Lehendakariak Gobernuko ekintzaren balantzea egin eta etorkizuneko erronka nagusiei helduko die Politika Orokorreko Osoko Bilkuran

2018.eko irailak 18

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldi bat egin du gaur eguerdian Gobernu Kontseiluan heldu zaizkien gaien kontu emateko.

Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak jakinarazi duenez, ostegun honetan izango da Legebiltzarrean Politika Orokorreko Osoko Bilkura, “garrantzizko bilera agenda politiko eta instituzionalean”, adierazi du. Hala, datorren ostegunean, Lehendakariak bere jardunean hizpide izango dituen gaiak ezagutzera eman ditu: oraingo ingurunearen eta koiunturaren ikuspegi orokorra; Gobernuko ekintzaren balantzea legealdiaren erdian; eta etorkizuneko erronka nagusiak.

Ingurunearen ikuspegi orokorrari buruz, Eusko Jaurlaritzak eusten dion Giza Garapen Jasangarriaren eredua aipatu du Erkoreka bozeramaileak. Oinarri horretatik abiatuta, sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza ziurgabetasun eta ezegonkortasun ekonomikoa, politikoa eta soziala nagusi diren testuinguru batean ari da. Nahiz eta, azpimarratu duenez, “Euskadi errealismoz eta erantzukizunez ari zaio egoerari aurre egiten, etorkizuneko erronkei lankidetzatik erantzuteko behar diren aldaketei ekinez”.

Gainera, legealdiaren erdian Gobernuko ekintzaren balantzea aipatzean, Gobernu Programaren betearazpen-maila handia erakusten duela azpimarratu du bozeramaileak. Erkorekak, adibide gisa, ekintza hauek aipatu ditu: Programa Eragilea % 100ean gauzatu izana (175 Konpromisoak eta 655 ekimenak); 3 lege-proiektu onetsi izana, Legealdiko Egutegia osatzen duten 28etatik (beste 16 tramitatzen ari dira); 15 Plan Estrategiko eta sailetako 45 Plan onetsi eta abian jarri izana; eta 2018rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoak onetsi izana.

Etorkizuneko erronkak direla-eta, Eusko Jaurlaritzak datozen hilabete hauetan abian jarriko dituen ekimenen berri eman du Erkorekak. Hala, azaldu duenez, Hazkunde Jasangarriaren eta Giza Garapenaren eremuan, ekonomia suspertzen jarraituko dute enplegu gehiago eta hobeagoa bultzatzeko. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eremuan, garrantzi berezia izango duen ekimen bat planteatuko dute Soldata Arrailaren aurkako Estrategiarekin, baita 2019-2020 Plan Eragilea ere. Eta, Bizikidetza eta Giza Eskubideak arloan, azpimarratu duenez, saiatu egingo dira terrorismoaren biktimekin elkarrizketan, lankidetzan eta akordioan sakontzen, Bertizeko Aldarrikapenaren aurreikuspenak sustatzen, Memoriaren politikak eta, zehazki, Memoria Historikoarenak lantzen jarraitzen, eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen erronka sortu berriei erantzutera bideratutako ekimenak abian jartzen. Ekimen horiek Politika Orokorreko Osoko Bilkuran zehaztuko ditu Lehendakariak.

Autogobernuaren erronka, Erkorekaren arabera, osteguneko Osoko Bilkuran Lehendakariak hizpide izango duen beste gaietako bat izango da. Horren haritik, sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna dela aurrerapausoak ematea Gernikako Estatutua, “Autogobernu aintzatetsia” osorik bete dadin. Gainera, adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak laguntzen jarraituko du dagoeneko lortutako akordioak zabaltzea berekin ekarriko duen giroa sorrarazteko helburuz.

“Oraingoak baldintza egokiak dira gure Autogobernua arrakastaz eguneratzeari ekiteko, proposamen instituzional bideragarri bat adosteko, garai hautetara eta gure Bizikidetza aurre egiten ari zaizkion erronketara egokitua”, esanez amaitu du.

"2018ko Politika Orokorrari buruzko Eztabaidaren Lehendakariaren hitzaldiko FUNTSEZKO ILDOAK"

FORUPEKO EGOERAK

Forupeko egoerei galdetuta, Erkoreka Sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritza forupeko egoera guztiak ezabatzearen aldekoa dela. Hala, Gobernu Zentralak halako egoerak ezabatzeko asmoa adierazi beharko lukeela azpimarratu du.

Gai ordena

Prentsa dossierra