Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Nekazaritzako elikagaien Euskadiko 150 eragiletik gora bildu dira lehen Uvesco Foroan, hemengo produktuen kontsumoa sustatzeko

image00005.jpeg

2018.eko apirilak 25

  • Euskadiko nekazaritzako elikagaien balio-kate osoa elkartzeko antolatu du topaketa Uvesco Taldeak, eta, horrekin batera, lan-eremuaren, ingurumenaren, bertako ekonomiaren eta gizarte-zaintzaren garapena sustatzeko.
  • Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak amaiera eman dio ekitaldiri. Bertan, nekazaritzako elikagaien merkatuaren egoera, joerak eta bilakaera aztertu dira.

Uvesco Taldeak lehenbiziko Uvesco Foroa egin du gaur arratsaldean. Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektoreko 150 eragile baino gehiago elkartu dira ekitaldian, merkatuaren egoera, joerak eta bilakaera aztertzeko. Euskadiko nekazaritzako elikagaien balio-kate osoa elkartzeko antolatu du topaketa Uvesco Taldeak, eta, horrekin batera, lan-eremuaren, ingurumenaren, bertako ekonomiaren eta gizarte-zaintzaren garapena sustatzeko.

Foroan hizlari aritu dira Jose Ramón Fernández de Barrena, Uvesco Taldeko zuzendari nagusia; Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Gema del Castillo, Nielseneko Retailer Services Managerra, eta Ion Uranga, Uvesco Taldeko Tokiko Produktuen Garapeneko burua.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek amaiera eman dio ekitaldiari azpimarratzen "funtsezkoa dela elikagaien balio-kate osoko partaideen lankidetza ekonomiaren hazkuntza sustatzeko eta, horren bitartez, aberastasuna eta enplegua sortzeko, horiek baitira Euskadin nekazaritzako elikagaien sektore lehiakorrago eta jasangarriago baten aldeko ekimenaren xede nagusiak".

Uvesco Taldeko zuzendari nagusiak, Jose Ramón Fernández de Barrenak adierazi duenez, "hemengo ekoizleekiko konpromisoa da BM Supermerkatuen eta Super Amararen filosofiaren zutabeetako bat, eta Uvesco Taldea sortu zenetik eusten diote". "Guretzat —esan du—, ez da moda bat bezeroei ingurune hurbileneko produktuak eskaintzea: gure DNAn daukagu. Euskal ekoizleei laguntzea dugu helburu, eta, horrekin batera, lehen sektorearen eta bertako ekonomiaren alde ahalik eta indar gehiena biltzea. Hemengo produktuak sustatzeko asmo irmoa dugu; izan ere, benetako bideragarritasun ekonomikoa eskaini nahi diegu ekoizleei, eta kalitateko produktuak kontsumitzaileei".

Filosofia horri jarraikiz, 180 milioi euroko inbertsioa egin zuen Taldeak 2017an hemengo ekoizleei produktuak erosten. Bestalde, lehen sektoreko 400 ekoizlerekin ez ezik, beste zenbait eragilerekin ere harremanetan jarduten da; besteak beste, Idiazabal Jatorri Deiturarekin, Gorbeiako artzainekin eta LARSABI abeltzainen elkartearekin. Nabarmena da, beraz, Taldeak lehen sektorearen eta bertako produktuen alde duen jarrera. Lankidetza horri esker, hemengo denden % 90ek saltzen dituzte beren inguruko nekazaritzako ustiategiek zuzenean hornitutako frutak eta barazkiak. "Hemengoak dira saltzen ditugun letxugen % 83 eta kalabazen % 100; Kantaurikoa da saltzen dugun legatzaren % 100, eta hemengoa da gure dendetara iristen den txahalkiaren % 86", azaldu du Fernández de Barrenak.

Zenbait datu Uvesco Taldeaz

Iberiar penintsulako iparraldeko elikagai-banaketako enpresa nagusietako bat da Uvesco Taldea: 220 supermerkatu ditu (BM Supermerkatuak eta Super Amara deiturapean guztiak) eta 4.452 langile. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Kantabrian, Errioxan, Madrilen eta Avilan egiten du lan, eta erreferentzia garbia da, bere ingurunean, aberastasunaren eta balioaren sorrerari dagokionez.

Hauek dira Taldearen zutabe nagusiak: zerbitzuaren bikaintasuna, produktu- eta marka-aukera zabala, eta produktu freskoa. Tokian tokiko ekoizleen alde egiten du helburu horiek lortzeko. Hartara, produktuen kalitatea eta freskotasuna bermatzen ditu, eta tokiko ekonomia sustatzen.