskalan.

Osakidetzako zuzendari nagusiak nabarmendu nahi izan du hori lortzeko erritmoa etengabea eta mailakakoa izan dela.

Duela hamabost urte onetsi zen 67/2003 Dekretuaren bidez, Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautu zen. Arau horrek gutxieneko helburuak, lehentasunak eta oinarrizko neurriak ezarri zituen, erakundeko erabiltzaileen eskubideak, Euskadiko Osasun Antolamendurako 8/1997 Legearen 10. artikuluan deskribatzen direnak (“osasun-zerbitzuekin harremanetan dauden pertsonen identitatea, duintasuna eta intimitatea”), hizkuntzari dagokionez, errespeta daitezen.

67/2003 Dekretua indarrean sartu ondoren, Osakidetzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Lehen Plana garatu zuen, 2005aren eta 2011ren artean, eta, gero, bigarren plana deritzona. Bigarren plana 2013ko abenduan sartu zen indarrean, eta 2019an amaituko da. Bi planak hiru funtsezko printzipiotan oinarritzen dira: erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak errespetatzea; enpatia eta komunikazio argia eta hurbila –pertsona erdigune duena eta bere hizkuntzan garatzen dena–, osasun-zerbitzuaren kalitate-zeinu gisa; eta helburuak ezartzeko progresibitatea.

 

Gasteiz, 2018ko martxoaren 21ean